- Zirkulua itxi du Sara Zozaya abeslariak. Bere bigarren EPak, I, lehenengoari, III, erantzun egiten dio, nolabait orain dela pare bat urte hasitako ibilbidea, 2020an bukatuz. Bere opera primaIntro batekin hasten da; bere azken lana, aldiz, Owltro batekin bukatzen da. Are gehiago, diptikoa izendatzeko garaian ere, zentzu “sinbolikoa” eta “geometrikoa” eman nahi izan du Zozayak. III-k “dispertsioa esan nahi du” eta hori eraldatzean, “unifikazioa” dator: I.

Abeslari eta multi-instrumentalista donostiarrak Jazzaldiko Frigo Espazioan aurkeztuko du gaur bere azken lana, Antton M. Goikoetxea eta Asier Renteriarekin batera. Donostiako jazz jaialdia euskal talde gazteentzat bozgorailua dela dio Sozayak: “Curriculumerako oso garrantzitsua da. Jaialdiaren garrantziari esker atentzio handia lortzen duzu. Gainera, hainbeste jende erakartzen duenez, badakizu kontzertua egiteko momentuan entzuleak hor izango dituzula”.

Bere lehenengo EPa “aukera pertsonala izan zen”, alegia, proiektu pertsonal batean hasteko modu bat. Bigarren hau, ordea, Rockein sariketari esker atera ahal izan du, eta EPa izatearen beharra oinarrietan jasotzen zen. Halere, donostiarrak lan luzearen aldeko apustua ere egin nahiko luke. “Saria irabazi izan ez banu, ziurrenik, LPa aterako nuen, edo binilo bat abesti gehiagorekin. Hori da hurrengo helburua”, azaldu du Zozayak, eta segidan gehitu du baduela horretarako behar haina material: “Bi EPak ziklo beraren parte direla uste dut; gerora etorriko dena, bi hauekiko ezberdina izango da”.

“Esperantzarekin kontrastea egiten duen iluntasuna” du I lanak, aurrera egiten duen iluntasuna. Duela dezente, elkarrizketa batean bere estiloa zein zen galdetu zioten Zozayari. Honek “darky winky” bezala definitu zuen. Eta zer da darky winky? Iluntasun polit edo moñoño bat. “Bilgarri polit batean bildua dagoen iluntasuna da”, deskribatu du.

Bere lan berriak sei abesti ditu eta Benito Lertxundiren kolaborazioa ere izan du, zehazki, Benetan abestian. Zenbait proiektuetan hala tokatu eta Zozaya eta Lertxundi hurbilekoak dira, ez du, beraz, parte hartze hau eskatzeko oztoporik izan: “Kolaboratzeko baiezkoa eman zidan, musikak zeozer berezia zuela uste baitzuen, baita iluntasun hori ere. Gauza polit batzuk esan zizkidan eta pozik graitu nintzen”.

Artista gehienak bezala, konfinamendu garaian “momentu zailak” bizi izan dituela aitortu du. I-en aurkezpen birarekin hastekotan zela iritsi zen pandemia. Orain, gutxika kontzertuetara itzultzeko aukera badu, baina dioenez “oso bestelako” bira izango da. Pasa den asteburuan Bergaran eta Larrabetzun jo zuen; gaurko emanaldiaren ondoren, Bermeon izango da datorren ostiralean. Halere, datak adostuta izatea ez da gaur egun ezeren bermea, dio, birusa berragertzeko aukera dago eta borroka “luzerako doa”. “Sentsazio arraroak izan nituen, eta oraindik ere baditut”, esanda amaitu du publikoaren esperientziari erreferentzia eginez.