- COVID-19aren pandemiak behartuta edizio murriztua izango da hilaren 22an hasiko den Jazzaldia Bertan, Iñaki Salvador piano-jotzaile donostiarrak jasoko du aurtengo Donostiako Jazzaldia saria, Chano Dominguez piano-jotzailearekin eta Jorge Pardo flauta eta saxo-jotzailearekin batera.

Jazzaldiak atzo jakinarazi zuenez, "musika ibilbide bikainak egin dituztelako eta kontinenteko jazz musikari ospetsuenen artean daudelako" eman diete saria hiru artista hauei.

Donostiako Jazzaldia saria urtero banatu ohi da jazz musikaren alorrean egindako ibilbidearen "bikaintasuna" aitortzeko; aurreko edizioetan jaso dutenen artean daude, besteak beste, Keith Jarrett, John Zorn, Herbie Hancock, Chick Corea, Hank Jones, Max Roach, Elvin Jones, Clark Terry, Bebo Valdes edota Wayne Shorter.

Iñaki Salvador donostiarra euskal jazzaren erreferentea da, zinemarako, telebistarako eta antzerkirako soinu-banden egilea ere bada, eta eragin handieneko jazz-taldeetako kidea, baita artista handi askoren ohiko kolaboratzailea ere, horien guztien artean Mikel Laboarekin izan zuen lotura estua nabarmentzen delarik. Perico Sambeat, Allan Skidmore, Jean Toussaint, Javier Colina, Mario Rossy, Charles Tolliver, Raynald Colom, Mikel Andueza, Gonzalo Tejada, Joaquín Chachón eta Alvin Queenekin ere lan egin du.

Aurtengo edizioan Salvadorrek bi kontzertu eskainiko ditu, hain zuzen ere beste bi saridunekin batera. Hilaren 23an, Kursaaleko agertokia zabalduko du Chano Dominguezekin bikotea osatuz, eta 25ean Victoria Eugeniako tranpaldora igoko da Pardorekin, Gonzalo Tejada kontrabaxu-jotzailearekin eta Borja Barrueta bateria-jotzailearekin.

Pardo flautista eta saxofoi jotzaileari dagokionez, beste hainbaten artean Chick Corea, Paco de Lucia, Camaron, Tete Montoliu eta Wagner Tiso musikariekin kolaboratu izan du, eta askoren iritzian "Europako jazzlaririk indartsuenetako bat eta flamenko musikarien artean berritzaileena" omen da.

Pardo uztailaren 24an, ostiralean igoko da Trinitate Plazako taulara, Carles Benavent baxu-jotzailearekin eta Tino di Geraldo bateria-jotzailearekin.

Chano Domínguez piano-jotzailea Donostiako jazz jaialdian klasiko bihurtu da, zazpi aldiz jo baitu 1995ean lehen aldiz gurean agertu zenetik. Nazioarte mailan hainbat sari eta omenaldi jaso ditu, eta Enrique Morente, Paco de Lucia y Martirio, Herbie Hancock, Jack DeJohnette, Wynton Marsalis eta Stefano Bollani bezalako musikariekin batera jo izan du. Aurtengo edizioan, Salvadorrekin egingo duen agerraldiaz aparte, hirukote formatuan ere emanaldia eskainiko du Trinitate plazan, uztailaren 22an, Horacio Fumero (kontrabaxua) eta David Xirgu (bateria) musikariekin batera.

Uztailak 22. Chano Domínguez, Horacio Fumero eta David Xirgu, Trinitate plazan, 21.00etan.Uztailak 23. Iñaki Salvador eta Chano Domínguez, Kursaalean, 18.00etan.

Uztailak 24. Jorge Pardo, Carles Benavent eta Tino di Geraldo, Trinitate plazan, 21.00etan.

Uztailak 25. Iñaki Salvador, Jorge Pardo, Gonzalo Tejada eta Borja Barrueta, Victoria Eugenian, 12.30ean.