Hirugarren eta azken gerra karlistaren estertoreetan, neskatila umezurtz batek hilzorian dagoela pentsatzen du, harik eta emakume misteriotsu batekin topo egiten duen arte. Basoan utzita dagoen etxe batera darama andreak haurra eta proposamen bat egiten dio; hilkortasuna lagun egitearen truke. Behin betiko bizitza, azken batean. Baldintza horren pean, haurtzaroan bahituta geldituko da. Zenbatuko ditu egun, urtaro eta ilargi guztiak, bidean baserritar batekin topo egingo duen arte. Hark berpiztuko du neskatilarengan bizitzeko eta amesteko grina.

Ilargi guztiak filmeko istorioaren hari nagusia da jasotakoa. Igor Legarreta (Bilbo, 1973) zine zuzendariak eta gidoilariak zuzendutako bigarren film luzea da, eta euskaraz ekoiztuko dute. Legarretak adierazi du istorioa, pertsonalki, ipuin gisa ulertzen duela eta oinarrian dituela heriotza eta bizitza: "Pertsonaia nagusiak, neskatilak, hilkortasuna onartzean betirako bizitza eskuratzen du; bizitzak, momentu horretan, ezagutzen ez dugun zentzu bat hartzen du". Egilearen esanetan, protagonista betirako bizi izatera "kondenatuta" dago. Hain zuzen ere, orain ia hilabete hasi ziren grabatzen filma eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako txokoetan barna arituko dira, gutxi gorabehera, apirilera arte.

Mutrikun (Gipuzkoa) egin zituzten lehen urratsak filma grabatzeko, bertan hasi baitziren filmaketa lanekin, otsailaren 17an. Zuzendariak azaldu du grabaketa lanetan beti egon ohi direla arazoak, eta, gaur-gaurkoz, filmazioa "nahiko gogorra" ari dela izaten: "Eguraldi txarra egin du, egun pila bat igaro ditugu euripean eta lokatzetan sartuta, baina espero dugu orain arte egindako lana pelikulan ondo azaltzea". Hala eta guztiz ere, nabarmendu du lantaldea gertukoa sentitzeak asko laguntzen duela horrelako egoeretan. Aktoreen eta lantalde teknikoaren "berebiziko" garrantzia azpimarratu nahi izan du.

ISTORIOAREN PROTAGONISTA NAGUSIAK Haizea Carneros da pelikulako protagonista nagusia, haurraren papera betetzen duena. Hamabi urte ditu eta casting bat egin ostean hautatu zuten neskatila gorpuzteko; egin duen lehenengo filma da. Hain zuzen ere, Euskal Herriko leku ezberdinetan egin zituzten castingak, eta, orotara, ehun gazte inguruk hartu zuten parte. Legarretak adierazi du Carnerosek egiten duen lanarekin pozik daudela; "profesionala eta azkarra" dela. Gainera, laguntza talde bat ere badu gazteak, bere lehen filma izaki. "Pertsonaia eta istorioa bera ulertu dezan, sekuentzia guztiak entseatzen ditugu aurrez taldearekin batera", esan du zuzendariak; eta, horrez gain, pelikula bateko filmaketa-teknikak ere erakusten dizkiote. Esate baterako, kameretara ezin daitekeela zuzenean begiratu.

Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea dira, Carnerosekin batera, istorioaren protagonista garrantzitsuenak. Zehazki, Ituño emakume misteriotsuaren gorputzean sartuko da eta Bengoetxeak baserritarraren papera hartuko du. Legarretak jakinarazi du Ituñorekin unibertsitate garaitik duela harremana: "Garai horietan hasi nintzen lehen laburmetraiak egiten eta lehen lan horietan Ituño agertzen da; lagunak garela esan daiteke". Are, Bengoetxearekin ere aurrez lan egindakoa da; azaldu duenez, Cuando dejes de quererme (2018) bere lehen film luzean parte hartu zuen hark ere.

LANTALDE HURBILA Zuzendariak aitortu du Carnerosekin, Ituñorekin eta Bengoetxearekin lan egitea "oso erraza" dela: "Zuzendari batentzat garrantzitsua da aktoreek maila ona izatea, baina are garrantzitsuagoa da pertsona onak eta hurbilekoak izatea; haiek horrelakoak dira". Izan ere, nabarmendu du, sarritan, zenbait aktorerekin lan egitea zaila izaten dela. Aipatutako aktore horiez gain, Lier Quesadak, Zorion Egileorrek eta Elena Urizek ere filmeko pertsonaiak gorpuztuko dituzte. Guztiek dute esperientzia aurrez grabatutako film batzuetan, euskaraz zein gazteleraz ekoiztutako lanetan.

