Oier Aranzabal, Ritxi Lizartza eta David Pallares zuzendariak 1968an diktadurari aurre egin zioten apaizentzat eraikitako Zamorako kartzelara eramaten duen lan dokumentala egiten ari dira. Lehen pertsonan egindako kontakizunen bidez, kartzela hori bizi izan zuten protagonisten “ezagutu beharreko” istorio izugarria berreraiki dute. Ikus-entzunezkoaren egileek amaitu gabe daukaten lana aurkeztu zuten abenduan Durangoko Azokan, work in progress eran, hau da, oraindik eraikitzen ari dena. Zuzendariek aurreratu dutenez, filmaren behin betiko bertsioa aurki egongo da prest eta, ondo bidean, udazkenean iritsiko da aretoetara. Jaialdietan ere ibilbidea abiatzeko asmoa dutela iragarri dute bere egileek.

1968an frankismoari aurre egiteagatik kondenatu eta espetxeratu zituzten apaizen istorioa kontatzen du Apaiz kartzela lanak, horientzako espresuki eraikitako Zamorako espetxeko hegal batean bizitakoak. Beren sermoiekin diktaduraren aurka borrokatzera bultzatu edota jazarpenaren kontrako bestelako manifestazioetan parte hartu zuten apaizak izan ziren hara eramandakoak, eta horietako askok, gainera, beste borroka batzuekin bat egin zuten, langile mugimenduekin eta sindikatuekin, esaterako.

MEMORIA ARIKETA Aranzabalek aitortu duenez, “prozesu luzea eta neketsua” izan da. Duela bost urte hasi ziren proiektuarekin, eta bukatzeke daukate oraindik. Garai ilun hartan protagonista izan ziren gizonen informazioa eta testigantzak biltzen aritu dira ordutik, bai eta garaiko irudiak -inoiz erakutsi gabeak batzuk- berreskuratzen ere. Duela 50 urte torturak, jazarpena eta kartzela jasan zituzten apaiz horien istorioa “berpizteko” ariketa gisa definitu du Aranzabalek Apaiz Kartzela: “Memoria ariketa gisa planteatu dugu dokumentala; istorio asko daude argitara atera beharreko itzalean”, uste du zuzendariak.

Zamorako kartzelari buruzkoak nahiko ezezagunak egiten zitzaizkiela aitortu dute Lizartzak eta Aranzabalek, eta horrexegatik erabaki zuten filma osatzea. Beste arrazoietako bat kartzela horrek zuen berezitasuna da: “Apaizentzat munduan izan den kartzela bakarra izan zen, ziurrenik”, dio Lizartzak. Bakarra ez bada, kartzela konkordatu bakarrenetakoa izango da Zamorakoa, Francoren erregimenak eta Vatikanoak 1953an egindako konkordatuaren emaitza izan baitzen espetxea. Akordio horren arabera, atxilotutako elizgizonek han bete behar zuten ezarritako zigorra, gune berezi batean, beste presoengandik bereizita. Hala, ia 60 izan ziren 1960ko eta 70eko hamarkadetan Zamoran espetxeratu zituzten apaiz eta fraideak, euskal herritarrak gehienak, baina baita katalanak, galegoak eta madrildarrak ere. Jatorri ezberdinetakoak izan arren, “arrazoi desberdinengatik bat egin eta kolektibo gisa aritu ziren kartzelan”, kontatu du Ritxi Lizartzak.

Xabier Amuriza, Josu Naberan, Jon Etxabe, Julen Kaltzada, Martin Orbe, Juan Mari Zulaika, Felipe Izagirre eta Periko Solabarria dira Zamorako kartzelan izan ziren protagonistetako batzuk. Horietako asko elkarrizketatu dituzte dokumentalerako, haien lekukotzak baitira lanaren oinarria. Katalunian ere antzeko lana egiten ari zirela ohartu ziren zuzendari euskaldunak eta koprodukzioa proposatu ondoren, Pallares ekoiztetxe katalana batu zen proiektura.

MATXINADA Apaizek Zamoran sufritutako bizi-baldintza gogorrak azaleratu nahi izan dituzte dokumentalean, eta lekukotzen bidez, garai hartan egiten zizkieten torturak eta umilazioak gogora ekarri dituzte. “Apaizentzako ihesaldia zen alternatiba bakarra, eta hala planteatu zuten”, azaldu du Aranzabalek. Urtebete luze eman zuten apaizek garbitegitik kalera arteko ezkutuko tunela zulatzen, kartzelan zituzten baliabide urriekin. Euren artean adostutako irteera egunerako aste bat baino falta ez zenean, ordea, espetxezainek tunela aurkitu zuten. “Gero, noski, errepresioa areagotu egin zen”, azaldu du Lizartzak. Plan zapuztuaren ondoren, baina, matxinada antolatu zuten apaizek eta ateak eta telebistak apurtu eta koltxoiak eta gainerako objektuak erre zituzten. Bilaketa lan handi baten ostean, matxinadaren irudi horiek Stockholmeko artxibo batean aurkitu dituzte zuzendariek.

Aranzabalen eta Lizartzaren ustez, “memoriaren metafora” da Apaiz Kartzela dokumentala: “Barrutik inor atera ez zedin egin zuten kartzela hori, eta kateatuta dago, inor ez dadin sartu. Memoriarekin gertatzen ari dena ikus dezakegu hor: badirudi Estatuak ez duela nahi inor horretan sartzerik, bertan gertatu zirenak ez ditzan inork gogoratu”. Gaur egun, Zamoran ibilitako apaizetako hamazortzi Argentinako kereilaren parte dira, Maria Servini epaileak ikertzen duen frankismoko krimenengatik abiatutako prozesuaren parte, alegia.