ASIER LARRINAGA, EITB-KO EUSKARA ZERBITZUAREN ZUZENDARIA

"Euskararen normalizazioaren historia eta prozesu horretan emandako urratsak aztertu ditut"

EITBko Euskara Zerbitzuko buruak euskararen normalizazioaren historia errepasatu du ikerlan batean, 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte. Arreta berezia jarri du prozesu horretan Euskal Telebistak izan duen eta izan dezakeen eraginean

10.02.2020 | 17:39
Asier Larrinaga

Euskara galzoriko egoeratik atera eta suspertzeko helburu behinenetik hasita, erakundeek eta euskalgintzak ereindako bidean bereiz daitezkeen faseei, zehaztu diren politikei eta aurrera eraman diren ekimenei begiratu die Asier Larrinagak (Bilbo, 1965) 350 orriko lanean, arreta berezia jarrita euskal telebista publikoari, "normalizazio-eragileen arreta gune nagusietako bati", bere esanetan. Euskararen normalizazioa: ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra izenburua eman dio Larrinagak EHUk eta UEUk elkarlanean argitaratu duten lanari.

Hizkuntza gutxituen normalizazioan hedabideek duten zereginaz orokorrean gutxi ikertu dela dio Larrinagak, eta euskara batua zabaltzeko eta orokortzeko prozesuan Euskal Telebistak izan duen eragina eta izan behar lukeen jarrera ekarri ditu liburura. Batez ere, euskara batua ahozko erregistroetara egokitzerako orduan ETBren jarduna garrantzitsua dela dio Larrinagak, baina badaude beste hainbat alderdi ere, nabarmentzekoak direnak, bere esanetan.

Euskara biziberritzeko prozesuaren ikuspegi orokorra ekarri duzu liburura.
Liburua, jatorriz, nire doktorego tesia da. Nire tesiaren helburua zen aztertzea ETBk zer ekarpen egin duen euskararen normalizazioaren alde, eta hortik abiatuta, euskararen normalizazioaren historia eta prozesu horretan emandako urratsak aztertu ditut. Horrek, baina, beste urrats bat ematea eskatu dit: euskararen normalizazioa ulertzeko, hizkuntza gutxituen normalizazioa ezagutu beharra nuen. Hori izan da nire tesiaren markoa, ETBtik euskararen normalizaziorako bidea aztertzea, eta argitaratu berri dugun liburuan bide hori egin dut, baina atzekoz aurrera.

Ikuspegi teoriko batetik abiatuta, alegia.
Hizkuntza gutxituen inguruko marko teorikoa plazaratu dut lehendabizi: kontzeptua bera zer den azaldu eta aztertu zein fase egon diren 1950eko hamarkadan zehar munduko hizkuntza gutxituen normalizazioan, bai eta ordutik hona emandako urratsak ere. Euskararen kasuan, apur bat geroago hasi zen normalizaziorako prozesu hori, 1960eko hamarkadaren amaieran, baina faseak eta ereduak oso antzekoak izan dira. Ikerketa lan honetan hedabideak, eta telebista batez ere, hizkuntza gutxituen normalizazioan baliabide garrantzitsuak ez direla defendatzen duten teoriak aurkitu ditut, Fishman kasu, eta nire lana izan da baita ere kontrakoa gertatzen dela egiaztatzen duten ebidentziak aurkitzea. Alegia, hedabideek, eta telebistak bereziki, normalizazio prozesu horretan betekizun garrantzitsua betetzen dutela frogatzea.

Euskararen normalizazioari helduta, arreta berezia jarri duzu hedabideekin lorturiko politikan.
Bigarren kapituluan, euskararen normalizazioaren historia osoaren berrikuspena egin dut: aldiak, normalizazio-eragileak, politikak eta ekimenak. Eta berrikuspen horretan, ETBren sorrera testuinguruan jartzen ahalegindu naiz. Izan ere, telebistak normalizazioaren bidean duen eginkizuna nonbaiten kokatu beharra dago. 1980ko hamarkadaren hasieran agertu zen Euskal Telebista, Autonomiarekin batera, eta beste hainbat helbururen artean, euskarari eta euskal kulturari bultzada bat emateko asmoarekin jaio zen.

Eta zein ekarpen egin dio ordutik?
Edozein hizkuntza gutxituren normalizazioan hiru alderdi nagusi ezberdintzen dira: estatusa, corpusa eta jabekuntza. ETBk hiru alderdi horietan egin dio ekarpena euskarari. Estatusaren arloan –herritarrek hizkuntzari buruz duten iritzia–, ETBk erakutsi du euskara hizkuntza modernoa dela, gaur egunean baliagarria dela eta euskararen bitartez telebistan jendea entretenitu edo informatu daitekeela. Euskal Herriko zein munduko bestelako herritarren aurrean erakutsi du hori. Alegia, gaur egungo munduan txertatuta dagoela.

Eta corpusean?
Corpusaren kasuan –hizkuntza baten hitzak eta egiturak–, ETBk, Euskadi Irratiarekin batera, euskara informatiboaren hizkera sortu du. Eguneroko albistegietan erabiltzen diren hitzak sortu ditu, eta euskararentzat ekarpen handia izan da hori. Bikoiztutako pelikulekin ere, ekarpen handia egin zaio euskararen corpusari: AEBetatik etortzen diren filmetan, adibidez, epaiketak agertzen dira, eta horietan erabiltzen diren hitzak euskarara ekarri behar izan ditugu. Berba horiek ETBk asmatu ditu, hizkera hori ez baitzen lehenago existitzen.

