Hamar urte Xabier Lete poeta eta kantautore oiartzuarra hil zela. Urtemuga horrekin batera iritsi da bere ibilbideari omenaldia egiten dion Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria liburua, Alex Gurrutxaga euskal literaturan doktoreak eginiko saiakera. Alberdania argitaletxeak kaleratu du eta dagoeneko salgai dago liburu-dendetan. Bestalde, formatu elektronikoan, bihar eskuratu ahal izango da argitaletxearen webgunean.

Alex Gurrutxagak Xabier Leteren obrari buruzko tesia egin du Euskal Herriko Unibertsitatean: Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat (2020). Lehenago ere bazuen esperientzia poetaren ibilbidearekin, izan ere, 2013-2016 bitartean Xabier Leteren Funtsa sakonki aztertu baitzuen. Gainera, aurten Joana Otxoa de Alaizarekin batera Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria eskuratu du Aberriaren kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat egitasmoarekin.

Orain, doktore tesi horretako materiala oinarritzat hartuta saiakera bat sortu du. "Xabier Leterekin mahai baten inguruan bazeunde bezala sentitzen zara irakurtzerakoan", azaldu zuen atzo liburuaren aurkezpenean Jorge Giménez Alberdaniako editoreak. "Xabier Leteren obra irakurtzeko edo berrirakurtzeko gonbidapena da", gehitu zuen Giménezek.

Lete erreferentea da olerkigintzan eta kantagintzan, baina baita herrigintzan eta beste hainbat alorretan ere. Saiakera honetan, Gurrutxaga "figura erraldoi" horren alderdi ugari lantzeaz arduratu da. "Konplexutasun horrek saiakera testuari eragin dio", azaldu zuen Gurrutxagak. Horrela, Leteren obra bere biografiarekin eta bere bizi-tzako peripeziekin harremanetan jarri du.

"Badaude, baita ere, Leteren pentsamenduaren inguruko elementuak: zer filosofia zeukan, zer ideia zituen, eta ideia horiek nola aldatzen zihoazen", adierazi zuen idazleak.

Liburuak hiru atal nagusi ditu, kronologikoki antolatuta. "Hiru kapitulu nagusi horietako bakoitza pieza askorekin osatuta dago, baina kronologia hori mantenduz, irakurlea 40 urteko ibilbide horretan zehar eramaten duelarik", azpimarratu zuen Gurrutxagak.

Leteren ibilbide poetiko eta musikala ulertzen laguntzen duten 21 poema eta abesti dakartza liburuak, kasu batzuetan diskoen edota liburuen azalarekin. Gainera, Leteren material argitaragabeak ere badu bere presentzia. "Orain arte ezagu-tzen ez ziren zortzi zati ekarri ditugu liburura; pasarteak, azalpenak eta baita poematxoren bat ere", azaldu zuen Gurrutxagak.

Liburu-dendetan. Alex Gurrutxagak Xabier Leteren ibilbideari buruz idatzitako 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' liburua salgai dago dagoeneko liburu-dendetan, 18,50 euroren truke.

Formatu elektronikoan. Nahi duenarentzat formatu elektronikoan eta erdi-prezioan eskuragarri egongo da bihar, egun osoan, www.alberdania.net webgunean.