- Portuak izeneko eleberria argitaratu du Oihana Arana idazleak (Eskoriatza, 2001). Bertan, neska gazte baten bizimodua aztertzen da, tartean pertsona batek noiz uzten dion haur izateari eta eta noiz egiten den heldu bezalako zalantzak azaleratuz. Hala definitzen du Aranak protagonista: "Ilargi nerabezaroko munstro askoren pertsonifikazioa da. Galdera zatiekin sortutako pertsonaia, erantzunik aurkituko ez duela jakinagatik, erantzun bila dabilena. Galdera guztien erantzunak beste galdera batean hasten direla ikasiko du pixkanaka".

Aurkeztu berri dena bere aurreneko liburua bada ere, aspalditik dago sormen eta kulturaren munduan sartuta Arana. Bederatzi urterekin hasi zen bertso-eskolan, eta harrezkeroztik hainbat plazatan aritu izan da. Beranduago, nerabezaroan, hots, 15-16 urte zituela, ipuingintza eta olerkigintzarik ekin zion, harik eta 2019. urtean Urruzunotarrak gehituz literatura ekimenean parte hartu zuen arte. Bertan, sarituetako bat izan zen zen, horren harira Fernando Morillo idazlearen deia jasoz, eta, hartara liburu bat idazteko aukera lortuz. "Gogoan dut ezinezko proposamen bat zela esan zidala, epea gertu samar zegoelako eta€ baina gainerako kideen eta Fernandoren laguntzaz posible izan da", aitortu du Aranak.

Nerabetan gustura irakurriko lukeen istorioa idazteko intentzioa zuen idazle eskoriatzarrak. Prozesuan zehar gorabehera asko izan ditu, denbora-tarte luzeak ezer idatzi gabe igaroz. Alabaina, azkenean egin nahi zuen hori lortu egin du, erritmoan arreta jarriz bereziki: "Arina izatea nahi nuen, irakurterraza, alabaina, sinpleegia izateak beldurra ematen zidan. Alderdi horretatik, benetan nahi nuen moduko liburua atera dela esango nuke, arina baita, baina ez sinplea. Egiturari dagokionez, nahiko lineala dela esango nuke, haria galtzea zaila da. Baina era berean, lortu dut nolabaiteko borobiltasuna ere".

Bere sormen-esperimentazioarekin bat, Aranak Ilargi liburuko protagonistari bizitza birtuala eraiki dio Instagram kontu baten bidez. Modu horretan, eleberria gaur egungo nerabeengandik gertuago egotea lortu nahi du.

Gauzak horrela, kontuak bi zati ditu: alde batetik, profil orokorrean, astean behin hiru argazki igotzen dira, lehenengoa pertsonaia batena, bigarrenean pertsonaiak berak idatzitako zerbait agertzen da, eta, hirugarrenean pertsonaiarekin loturiko objekturen bat. Bestetik, stories direlakoak baliatuz, istorioan jorratzen diren gaiak irakurleengana beste modu batean irits daitezen, inkestak burutzeko, galderak egiteko eta zuzenean txatea-tzeko aukera ematen da.

Aranak lehenago aipatu bezala liburua "ezinezko" batetik sortu zen. Hainbat hilabete beranduago, proiektu bat zena errealitate da dagoeneko. "Posible da, bai. Posible da inposibletzat, eginezintzat, ia ametstzat geneuzkan kontuak egitea, ez da erraza, bi lan daudelako atzean: batetik, posible dela onartzea eta bestetik, egitea. Baina lortu daiteke", adierazi du eskoriatzarrak. Momentuz pozik dago Portuak lanarekin, eta etorkizunera begira, jarrera irmoa izango duela iragarri du: "Gustura gelditu izanaren segurtasunarekin ekingo diot etapa berri honi, baina badauzkat badaezpadako sareak eta besoak".