Eta azkenik, zein ekarpen egin du jabekuntzaren arloan?
Hizkuntza baten jabekuntza hizkuntza bera ikastea da. Lehendik euskaraz bazekitenei euren hizkuntza maila hobetzeko edota hitz edo hizkera berriak ikasteko aukera eman die Euskal Telebistak, eta euskara ikasten ari zen jendeari horretan trebatzeko balio izan dio, eta oraindik ere balio dio, euskara hurbiltzeko eta horretan sakontzeko. Hiru alderdi hauetan aipatutako adibideak bakan batzuk baino ez dira, baina liburuan beste hainbat adibide azaltzen dira, corpusari eta jabekuntzari begira batez ere.

Euskaraz trebatzen ari diren horien bozgorailua bada ere ETB.
Horixe da ETBren politika: gure gizartean dauden euskaldun guztiak pantailan ateratzen ahalegintzea. Euskaldunen aldeko apustua argia da, eta horien artean daude ondo moldatzen direnak, noski, baina baita ez hain ondo moldatzen direnak ere, horiek ere euskaldunak baitira. Hizkuntza gutxituen "hiztun traketsei" telebistan ikusgaitasuna ematea onuragarria den edo ez asko aztertu da, eta ETBn bezala beste hedabide gehienetan ere, hiztun mota guztiak ateratzeko erabakia hartu da. Onuragarria da hizkuntzarentzat, eta pizgarri gisa funtzionatzen du hasi berrientzat edota euskarara salto egitea pentsatzen ari direnentzat.

Bada jendartean askotan entzuten den uste bat: "ETBren gaztelaniazko kanala euskarazkoaren gainetik dago".
Euskal Telebistak lau kanal ditu, eta horietako bigarrena gaztelaniaz da. Batetik, jakin beharra dugu gaztelaniazko kanal horrek betekizun garrantzitsua bete duela, eta oraindik ere betetzen duela, euskararen normalizazioan. Estatusaren arloan igarri daiteke hori batez ere, izan ere, ETB2k ikusgai egiten du hizkuntza, normalean euskarara hurbiltzen ez diren pertsonen begien eta belarrien aurrean. Jende askok ez luke inoiz ETB1 ikusiko, eta ETB2n badu aukera hainbat adierazpen eta kaleko jendea euskaraz entzuteko. Finean, espazio handiagoa hartzeko aukera ematen dio euskarari. Bestetik, askotan aipatzen da kanalen arteko "desoreka". Bada, ETBren barne-produkzioaren zatirik handiena ETB1era bideratuta dago. Jendeak, beharbada, ez du ikusten, baina euskarazko kanaleko prime time-an etengabe sartzen dira barne-produkzioko programa berriak, eta hori ETB2n ez da maila berean gertatzen.

Ez du asmatzen orduan?
Badago saio "potoloenak" ETB2ra bideratzen direnaren uste bat, baina, zer da saio potolo bat? Kirola, adibidez, oso gauza garrantzitsua da telebistan, eta ETB1en emititzen da. Horretaz aparte, era guztietako euskarazko programak daude: albistegiak, informazio saioak, umeentzako saioak, gazteentzat, gizarte saioak, sukaldaritza programak€ Askotan fikzioaren beharraz hitz ere egiten da, eta hor daude Goazen eta hilabete bukaeran estreinatuko dugun telesail berria. Pelikulak ere ematen dira urteko sasoi berezietan.

Euskalkien erabileraren inguruan, zer ildo jarraitzen du ETBk?
Eztabaida hori aspalditik dugu ETBn: euskara estandarra bakarrik erabili, ala euskalkiak eta hizkera lokalak ere txertatu? Hasieran oso euskara estandarraren aldeko apustua egin zuen ETBk, baina gerora gogoetak egin dira eta hizkera lokalak presentzia handitu du. Zentzu horretan, mugarria Sorginen Laratza izan zen, saioko pertsonaia batzuek euskalkian hitz egiten baitzuten. Horrek bide bat ireki zuen eta beste programa batzuk agertu ziren euskararekin dinamika bera zutenak, Wazemank, kasu. Informatiboetan, bestalde, ez du zentzurik aurkezleek eta kazetariek tokiko hizkerara jotzea, bai ordea albisteekin batera agertzen diren herritarren iritziak. Bestelako programetan, kolaboratzaileek eta kaleko jendeak bere hizkerarekin berba egin dezatela ahalbidetzen da, beti ere estandarretik gehiegi urrundu gabe.

Euskara kolokialaren falta dugu?
Euskalgintzan gabiltzanon ideia orokorra da kaleko euskararen esparruan sakondu beharra dagoela. Badago kaleko euskara, hainbat euskalkietan, baina euskara batu kolokialaren eredu bat falta zaigu. ETBn uste dugu eredu horretan sakondu dezakegula, euskara batu kolokiala landuz eta hura zabaltzen lagunduz. Lan handia dago arlo honetan egiteko.

Eta etorkizunera begira, zein beste erronka du ETBk normalizazioan sakontzeko?
Gure artera bizitzera datozen herritarren integrazioan, euskarak prozesu hori errazteko tresna izan behar du? Beharbada bai. Eta horrela bada, ETBk nola lagundu dezake jende hori integratzen euskararen bitartez? Hor badago beste lan ildo garrantzitsu bat, Euskal Telebistan jada aztertzen ari garena.