Susa argitaletxeak gidatzen duen armiarma.eus webgunea aspermenari aurre egiteko botika egokia izan daiteke; izan ere, Klasikoen Gordailua izeneko atalean euskal literaturako klasiko ia guztiak aurki baitaitezke.

"Ez daude den-denak, baina euskal literaturako obra garrantzitsu guztiak, XX. mende bitartekoak, badaude", azaldu dio egunkari honi Mikel Elorzak, Armiarma egitasmoaren arduradunetako batek. Horrez gain, XX. mendearen hasieran eta gerra ostean autore klasikotzat jo dituztenak ere aurki daitezke bertan: Orixe, Lauaxeta, Kirikiño edota Resurreccion Maria Azkue, besteak beste.

"Bernart Etxeparerengandik hasi eta ia gaur egun arte, dena dago", aipatu du Elorzak. Etxepareren garaitik abiatu (XVI. mendea) eta historian barrena literaturaren bidez bidaia-tzeko aukera ematen du armiarma.eus-ek: obra anonimoak, epigramak, antzerki-testuak, poesia, eleberriak... etxean sartuta pasa beharreko denboraldi hau laburrago bihurtzeko nahi adina material dago bertan.

2001. urte inguruan sortu zen Klasikoen Gordailua. "Lehen, euskal testuen gordailua zegoen: Patxi Salaberri Muñoa idazle eta irakasleak sortu zuen webgune bat eta euskal testu klasiko asko bertan zeuzkan", azaldu du Elorzak. Susa argitaletxeak Salaberrirekin "akordio zoragarri" bat egitea lortu zuen, eta Salaberriren zuzendaritzapean, webgune berri bat egin zuten hark zeukan materialetik abiatuta.

"Material gehiago jartzen joan ginen: testu berriak lortu, digitalizatu, zuzendu, edota publikatuta zeudenak ekarri genituen", dio. Batetik eta bestetik gordailurako materiala biltzen joan ziren pixkanaka, eta "lan ikaragarri handia" burutu zuten azkenerako.

Gaur egun, 300 bat liburu klasiko aurki daitezke Susa argitaletxearen plataforman: Etxepare, Leizarraga, Larregi, Mogel, Oienart, Etxahun, Añibarro, Axular, Iparragirre, Agosti Xao eta beste hainbat eta hainbat idazleren sorkuntzak. Gainera, XIV eta XVII. mende bitarteko kantuak ere badaude; esate baterako, Arrasateko erreketaren kanta (1448-XVI), Amenduxen eresia (1564) edo Maitasun kanta (1615). "XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako testu asko ere badaude: antzerki lanak, prosa eta baita poesia ere. Altxor handia da", azpimarratu du Elorzak.

Orain, berrogeialdia etxean pasa behar dugun honetan, orduak azkarrago igarotzea nahi badugu, testu horiek irakurtzeko aukera polita dugu.

Aurretik, Klasikoen Gordailua asko erabili izan dute, esate baterako, irakasleek, unibertsitatean euskararen inguruan lanean ari direnek, hiztegigileek, gramatikariek, itzultzaileek edo linguistek. Hala ere, irakurtzea gogoko dutenentzat ere oso baliagarria suertatu da tresna hau: "Literaturzaleek ere esan izan digute Klasikoen Gordailua asko estimatzen dutela", baieztatu du arduradunak.

Egun luze hauetan Klasikoen Gordailua bisitatu nahi dutenentzat, honako hauek izan daitezke irakurtzeko testu erakargarri eta interesgarri batzuk. Biltegi digitala arakatzen hasi eta topatuko dugun lehenengo testua Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae da (labur.eus/WFbwP). Ezagutzen den lehen euskal liburu inprimatua da, 1545. urtean Bordelen argitaratua. 8/7 silabetako bertsotan idatzita dago eta gai hauek jorratzen ditu: erlijioa, amodioa, autobiografia eta hizkuntza.

Juan Antonio Mogel idazleak 1802an idatzi zuen Peru Abarka liburua ere mugarri garrantzitsua da euskal literaturan (labur.eus/B8oXb). Euskaraz idatzitako lehen eleberritzat jotzen da eta kontaketa guztia elkarrizketa bizien inguruan eratzen da. Maisu Juan kaletar ezjakina eta Peru Abarka baserriko eskolan hezi eta zaildutako gizona dira protagonistak, eta pertsonaia horiek islatzen dituzten bi munduen arteko jokoa da obraren muina. Azken finean, baserritar bizimoduaren idealizazioa egiten du autoreak.

Arrats beran (1935) Lauaxetak Pizkunde garaian idatzi zuen bigarren liburua izan zen (labur.eus/cJL9p). Herri lirika erabiltzen du, eta bere poesietako gaiak erdi arokoak dira batez ere: piratak, zaldunak... Azpimarratzekoak dira, esaterako, Amaiur gaztelu baltza, kantu epikoen erara moldatua dagoena, edo Langile eraildu bati, Federico Garcia Lorcaren Romancero gitanoko poesia narratiboarekin erlazionatu izan dena.

Jon Miranderen Haur besoetakoa 1970ean kaleratu zen (labur.eus/LYPFG). Idazlearen eleberri bakarra da, eta gizon heldu batek bere iloba nerabearekin duen maitasun harremana kontatzen du. Oso liburu polemikoa izan da urteetan zehar gai tabuei buruz hitz egiten duelako: intzestua, adin txikikoekiko sexu harremanak edota suizidioa (Nabokoven Lolitarekiko antza hartu izan zaio). Arrakasta handia lortu zuen bere garaian euskal narratiba modernoaren mugarrietako bat bihurtzeraino.

Amaitzeko, Klasikoen Gordailuan irakur daitekeen beste testu interesgarri bat, kasu honetan antzerkia, Piarres Larzabalek 1964an idatzi zuen Sarako lorea izan daiteke (labur.eus/RzAa2). Ikuslearen kezketara iristen saiatzen zen Larzabal bere obrekin eta ikuslearen eskolaratze-lana ere egiten zuen nolabait. Sarako lorea lau ekitalditan banatzen den obra da.

Susa argitaletxearen biltegi digitalak XVI. mendean hasi eta Gerra Zibil osteko euskal literaturgintza ia osorik gordetzen du

'Linguae vasconum primitiae', 'Haur besoetakoa' eta beste hamaika obra debalde irakur daitezke Klasikoen Gordailuan