unduko zinema-jaialdi nagusien ospakizun fisikoarekin zer gertatuko den jakin bitartean, horietako asko, Zinemaldia tartean, YouTuben elkartuko dira We Are One: Global Film Festival egitasmoan. Hamar eguneko online jaialdia izango da, maiatzaren 29an hasita, eta programazioa doan egongo da eskuragarri.

Tribeca Enterprisesek ekoitzi eta antolatuta, 20 bat jaialdiren programazioa izango du, Cannes, Berlin eta Venezia barne, eta irabazi guztiak Osasunaren Mundu Erakundearen COVID-19ri Erantzuteko Funtsera bideratuko dira.

Zinemaldiak atzo jakitera eman zuenez, YouTuben soilik egingo den argitaratu gabeko filmen jaialdi honek "istorio-kontalarien nazioarteko komunitate bat bilduko du, jaialdiaren programazioa mundu osoko ikus-entzuleentzat doan aurkezteko".

Annecy, Berlin, Cannes, Guadalajara, Jerusalem, Karlovy Vary, Locarno, Londres, Macau, Marrakex, Mumbai, New York, Sarajevo, Sundance, Sydney, Tokio, Toronto, Tribeca, Venezia eta Donostiako Zinemaldiak arduratu dira, besteak beste, zinemazaleei "bozgorailu globala" eskura jarriko dien programazioaz.

Data iritsi aurretik zabaldu eta zehaztuko den programazioan film luzeak, film laburrak, dokumentalak, musika, umorea eta hitzaldiak eskainiko dira.

Donostiako jaialditik azaldu dutenez, "zinema-jaialdien funtsetako bat, artistek eta sortzaileek pertsonak batzeko eta konexio esanguratsuak sortzeko duten ahalmena da, eta mundua une hauetan horren premian dago".

We Are One: A Global Film Festival jaialdian, publikoak "ikuspegi berri baten bitartez kultura desberdinak ezagutu ahal izango ditu", eta, horrez gain, "tokiko komunitateei lagundu ahal izango die, pandemiak kaltetutakoei laguntzen dieten erakundeei zuzeneko dohaintzak eginez".

"Sarritan hitz egin ohi dugu, mugetatik eta desberdintasunetatik haratago, filmek pertsonak inspiratzeko eta batzeko duten ahalmenaz, sendabidea bailiran. Eta, une honetan mundu guztiak behar du sendatzea", adierazi du Jane Rosenthalek, Tribeca Enterprises eta Tribeca Film Festivalen sortzaile eta zuzendari exekutiboak. Halaber, We Are One: A Global Film Festival jaialdiak "programatzaileak, artistak eta istorioen kontalariak" batzen dituela azpimarratu du, "mundu osoko ikusleak entretenitzeko eta suspertzeko".

"Guztiok etxean geratzearen alderdirik berezi eta inspiratzaileenetako bat, elkartzeko eta ekitaldi bat pertsona bakar gisa esperimentatzeko dugun gaitasuna da, eta jaialdi hau horixe da, hain zuzen ere. Harrotasunez partekatu nahi ditugu eduki zoragarri hauek guztiak mundu osoko zinemazaleekin doan", esan du Robert Kyncl YouTubeko zuzendari komertzialak.

Istorioak plataforma ani-tzetan kontatzen dituen Tribeca Enterprises konpainia, 2003an sortu zuten Robert De Niro eta Jane Rosenthalek. Enpresa honen baitan entretenimenduko negozio-sare bat biltzen da, besteak beste, Tribecako Zinemaldia, Tribecako Telebista Jaialdia, eta baita entretenimendu-ekoiztetxea den Tribeca Studios ere.