Rike (Bilbo, 1978) lan kontuengatik Madrilen bizi den ingeniari industrial eta mekanikoa da. Enpresa munduan murgilduta egon da betidanik, eta hura islatu nahi izan du eleberri honetan.

Hamar urteko proiektua izan dena, orain urte eta erdi argitaratu zuen gazteleraz Último Destino izenarekin, eta orain, Iraitz Urkulo itzultzaileak euskaratu du. Nahiz eta eleberri beltzen esparruan kokatu, Patuaren zurrunbiloan zientzia-fikziozko liburu bat ere bada; izan ere, bertan, maitasuna, abentura, drama, zientzia fikzioa eta beldurrezko pasarteak ere topatuko baititugu.

Rikek azpimarratu zuenez, nahiz eta orokorrean estilo honetako liburuak Estatu Batuetan kokatzen diren, berak nahiago izan omen du Euskal Herriko kaleetan kokatu: Donostian, Eibarren, Pasaian, Deban edota Mungian.

Idazleak azaldu bezala, Asier Escribano protagonista "boterea eta prestigioa eskuratzeko grinak bultzatuta, edozer egiteko prest egongo da bere helburua lortzeko." "Ondorioak neurtu gabe, bide korapilatsu eta beldurgarrienetan barrena abiatuko da, bere burua hainbat ekintza kriminaletan nahasita topatu arte", esan zuen Rikek.

Escribano aurkezteko, "hasieran enpatia sentitzeko zaila" den eskrupulurik gabeko pertsonaia zela esan zuen, "nahiz eta istorioan aurrera egin ahala maitatu eta konprenitzen den". Ingeniari tekniko eibartar honek etorkizunean gertatuko den erailketa baten berri jakingo du erritu baten bidez. Hura saihesten ahaleginduko da eleberri guztian zehar.

Esan bezala, eleberri osoan zehar enpresa munduko elementuak oso presente daude. Izan ere, beste zenbaiten artean, "konpetentzia, anbizioa, grina edo optimizazioa" bezalako kontzeptuak maiz aipatzen baitira hainbat egoera ezberdinetan. Bestalde, irakurlearen eta protagonistaren artean sortzen den lotura ere azpimarratu nahi izan zuen idazleak: "batak zein besteak, liburuko beste pertsonaien ezjakintasunean dauden hainbat informazio partekatuko dituzte".

Bukatzeko, eleberria zinemara eramateko desioaz ere hitz egin zuen; dagoeneko produktoreren bat baino gehiagok interesa azaldu omen dio. Inolaz ere, argi utzi zuen proiektu zaila iruditzen zaiola. Istorio berean oinarritutako filma eta liburua zeinen ezberdinak izan daitezkeen azaltzeko, Stephen Kingen El resplandor filmaren adibidea erabili zuten bai Rikek eta bai Aldekoak.

Egilea. Iker G. Rike 1978an jaio zen Bilbon. Ingeniaritza mekanikoan eta industrialean diplomatua da

'Patuaren zurrunbiloan' Erein argitaletxeak argitaratuta. 496 orri ditu. Prezioa: 22 euro.