Migrazio fluxua kontrolatzeko aitzakiarekin, Europar Batasunak Ipar Afrika inbaditu du eta gerra piztu da. Narrazio futurista honetan, Afrikara borrokan joan nahi duen gazterik ez dago, eta zozketaz hautatu beharko dituzte hara joango direnak. Hortxe du abiapuntua Eneko Barberenaren (Arrasate, 1983) azken eleberriak: Afrikanerrak (Elkar, 2019) du izena. "Testuinguru horretan familia baten egunerokoa kontatzen dut eleberrian, gerraren indiferentziak eta ingurumari horretan gertatzen diren gauza arruntek eurengan duten eragina hizpide", azaldu du idazleak.

Andaluziako hondartza batera migratzailez betetako patera bat iritsi zeneko irudi bati tiraka idatzi du arrasatearrak nobelaren argumentua: "Paradoxa gutxi daude munduan hura bezain indartsuak direnak. Malagan gertatu zen hori: turistak eguzkia hartzen ari ziren eta patera bat iritsi zen bertara. Gure inguruan talka gutxi egongo dira horren errealitate gordina hain ongi azaleratzen dutenak", uste dut Barberenak. "Euskaldunok, munduko beste hainbat herritarrek bezala, opor lekutzat jotzen ditugu Mediterraneo itsasoa eta bertako hondartzak. Eta, puntu horretan, hain justu, hil ala biziko bidaiak gozamenarekin egiten du topo. Zaila da beste alde batera begiratzea, baina, hala ere, horrekin bizi gara. Berdin zaigu askotan", hausnartu du eleberriaren egileak.

2030ean, migrazioaren aferak pauso bat harago eman du eta gerra sortu da haren inguruan Afrikaren iparraldean. Handik urrun, Arrasaten, lanaren eta ezkonbizitzaren errutinan murgilduta bizi dira Eider eta Aitor, eleberriaren protagonistak. Arrasateko liburutegiko langilea da lehena, Gasteizko eskola publiko bateko zuzendaria, bestea. Pertsonaia hauek "nahiko antipatikoak" direla iritzi dio idazleak, eta erronka moduan hartu du euren buruan jarri behar izatea: "Gerra sutan dago, baina herrian bizitzak aurrera jarraitzen du. Indiferentzia da nagusi, eta ez bakarrik gerrarekiko. Axolagabetasun horri tiraka, paralelismoa egiten saiatu naiz bizitzako beste hainbat konturekin ere, protagonistek biziko dituztenak. Kritikoak dira ingurunearekin, ezkorrak, eta ez dute espektatiba handirik", aurreratu du Barberenak.

Afrikatik heltzen zaizkie albisteak, bai, bertan baitaude eskualdeko soldadu gazteak borrokan. Soldaduek kronikak idazten dituzte blog batean, Debagoiena konpainiaren egunerokoan, eta Barberenak Ipar Euskal Herriko hainbat soldaduk Aljeriako gerratik bidali zituzten egiazko kronikak baliatu ditu horretarako: "Aljerian aritu ziren Iparraldeko hainbat soldaduk izan zuten abertzaletasun puntu bat, sinesten zuten beren misio humanizatzailean; hauek ere ildo beretik doaz. Konbentzituta daude Europako Batasunak mesede egiten diela Ipar Afrikakako biztanleei. Gerra propaganda egiten dute", azaldu du arrasatearrak.

Nobelak badu hasieratik amaierara irakurleari luzatzen dion zeharkako galdera bat: "Nola bizi gaitezke horrekin? Hurrengo belaunaldiek egun gertatzen ari direnen inguruko kontuak eskatzen dizkigutenean, gure jarrera epela ikusita, zer kontatuko diogu geure buruari?", luzatu du Barberenak. Alegia, begirada aurrera bota du idazleak, baina ez gehiegi: "Hesien eta mugen kontrolez hitz egiten dugun honetan, ez ote gaude jada gerra batean? Zer da hegoaldeko itsasoan gertatzen ari dena? Zer gertatzen da Turkia eta Greziaren inguruan?", hausnartu du idazleak. "Eleberrian planteatzen den gerra aitzakia da atzealdeko bizimodua kontatzeko, modu bat azaltzeko nola bizi garen, gaur egun ere gugandik gertu dagoen tragedia handi batekin", ondorioztatu du Barberenak.

AGUSTIN ZUBIKARAI Aurretik hainbat lan eginak zituen Barberenak, baina Afrikanerrak liburuarekin heldu dio estreinakoz eleberriaren generoari, iaz Agustin Zubikarai literatur saria irabazi eta gero. "Mendian izan nuen istripu baten alde ona izan da proiektu hau. Denbora izan nuen pentsatzeko eta ideiak antolatuta, zerbait idazteko. Ondarroako Udalak beka eskuratu nuela jakinarazi zidanean, ez nuen inondik inora ere espero eta uneko presioa sentitu nuen. Abentura horretan murgilduta baina, urte beteko abentura ederra izan da", azaldu du arrasatearrak.