Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak eta Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendari gerenteak 2019ko balantzearen aurkezpena egin zuten atzo. Aurten 30 urte betetzen ditu Donostiako Udalaren entitateak eta, bide batez, urteurren horren harira egin duten logoa ere aurkeztu zuten, aurrean 30 zenbakia duena.

Azpimarratu zutenez, 7.900 jardueratik gora antolatu zituzten iaz eta urtea 107.840 bazkiderekin itxi zuten, 2018an baino 4.272 gehiago. Gainera, milioi bat lagun baino gehiago pasa ziren Donostiako auzoetako kultur etxeetatik bertan antolatutako 886 ikastaroetara joateko, besteak beste.

"Urte honetan dugun erronkarik garrantzitsuena irakurketa susta-tzea da eta instituzio guztiak ados daude horrekin", nabarmendu zuen Otamendik. Izan ere, Donostiako liburutegi sareak indar handia du. Iaz, 834.500 lagunek erabili zuten eta 457.000 mailegu egin ziren, aurreko urtean baino %5 gehiago. Nabarmentzekoa da Donostia Kulturak ikastetxeekin batera duen Liburuka proiektua, haur eta gazteen artean irakurketa bultzatzeko.

Erakusketek ere arrakasta handia izan zuten hirian. San Telmo Museoak hamaika antolatu zituen eta nabarmenenak Hello Robot eta Heriotza izan ziren. Azken hori, San Telmoren produkzio propioa izan da, eragile askorekin batera egindakoa. "Ausartak izan gara heriotzari aurpegira begiratu diogulako eta Herio-tza erakusketak arrasto luzea utzi du izan dituen jardunaldi eta ekitaldi guztietan", azpimarratu zuen Insaustik. Guztira, 140.585 lagunek bisitatu zuten San Telmo joan den urtean zehar.

Musikaren arloan, Heineken Jazzaldiari buruzko oso balantze positiboa egin zuten. Nahiz eta eguraldiak askorik ez lagundu, 168.000 ikus-entzule izan zituen iazko edizioak. "Lehen aldiz, Japoniako jazzik onenaren eredu bat ikusi ahal izan genuen Estatu mailan", esan zuen Insaustik. Jaialdiak lanean jarraitzen du ikus-entzule berriak sortzeko eta horren adibide da Txikijazz ekimena.

2019an sortuak 2019an hainbat urteurren ospatu zituzten Donostia Kulturan. Esaterako, dFeria arte eszenikoen jaialdiak 25 urte bete zituen joan den urtean. 38 ikuskizun baino gehiago antolatu zituzten jaialdiaren baitan, zazpi agertokitan banaturik. Edizioak 13.189 ikus-entzule bildu zituen eta Kale artean izeneko kale-jaialdia gehitu zitzaion programari.

Gainera, Ernest Lluch kultur etxeak berriro ireki zituen ateak urtebetez berrikuntza lanengatik itxita egon ostean. 61.000 bisitari izan zituen. "Bertan egon zen Bernardo Atxaga idazlea ere; Sari Nazionalaren berri jakin zuen egun berean egin zigun bisita", nabarmendu zuen Kultura zinegotziak.

Publikoari omenaldia egin zioten Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 30. urteurrenean. Urtemuga ospatzeko, jarduerak areagotu zituen Donostia Kulturak: besteak beste, kaleko ikuskizun bat eta erakusketa gehiago antolatu zituen. Gainera, zinemaldiari bi euskal produkziok eman zioten hasiera eta bukaera. Guztira, 23.553 lagunek gozatu zuten Astearen 30. edizioaz.

Sormenarekin jarraituz, Larrotxenerekin batera Oihua! sortu zuten, euskarazko beldurrezko film laburrei laguntzeko ildoa. "Lehen edizioan sekulako arrakasta izan du. 42 gidoi jaso dira eta irabazlea Maria Fontán izan da", adierazi zuen Insaustik.

2019ko beste gertaera garrantzitsu bat Donostia Kultura Irratiaren sorrera izan zen. Casares Irratiaren (FM 107.4) urrats berria da eta Donostiako kulturaren leiho izateko sortu da. Azpimarratzekoa da, baita ere, 2019an ospatu zen Gure Ahotsaken lehen edizioa. Iaz, Izaro Andres, Elena Setién, Olatz Salvador eta Sara Mansilla kantariek hartu zuten parte. Hemendik aurrera urtero antolatuko den hitzordua izango da eta euskal emakume egileak ikusaraztea du helburu.