donostia - El Txiringo izeneko antzerkia estreinatuko du ostegunean Korner jaialdiak, otsailaren 13an, Donostiako Antzoki Zaharrean 19.00etan. Kultura eta futbola uztartzeko asmoz, Donostia Kulturak eta Real Sociedad fundazioak antolatu dute ekitaldia.

Borobil Teatroa konpainiaren lan berria da El Txiringo, eta kirolari eta, batez ere, futbolari buruzko hizketaldi zoro bat eskaintzen du hamar tertuliakideren artean. Anartz Zuazuaren gidaritzapean, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota izango dira protagonistak.

Talde honek sortu zuen 2015ean Jokoz kanpo izeneko antzezlana, futbolaren harrobiari buruzko satira. Aurtengoan ere komedia erabiliko dure kirol munduan ezkuta-tzen diren frustrazioak argitara emateko.

Borobil Teatroa 2012an sortu zen Anartz Zuazua aktore eta zuzendariaren eskutik. William Layton eta Jacques Lecoq irakasleekin trebatu ostean, inprobisazioan oinarritutako prozesu sortzailea garatu zuen eta gaurkotasuna duten istorio originalak umore eta imaginazio handiz eszenaratzea lortzen du orain.

El Txiringo Korner jaialdiaren enkargua eta produkzioa da. Ikusi nahi duenak eskuragarri ditu sarrerak, hamar euroan, Antzoki zaharreko eta Victoria Eugeniako lehiatiletan eta baita Donostia Kulturaren webgunean ere. - S.I.