Aktoreen lantaldea ez ezik, lantalde teknikoaren funtzioa ere azpimarratu nahi izan du Legarretak. Mikel Serrano arte zuzendaritzaren arduraduna da, Pascal Gaigne musikarena eta Mariano Gartzia efektu bereziena, besteak beste. Lantalde teknikoa, ordea, jende gehiagok osatzen du. Imanol Nabea argazki zuzendaria da, Alazne Ameztoi soinu teknikaria, Leire Orella figuringilea, Lola Lopez eta Itziar Arrieta makilajearen eta pelukeriaren arduradunak eta Juanma Nogales eta Ana Rubio efektu bisualenak. Zuzendariak gehitu du esperientzia "handiko" profesionalak direla eta pelikula honetarako ere "garrantzitsuak".

ESZENAK, ISTORIOAN BARNERATZEKO Pelikula bati, pertsonaiek ez ezik, lekuek ere ematen diote bizia. "Gure eszena sortzeko lekuak behar dira, eta, kasu honetan, mendiak, urjauziak, kobazuloak eta lakuak inportanteak iruditzen zitzaizkigun", esan du Legarretak. Leku horiek aurkitzeko, ordea, bidaiatu egin behar da, eta horretan aritu zen zuzendaria filma grabatzen hasi aurretik. Azkenean, Euskal Herriko hiru lurralde zapalduko ditu filmak: Gipuzkoan, adibidez, Mutrikun, Gaintzan eta Zizurkilen egongo dira; Bizkaian, Orozkon; eta, Nafarroan, Erratzun, Urbasan, Aldatzen eta Leurtzako urtegian.

Lekuek eta urtaroek baina, zuzenean eragiten dute film baten grabaketa prozesuan. Zuzendariaren arabera, film bat grabatzean hainbat anekdota sor daitezke, baina, oraingoz, eguraldiak eragindako oztopoak nabarmendu ditu bereziki. "Kamera laguntzaile batekin aritu naiz hizketan, hogei pelikula inguru ditu eginak, eta aipatu dit inoiz ez duela halako eguraldiarekin lan egin; zaila izaten ari da", erantsi du. Hala ere, nahiz eta filmaketa gogorra izaten ari den aitortu, Euskal Herriko klima horrelakoa dela gaineratu du Legarretak, eta, beraz, dagoenari eustea besterik ez dela gelditzen.

FILM FANTASTIKO BAT EGITEAREN IDEIA Pelikularen gidoia egiterako orduan, Jon Sagala gidoilaria izan du bidelagun Legarretak. Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, eta haiekin batera ikasi zuten, besteak beste, Koldo Serra eta Gorka Vazquez zine zuzendariek. Garai horietatik jada urte batzuk igaro diren arren, azaldu du betidanik nahi izan dutela zerbait egin elkarrekin Sagala eta biek. Proiektu bat egiteko nahiari tiraka hasi, klabe jakin batzuk zehaztu eta historia bat sortzeari ekin zioten, harik eta film hau egitearen ideia otu zitzaien arte.

"Hasieran, banpiroei buruz hitz egiten hasi ginen, oro har, genero fantastikoa gustuko baitugu; hortik agertu zen hilezkortasunaren ideia, eta, azkenean, betirako bizi behar izatearen kondena", adierazi du zuzendariak. Izan ere, haren arabera, badu puntu berezi bat pentsatzeak norbaitek zer egingo lukeen betirako bizitza aukeratuz gero. Legarretak, ordea, metro batzuk harago egin du jauzi: "Istorioan, argi eta garbi, trama bat dago, baina trama horretan sortzen da fantasia; are gehiago, ikuspuntua nahiko sinesgarria da".

POSTPRODUKZIOA Orain, espero dute apirilaren hasieran amaitzea grabaketa lanekin, trabarik ez bada tarteko, bederen. Postprodukzio lanekin hasiko dira ostean; muntaketa, musika eta efektu bereziak egingo dituzte, beste zenbait konturen artean. Legarretak jakinarazi duenez, iraila edo urria alderako filma amaituta edukitzea gustatuko litzaioke: "Poliki-poliki egin nahiko nuke, txukun eta azkartasunean erori gabe". Halere, aitortu du, batzuetan, zenbait deialditara aurkeztearen ondorioz, presak agertzen direla eta korrika batean egiten dela lan.

Hala, bizitzaren eta heriotzaren arteko balantzean oinarritzen den istorio fantastiko batez gozatu nahi duen orok aukera izango du hile batzuk barru ikusgai egongo den film honetan. Halere, oraindik grabaketa lanak amaitu eta postprodukzioa egin arte itxaron beharko dute ikusleek.