donostia - Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Oraintsuko Historiaurrea Iparraldeko Euskal Herrian: erabateko kronologia eta kultura-aldaketak (PreKronoa) proiektuari eman dio Barandiaran Beka 2020. Miriam Cubas Morerak zuzenduko du ikerlana, eta Angel Armendarizek, Jesus Tapiak, Izaro Quevedok eta Urko Santamariak osatuko dute lantaldea, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak jakinarazi duenez.

Guztira, arkeologia arloarekin erlazionatutako bederatzi proposamen aurkeztu dira Barandiaran Beka 2020 deialdira. Lanak baloratu dituen epaimahaiaren esanetan, "edizio honetako maila altua izan da". "Aurkezturiko zenbait proiektuk gai originala landu dute eta, gainera, parte hartzaileen aniztasuna ere aipagarria da", gaineratu du.

Miriam Cubas Morerak jakinarazi duenez, Oraintsuko Historiaurrean kokatutako ikerlana 2020an zehar garatuko dute, eta Bizkaian eta Gipuzkoan oinarrituko dira. Ezagunak diren aztarnategietan ardaztuko da ikerketa, esaterako, hilobi haitzuloetan. - E. P.