- Zure aforismoen artean honako hau topatu dut: "Idatzi, ea zer gertatzen den". Hori al da orri zuriaren aurrean pentsatzen duzuna?

-Bai. Idatzi beharrekoa aldez aurretik pentsatu eta programatzen duzu, baina azkenean orriaren aurrean jar-tzen zarenean hitzak agintzen du. Horrek zerikusia du, noski, bakoitzaren barne egoerarekin, baina hitzak agintzen du. Oteizak esaten zuen ume bat bezala jartzen zela hitzak bata bestearekin lotzen hasten zenean, jakin gabe horrek guztiak zer esan nahiko zuen.

Hurrengoak horrela dio: "Idatzi, ez efektuaren esklabo, efektuaren liberto gisa baizik".

-Idazleen artean eta, oro har, idazterako garaian irakurlearengan efektu bat bilatzen da. Baina horrek esklabo bihurtzen bazaitu, idatzitakoak ez du funtzionatuko. Hortik askatu egin behar duzu, nahiz eta, azken finean, norbaitentzako idazten duzun. Esaten da beti irakurle birtual bat izaten dela idazlearen buruan, baina horrek eskuak lotzen badizkizu erreka geldiarazten saiatzea bezala izango li-tzateke.

Laugarren aforismo liburua da 'Noiz arte arrazoi'. Zer egiten zaizu erakargarri?

-Pentsamenduarekin jolastu edo sartu-irtenak egiteko modu egokia iruditzen zait. Jakina, pentsamendu sistematikoak eta elkarrekin lotutako pentsamenduak filosofiak etengabe landu ditu. Lehenengo filosofoak ia-ia aforismo egileak, aforistak izan ziren, Heraklito eta Demokrito , kasu. Platon eta, bereziki, Aristotelesekin sortu ziren pentsamendu sistematiko handi horiek. Baina, hor jarraitu du generoak etengabe gaur egun arte.

Kontatu izan duzu Hipokratesen aforismoekin maitemindu zinela genero honekin.

-Ezagutzen nituen, bai, baina Hipokratesen itzulpen bat egin nuelako sartu nintzen aforismoen munduan; txundituta geratu nintzen. Testu sintetikoak egiteko joera izan dut beti, haikuak esaterako. Itzulpenean ari nintzela konturatu nintzen generoak aukera asko eskaintzen zituela eta oso gustura lantzen dut.

Aforismoen idazketa ariketa aktiboa da zuretzat? Alegia, orri zuriaren aurrean esertzen zara edo, ai-tzitik, otutzen zaizkizunean oharretan idazten dituzu gerora lantzeko?

-Nire kasuan behintzat oharrak erabiltzen ditut. Orain mugikorrekin errazagoa egiten zait, lehenago paper muturrak betetzen ibiltzen nintzen, edozein bazterretan; autoa gelditu eta oharra hartzera! (barreak). Liburu hau egiteko uda osoa pasa nuen etxean nituen paper mutur guztiak ordenatzen. Asko geratu zaizkit bidean.

Beste liburu batentzako, akaso.

-Bota ere egin behar dira (barreak). Gehienak bota egin behar dira, norberarentzat bakarrik direlako erakargarriak; irakurle birtual horrengan pentsatu behar duzu. Den-dena ez zaio interesatuko, seguru asko. Orain telefonoan edozein momentuan apuntatzeko aukera duzu. Nire sistema hori da. Horiekin, eseri eta forma emateko garaian, askotan, hitz baten bila denbora piloa pasatzen dut, bueltaka eta bueltaka. Aforismo asko liburuetatik kanpo geratzen dira behar dudan hitza topatu ez dudalako; egunen batean etorriko da edo ez (barreak).

Aforismoak pentsamenduaren jolasak direla diozu, baina saiakera oso laburrak ere badira.

-Oso laburrak, bai. Nire kasuan aforismo batzuk kanpoan geratu dira garapen bat behar zutela pentsatzen nuelako, eta garatzerakoan orrialde erdia hartu dutelako. Saiakerari gonbita egiten dio aforismoak. Gainera askotan, kontrakoa esateko probokazio moduko bat da, enbido moduko bat: nik hau esaten dut eta zuk kontrakoa, ñabardurak ez dira amaitzen. Beste idazleek idazten dutenarekin jolasean ibiltzen naiz, haien aforismoren batetik nik neurea egiten dut. Baina batzuetan topatzen dituzun zenbait aforismorekin berehala konturatzen zara ezin direla ukitu, unibertsalak direlako. Karlos Linazasorok badu bat izugarria eta ukitu ezin dena: "Ni ere, gauzak asko aldatzen ez badira, egunen batean hil egingo naiz".

