Ahozkotasuna oinarri duen erakusketa sortu du Gema Intxausti (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) artistak, eta Gasteizko Artium museoan dago ikusgai, nahiz eta koronabirusa dela-eta orain museoa itxita egon. Eskultura, argazkilaritza, marrazkia eta testua batu ditu ondu dituen obretan, eta ahozkotasuna da elkarren artean komunean dutena. 1990eko hamarkadan hasi zen lehen lanak egiten, eta, ordutik, zerbait esateko edo kontatzeko duenean ekiten dio lanari.

Jendetza eta atxiloketa; titulu berean batu dituzun bi kontzeptu dira. Zer adierazi nahi izan duzu izenarekin?

- Jendetzaren erdian, atxiloketari begira Alfred Hitchcock zine zuzendariaren cameo bat da. Xabier Arakistain ‘Arakis’ eta biok erabaki genuen erakusketaren titulu gisa erabiltzea cameo hori. Batetik, uste dugu tituluak bere baitan jasotzen duela erakusketaren esentzia, aretoetan banatuta dauden obrak laburtzen ditu izen horrek; bestetik, Unframed Jane erakusketako obretako bat da, eta hura osatzen duten marrazkietako batean agertzen da cameo hau.

Zein da zabaldu nahi izan duzun mezua tituluaren bitartez?

- Ausazko atxiloketa bat irudikatzen dut. Hau da, edozein atxiloketa; izan daiteke bereizi gabeko atxiloketa bat, lagun batena, ezagun batena, zurea, nirea, etab…

Erakusketan diziplina artistiko ezberdinekin jolastu duzu: eskultura, argazkilaritza, marrazkia eta testua. Lau diziplinek elkar eragiten al dute?

- Erakusketarako ahozkotasuna oinarri duten obrak hautatu ditugu. Ideia edo proposamen hori Beatriz Herraezek izan zuen, eta, beraz, Herraez, Arakistain eta hiruon artean obra batzuk aukeratu ditugu ideia hori gogoan, formatua ezberdina izanda ere. Hala, marrazkia, eskultura, fotomatoia edo testua izan, guztiek dute barne landu nahi genuen gaia. Beraz, bai; nahiz eta obrak diziplina ezberdinetan egindakoak izan elkar eragiten dute.

Zer nahi duzu adierazi ahozkotasunaren ideiarekin?

- Kontzeptuak dioen eran, ahozkotasunak esandako hitza adierazi nahi du. Hori jendetzaren eta atxiloketaren hitzarekin harilkatuz gero, entzunaldi publiko batean gertatzen den ahozko epaiketarekin lotuko genuke.

Gaia oinarri hartuta, 1990eko hamarkadan egiten hasi zinen lehen lanetatik abiatuta osatu duzu erakusketa.

- 1990eko hamarkadako lehen aldi batean eskulturak egiten hasi nintzen, baina iritsi nintzen momentu batera non hasi nintzen kuestionatzen zein obra mota egiten nituen, zein esanahi zuen haietako bakoitzak eta nola irakurtzen zuten egindako lan bakoitza ikusleek. Momentu hori jasota dago egina dudan marrazki batean; pankarta bat ageri da bertan eta horrekin, mezu bat: “Arkatzak marrazkigintzaren greban”. Marrazki horrek fede ematen du piezen ekoizpenaren inguruan egiten nituen galderen inguruan. Beraz, bigarren aldia hausnarketara bideratua izan zen, ekoizpen gutxirekin, 1990eko hamarkadako amaiera aldera. Ondoren, Londresera joan nintzen, 2001etik 2009ra. Itzuli nintzenean hasi nintzen oraingo obrari forma ematen beste ikuspegi eta jarrera batekin.

Obra guztiak lau aretoetan daude banatuta.

- Erakusketarako gunea eta areto kopurua museoak ematen du. Erakusketaren hasieran, esaterako, Artiumeko bildumaren parte diren fotomatoi batzuk ikus daitezke. Lehenengo fotomatoia Bilboko Abandoko geltokian egin nuen, 2000.urte inguruan. Fotomatoi horietan espazio eta denbora mugatu baten inguruko narrazioaren kontzeptua lantzen hasi nintzen; egin nuen lehen gauza erretratua ukatzea izan zen. Material berbera erabili nuen urte luzez, eta, azkenean, seriea hasiera batean ukatzen nituen erretratuekin amaitzen da.

Obra guztiak bereziak izango dira, baina ba al daukazu kutunik?

- Ezin dut obra bakar bat aukeratu, eta, gainera, haietako bakoitzaren inguruan hitz egitea luzatzea litzateke. Are, guztiei buruz batasun batean hitz egitea ezinezkoa egiten zait. Aipatuko nuke, adibidez, pankarta gisa aurkezten den …meanwhile…rapture obra; egoera sozialaren krisia, balioen krisia eta eskubideen galera aipatzen ditu. Bestalde, Who do you think you are? lana, esaterako, kronika bat bezala hasten da. Familiako albumeko argazkiak dira abiapuntua, eta, ostean, migrazioaren, harreman ekonomikoen eta lanaren inguruko hausnarketa bat izatera igarotzen da.

Gehiago ere badituzu, ordea; The corner speech, adibidez.

- Hori da. Kapera moduko obra bat da, Pier Paolo Pasolinik igaro behar izan zituen prozesu, kereila eta salaketetako batzuk jasotzen dituena. Hil egin zuten, eta ostean, zain zituen kausetatik absolbitua izan zen, baina eraila zegoen ordurako. Beste modu batera esanda, gorputza, edozein gorputz, artean ez da preskribatzen. Ez dut sinesten gorputz histeriko, anormal eta arraroetan, baizik eta, hitz egiten dutenetan eta ahozkotasun propioa duten gorputzetan. Hori islatu nahi izan dut.

