Arabar Errioxako En Tol Sarmiento musika taldeak hamabost urte bete ditu , hasi zirenean horren urrun heltzea imajinatzeko zaila iruditzen zitzaien arren. Ordutik ehunka kontzertu eskaini dituzte, eta lan handia egin dute euskaraz kantatu eta egungo arrakasta lortu ahal izateko. Taldearen ibilbidearen inguruan hitz egin dugu Iñigo Etxezarreta abeslari eta gitarristarekin.

Denbora asko igaro da hasi zinetenetik. Zelakoak izan ziren taldearen hastapenak?

Taldea 2005. urtean jaio zen, orain dela 15 urte. Garai horretan taldea osatzen genuen hirurek hamazazpi urte besterik ez genituen. Gainera, ez genekien ia ezer jotzen, taldea sortzearekin batera hasi ginen instrumentuak jotzen ikasten.

Esango nuke, orokorrean, oso politak izan zirela taldearen hastapenak. Lagun guztiak etortzen ziren gure entseguetara, jende asko elkartzen ginen. Iekora (Araba) herri txikia denez, bizilagun guztiek zekiten talde berri bat zegoela herrian, sortu eta aste bakar batera, batez ere ateratzen genuen zaratagatik!

Zergatik erabaki zenuten taldea sortzea?

Nahiz eta astean zehar leku desberdinetan bizi, asteburuetan ondo pasatu nahi genuen, hori zen gure intentzioa eta horretarako elkartu ginen rock musika maite genuen hiru lagun Iekoran, dibertitzeko, besterik ez.

Hasierako urteetan entzuten genituen hainbat musika talderen bertsioak jotzen genituen, gure abesti propioak sortzen hasi ginen arte.

Espero zenuten horren urrun heltzea?

Inola ere ez. Esan dudan bezala, 2005ean hasi ginenean ez genekien ezer musikari buruz, ez genekien instrumenturik jotzen. Zeinek imajinatuko luke? Hamabost urte hauetan lortu dugun guztia pixkanaka-pixkanaka egindako lan handiari esker izan da.

Hasi zinetenetik zenbat diska? Eta zenbat kontzertu?

2019ko azaroan argitaratu dugu gure azken lana, Aukera berriak, eta 2008an lehena, disko motz bat. Azken horrekin sei dira guztira kaleratu ditugunak.

Kontzertuei dagokienez, 260 inguru eskaini ditugu azken hamabost urte hauetan. Erraz esaten da!

Hamabost urtean, gertakizun polit asko biziko zenituzten, baita ez hain politak ere€

Anekdota asko gertatu zaizkigu hamabost urtetan, nola ez, baina badira bereziki ongi gogoratzen ditugun bi. Lehenengoa, autopistan ginela furgonetako gurpiletako bat atera zenekoa. Gure eskumatik aurreratu zigun pneumatikoak!

Bigarrenean, anplifikadoreak kargatzen ari ginela, mozkor batek gure furgoneta hartu, arrankatu, eta aurrera egin zituen metro batzuk, gure materiala eta barruan zegoen jendea arriskuan jarriz.

Abesti bat aukeratu behar bazenute, zein aukeratuko zenukete? Pertsonalki gehien gustatzen zaizkidan abestiak gure azken lanean daudenak dira. Horietako bat aukeratu behar banu, Heldu da garaia izena duen balada hautatuko nuke. Alboan ditugun pertsonei eskerrak emateko sortu dugun abesti lasai bat da, nire kasuan, nire bikoteari eskainia dago.

Disko berria kaleratu duzue orain gutxi. Zer aurkitu dezakegu bertan? Aurreko proiektuan (Ametsetan, 2017) zuzeneko bat eta dokumental bat argitaratu genituen. Bertan En Tol Sarmientoren historia laburbiltzen genuen eta, esango nuke, guretzat inflexio puntu bat izan zela. Hortik aurrera taldea profesionalizatzen ahalegindu gara eta azken bi urteetako esfortzu guztiak Aukera berriak izeneko lanean materializatu ditugu. Orokorrean, abesti alaiak, freskoak eta biziak aurkituko dituzue bertan, beti bezala. Baina, nobedade modura, kalitatezko ekoizpena gehitu diogu azken lan honi.

Lan handia egin duzue diskoa sortzeko?

Bi urte eman ditugu Pello Reparaz produktoreak eta nik disko honetan lanean. Pentsatzen genuena baino askoz errekurtso gehiago inbertitu ditugu, baina emaitzan nabaritzen da, beste era batekoa da, hobea.

Uste dut azken diskoa aurrekoak baino askoz profesionalagoa dela, eta entzun duen jendeak horrela transmititu digu. Betiko publiko gaztean oso harrera ona izateaz gain, orokorrean adin tartearen abanikoa zabaldu egin dugula esango nuke, gainera.

Inguru ez euskaldun batean euskaraz abestea erabaki duzue.

Hasierako urteetan gaztelera nagusitzen zen gure abestietan, batez ere taldeko musikari gehienak ez direlako euskaldunak, Errioxan bizi dira eta. Lehenengo diskoa kaleratu genuenean (Hacia la Luna, 2013) Euskal Herri osotik kontzertuak jotzen hasi ginen, eta modu oso naturalean euskal kultura eta hizkuntza barneratu genituen taldean.

Horren ostean, lehenago ezagutzen ez zuten herrialde batetiko aurreiritziak ezabatu zituzten taldeko ez-euskaldunek, eta diskoak euskara hutsean egitera igaro ginen. Aukera interesgarria iruditu zitzaigun talde modura euskaratze prozesu bat egitea, gure zonaldean dauden zailtasunak kontuan hartuta.

Euskal Herrian asko baloratzen gaituzte inguru erdaldun batetik etorri eta euskaraz kantatzen dugulako. Baina nire ustez, oraindik ez gara kontziente talde modura eredu izan gaitezkeela gazte askorentzat.

Zelakoa izan da aipatzen duzun euskalduntze prozesu hori? Pixkanaka-pixkanaka egin ditugu gauzak, eta hiru disko behar izan ditugu gure helburuak lortzeko. Hala ere, bidea oso polita izan da, emaitza ikusi dugulako eta egindako esfortzua baloratzen digutelako behin eta berriz.

Esan beharra dut zorionekoak sentitzen garela. Izan ere, Euskal Herriari buruzko perspektiba ezin hobea ezagutzen ari gara astebururo. Jende jatorra herrietan, jai giro ederra, plazak beteta€

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zuen erronkak?

Guretzat erronka oso garrantzitsua izan da azken diskoa argitaratzea, horretan inbertitu ditugu ordu asko, eta hurrengo pausuak norabide berdinean emateko asmoa daukagu.

Besteak beste, musika ikasten jarraitu nahi dugu, taldea profesionalizatzen eta, noski, ondo pasatzen, intentzio horrekin hasi ginen eta horrekin dihardugu. Horrez gain, gure kontzertu gehienak hemendik izaten direnez, hurrengo urteetan gustatuko litzaiguke Euskal Herritik kanpo pixkatxo bat gehiago jotzea.