Twitter al da gaur egun aforismo iturri nagusiena?

-Twitter horretarako aukera polita da. Halere, nik ez dut erabiltzen. Ez naiz sare sozialetan gehiegi ibiltzen baina Facebookeko kontua badut, bere garaian norbaitek gonbidapen bat bidali zidalako. Aforismoak, bere motxean, badu horrelako harrizko izaera bat; aforismoa motza da, baina harri bat bezala geratu egin nahi du. Twitterren eta Facebooken haizeak aise eramaten ditu, ordea.

Sare sozialetan galdu egiten dira, beraz.

-Pentsamendurako eserialdi eder bat behar da, ez idazleak iraun dezan, baizik eta pentsamenduak berak iraun dezan. Sare sozialek ez dute hori ahalbidetzen, bertan oso pentsamendu arina garatzen baita; baina ez Calvinok zioenaren bidetik, baizik eta arinkeriari leku egiten zaiolako. Egia da oso gauza interesgarriak ere aurki daitezkeela. Sartzen naizenean, aforismo eta poema bila ibiltzen naiz eta ederrak topatzen ditut; gustatzen zaizkidanak hartu eta jaitsi egiten ditut, hegan joan ez daitezen.

Liburuaren izenburua Adam Zagajewskiren aforismo batetik hartu duzu. Hori da hurrengo galdera: noiz arte izan dezakegu arrazoi?

-Bi erantzun daude, Zagajaweskiren zentzuan eta zentzu orokorrean. Zagajaweskik "Aforismoak, ados. Baina noiz arte izan dezakegu arrazoi?" dio aforismoaren bidea itxiz, baina nik erantzun egin diot: "Halakoak idazten hasi aurretixe arte". Arrazoiak ez du aforismoa mugatzen. Aforismoa arrazoiaren munduan dabil baina etengabe hanka atera-tzen du, hondartzan gaudenean oina uretan sartzen dugunean bezala, probatzeko asmoarekin. Bestalde, noiz arte izan dezakegu arrazoi? Kontrako arrazoia aurkitu arte, zalantzarik gabe (barreak), eta arrazoia iristen ez den lekura arte.

Badirudi egungo gizartean arrazoia izatea garrantzitsuena dela, adibidez, lehen aipatzen genuen Twitterreko mundu horretan.

-Izan baino, badirudi arrazoiarekin ateratzea dela garrantzitsuena. Politikan ikusten da eta baita epaiketetan ere, eta hori sakratua izan beharko lukeen zerbait da: arrazoia nork du? Horrek, hasteko, arrazoia erabat prostituitu egiten du. Nik aforismoetan ez dut arrazoiaz haragoko zerbait planteatzen, beheragoko zerbait baino.

Koldobika Jauregik egin ditu liburuko ilustrazioak.

-Irudiak zoragarri gelditu dira. Irudien bidez egindako aforismoak dira, azken batean. Esan behar dut bion artean badaukagula oso estetika ezberdinetatik abiatzen den elkar-ulertze bat; badago konexio bat. Ea azala egingo zidan eskatu nion eta berebiziko irudi piloa bidali zizkidan. Emozioa antzematen da irudietan. Koldobikak ere arrazoiaren mugak planteatzen ditu, ukitu surrealista batekin.

Aforismo hauekin gai asko landu dituzu, baina ez dituzu sailkatu.

-Gauzak sailkatzeko joera bat badago, bereziki unibertsitatetik datorrena. Baina jubilatu nintzenetik kontu hori utzi dut (barreak). Aforismoak gutun azaletan eta paper-muturretan pilatuta dituzunean, gero nola antolatu? Ez ditut jaso ditudan ordenan antolatu; nolabait, konexio baten arabera izan da. Konexio arrazional bat baino gehiago, erritmo kontua izan da. Agian, batzuetan, gizarteari buruzko hamar aforismo egongo dira segidan, arnasak hori eskatzen zidalako; baina gero, agian, badator jainkoari buruzko bat, gero arteari buruzko beste bat... Liburuari errekaren bidearen antzeko forma eman nahi izan diot.

Idazteko prozesuari buruz, literaturari eta poesiari buruz ere badira zenbait aforismo.

-Aforismoari berari buruz ere badira, aforismo meta-aforistikoak dira (barreak). Normalean aforismoak idazten dituztenek, aforismoari berari buruzko gogoeta egiten dute eta oso gauza ederrak ikusten dira. Tartean etortzen zaizkit horrelakoak, zertan ari naizen pentsarazten didatenak. Zergatik kentzen ditut batzuk eta besteak utzi? Horrek, barru barruan aforismoa erabiltzeko modu bat eta aforismoen hala-moduzkoa definizio bat eskatzen du, eta horiek idazten joan naiz. Liburuaren amaieran, gainera, aforismoaren historia azaldu nahi izan dut, zenbait ezaugarri aipatuz.