Unframed Jane obran, berriz, marrazkiak sartu dituzu.

- Obra horretan marrazki masa batez inguratutako zirku pista bat imajinatu genezake, eta doluari, erruari eta legeak jazarritako gizon errugabearen gaiari egiten die erreferentzia. Obraren izenburuak Janet Frame idazlearen izenarekin hitz joko bat egiten du. Eskizofrenia diagnostikatu zioten era oker batean eta lobotomia egiteko ebakuntzatik salbu geratu zen literatura sari bat jaso behar zuelako. Obra hau, gainontzekoak bezalaxe, esanahi eta erreferente geruza ezberdinez osatuta dago. Lan guztiek dute oinarri gorputza agertzen dela, hitz egiten duen gorputz bat eta pitzaduretara bideratzen dena.

Hain zuzen ere, erakusketa, 2018an Gure Artea saria jaso, eta urte eta erdira inauguratu duzu. Jada hiru aldiz eskuratu duzu saria. Nolakoa izan zen momentu hori?

- Sorpresa handia izan zen, batetik, Lourdes Fernandezek izendatu ninduelako, eta, bestetik, epaimahaiak saria eman zidalako. Baina nola jaso nuen? Ilusioz, izan ere, iraunkortasunari eginiko aitortza bat izan zen. Azken batean, uste dut sariek omenaldiak egin baino, egindako lana aitortzen dutela. Niretzako artea lan bat da.

Ibilbide luzea duzu artearen munduan. Zer eskaini dizu orain arte egindako bideak?

- Behatzeko aukera eskaini dit ibilbideak, eta baita umore aldaketa bat ere. Izan ere, nire umorea asko aldatu zen Londresen egon nintzen hartatik, orain, ez daukat hain umore iluna. Bizi izandako momentuetako bakoitza da garrantzitsua, baina ezin dut nire bizitza gertakari zehatz baten aurretik eta ostean zatitu.

Orain arte egin dituzun lanak egiteko, lehenbizi, Arte Ederrak ikasten hasi zinen. Nola gogoratzen dituzu urte horiek?

- Hein batean, noraezean eta nahiko galduta. Ikasketetan baino, arreta handiagoa jartzen nuen fakultatera joatean autobuseko leihotik ikusten nituen Bilboko Euskaldunako langileetan, esaterako. Egunero begiratzen nuen Deustuko Unibertsitate parean hondoa jota zegoen barku handi bat ere, ‘Brigitte Sabban’ zuen izena; ez zegoen inolako mugimendurik bertan, ez kargarik, ez deskargarik, ez eskifaiako kiderik, hilabetez hilabete mamu belaontzi bat zirudien. Ongi gogoratzen ditut Erandio eta bertako industria paisaia ere. Are, gogoan ditut gainontzeko ikasleek egiten zituzten obrak ere; adibidez, unibertsitatetik gertu zegoen publizitate panel batean haietako batek, ‘Txuspok’, egindako lan bat gogoratzen dut, “Beuys hil da” zioen bertan. Horrek guztiak asko zioen testuinguruari buruz.

Eta ostean, Londresera joan zinen. Nolatan?

- Ingelesa ikastera joan nintzen, eta bertan nengoela erabaki nuen zinea ikastea Londreseko University College for the Creative Arts unibertsitatean. Zinematografiaz harago, betidanik eduki dut pasioa gauzak nola kontatzen diren, kontatzen dituen pertsonaren arabera. Pelikulek, esaterako, badute gaitasuna gauzak kontatzeko ahoa irekitzeko beharrik gabe, eta horrek erakartzen nau.

Are, bertan ikasitako zinearen eta artearen historiaren zenbait kontu ere aurki daitezke erakusketan. Zeintzuk dira keinu horiek?

- Saiatzen naiz egiten ditudan lanetan, ahal den heinean, zineko, eszenetako, sekuentzietako, narrazio denboretako edo lokalizazioetako errekurtsoak sartzen; azken batean, obretan zinematografiako hizkuntza osatzen duten elementuak. Esate baterako, elementu horiek lehen aldiz fotomatoien seriean eduki nituen kontuak; narrazioak espazio eta denbora zehatz batean eta narrazioa lau irudi desberdinetan baina fotomatoiko tira berberean.

Lourdes Mendez antropologoak dio zerbait esateko, kontatzeko eta sentiarazteko duzunean erakutsi ohi dituzula lanak, besteak beste. Bat egiten al duzu?

- Bai. 1990eko hamarkadaren erdialdetik saiatzen naiz zerbait esateko dudanean erakusten, horregatik egon dira aldi batzuk non ez dudan ekoizpenik egin, eta espero dut horrela izaten jarraitzea. Kontuan eduki behar da orain ez ditugula gogoan hartzen 1980eko hamarkadan arrakasta izan zuten artistetako batzuk, eta hori tristea da. Obren ekoizpenaren, erakusketen, ekonomiaren eta eguneroko bizitzaren artean oreka mantentzea, malabarismoa egitea da, eta oso zaila.

“Bota haria” eta “fin harilkatzen” ere sarri erabili ohi dituzun kontzeptuak dira. Zer esan nahi duzu horiekin?

- Esan nahi dut era fin batean harilkatzen eta begirada pitzaduretara bideratuz, beste diskurtso batzuk sortu daitezkeela, non begiradak irakurketa berriak sortzen dituen.