Aforismoak baieztapen laburrak dira. Nola uste duzu irakurri behar direla, denak segidan, ala bata eta bestearen artean hausnarketarako lekua utzi behar da?

-Nik irakurri izan ditudanean, pixkanaka irakurri izan ditut, sortaka. Apaletan leku berezi bat daukat aforismo liburuentzako eta tarteka hartzen dut baten bat zatitxo txikiren bat irakur-tzeko. Halere, liburu berriren bat dudanean sortaka irakurtzen dut; oso laburra baldin bada nobelatxo bat bezala ere irakurri izan dut; gerora itzuli egiten naiz. Batzuetan aforismoak aukeratu egiten ditut. Idazleak bere sentsibilitatetik idazten ditu, sentsibilitate asko erabiltzen ditu, eta horietatik irakurle batengan batzuk edo askok interesa sortzen dute. Adibidez, zuri, kazetari gisa, idazteko prozesuari buruzkoak bereziki interesatu zaizkizu. Beste bati, auskalo zer egoera pasatzen ari delako, hiruzpalau aforismoek atentzioa deituko diote. Hau irakurtzeko beste modu bat da, niri izugarri gustatzen zaidana. Klasikoetan ere egiten dut, zatitxo bat irakurtze hori. Biblian esaterako, badituelako aforismoaren antzeko testu zoragarri batzuk; poesiarekin ere egiten dut... Barruak eskatu ahala egiten den zerbait da.

Aipatu duzun bezala, liburua 'Aforismoaren historia aforistiko laburra' deituriko atalarekin bukatzen da. Bertan, zenbait aforista aipa-tzen dituzu. Zein da guztietatik gehien maitatzen duzuna?

-Maitatuena? Besteak haserretu egingo zaizkit (barreak). Nire lehen liburua atera baino lehenago, Lichtenbergekin lan luzea egin nuen, denbora asko eman nuen bere obra potolo batekin. Harekin beste inorekin baino denbora gehiago pasa dut, baina Nietzscherekin ere buelta asko eman ditut. Lec poloniarraren ziztadak, esaterako, izugarriak dira. Berarekin ez dut hainbeste denbora pasa, baina berebiziko marka utzi dit. Michel Foucault eta moralistak deitzen diren aforista horiek ere, nola esango nizuke, aforismoak idazten erakutsi zidaten. Erroma garaiko Marcial eta Juvenalek epigramak idazten zituzten, aforismoak baino zertxobait luzeagoak; Senecak eta Marco Aureliok badituzte aforismora hurbiltzen diren esaldiak... horiekin ere denbora asko pasa dut. Horiek irakurtzen dituzunean konturatzen zara 2.000 urte pasa ondoren pentsamenduaren kontuan behintzat ez dugula ikaragarri aurrera egin (barreak).

Horrek klasikoen balioa frogatzen du.

-Garai historiko batzuek hainbeste eman dute! Baina, Angel Erro poetak esaten duen bezala, "dena esana dago, baina ez nik" (barreak). Aforismo biribila da hori, ukitu ezin daitezkeen horietariko bat.

"Pentsamendurako eserialdi eder bat behar da,

ez idazleak iraun dezan, baizik eta pentsamenduak berak iraun dezan"

"Aforismoak, bere motxean, badu horrelako harrizko izaera bat; Twitterren eta Facebooken haizeak aise eramaten ditu, ordea"

"Aforismoa arrazoiaren munduan dabil baina etengabe hanka ateratzen du, probatzeko asmoarekin"

"Bizitzeko pizgarria behar baduzu, agian hilik zaude"

"Oso eztia omen ur gazitan itotzea"

"Hiria oihana da. Animaliak kaiolatan daude. Eta kaiolaz kanpo dabiltzala sinetsia dute"

"Kapitalismoa bere burua suntsitzeko bidean dago, baina aurrena inguru guztian praktikatzen ari da"

"Elkarrekiko maitasuna txori bat da, hegan eusten dion aireak noiz huts egingo"

"Zehaztu behar denean agertzen da filosofiaren tragedia"

"Izatez libre gara baina ez liberatu"

"Balio sendotan oinarritutako gizarteek hainbat balio alde batera utzi ohi dituzte"

"Sentitzen ez dena sentitzera iritsi, zerbait desberdina sentitu nahirik"

"Benetako musu batek petalo baten ukitua du eta odolaren taupada"

'Noiz arte arrazoi' liburuko hamar aforismo