donostia - Iazko abenduaren 27an Nøgenek Antzoki Zaharra bete egin zuen. Birako azken kontzertua izango da igandekoa eta Victoria Eugeniarako sarrerak agortuta daude, jada.

-Victoria Eugeniako kontzertua oso berezia da guretzat; mimo handiarekin prestatu dugu. Guretzat horrelako antzokietan jotzea oso garran-tzitsua da, lehenik eta behin, Donostiarrak garelako, eta, bigarrenik, horrelako kontzertuak beti publikoaren perspektibatik ikusi izan ditugulako. Esango nuke Victoria Eugeniako kontzertua Antzoki Zaharrean eskaini genuena baino bereziagoa izango dela.

Zergatik?

-Birako gure azken kontzertua delako eta, seguru aski, 2020an eskainiko dugun bakanetarikoa izango delako. Fase bat ixteko kontzertua izango da.

Nolakoa izango da kontzertua? Gonbidaturik izango duzue?

-Gonbidatuena airean utziko dut, ez dut pistarik emango. Esango dudana da, Nøgen beste formatu batean ikusteko aukera izango dela, Nøgenen beste ikuspegi bat erakutsiko dugu. Kontzertu honek, ezagutzen ez diren gauzak gertuagotik ezagutzeko aukera eskainiko du.

'Liv til døden', zuen lehenengo diskoa, 2018ko azaroan kaleratu zenuten. Urtebete luzez biran ibili ondoren, zer balorazio egiten duzue?

-Birak ikasteko balio izan digu. Diskoa kaleratu genuenetik, bilakaera handia izan dugu. Pertsonalki eta talde bezala osatu gara. Bidean oztopo asko izan ditugu eta bakoitzari aurre egin diogu. Uste dut diskoarekiko zuzeneko nahiko biribila lortu dugula.

Hazi egin zarete, beraz.

-Disko honekin gure nerabezaroa gainditu dugu (barreak).

Euskal Herritik kanpo ere ibili zarete. Zein izan da Nøgenen momenturik bereziena?

-Talde bezala, ez dakit. Oso momentu bereziak bizi izan ditugu, Kubara joan ginenean, esaterako. Japonia eta Koreako esperientzia ere kristorena izan zen. Estatu mailan egin ditugun birako momentu asko ere bereziak izan dira. Bide osoan disfrutatu dugu.

Urte honetan zenbait jaialdietan ere parte hartu duzue, Donostiako Jazzaldian, esaterako.

-Lehenago aipatutakoaren harira, Jazzaldia ere beste leku batetik bizitako esperientzia izan da. Zurriola hondartzako bezalako agertokiak leku mitikoak dira guretzat. Kontzertu horretan dena kontra jarri zitzaigun: euria, haizea... bertan behera geratzeko zorian egon zen. Azkenean, aurrera egin eta jende piloa bildu zen; ospatzeko aukera eman zigun. Oso oroitzapen politak ditugu.

Atlantikaldia jaialdiaren abestia zuena da.

-Sorpresaz hartu genuen. Pixka bat diskotik kanpo geratzen den abesti bat da. Eider Saezen lehenengo abesti grabatua da, gainera. Bagenuen Eider formatu digitalean entzuteko gogoa.

Nabaria da Nøgenek publikoarekin konektatzen duela. Zergatik dela uste duzue, orain arte euskaraz landu ez den estilo bat jorratu duzuelako? Folk pop eta folk rock alai horretaz ari naiz, noski.

-Ez da estilo, hizkuntza edo abesti kontua. Arrazoi nagusia da agertokian taldekideak konektatu egiten dugula, publikoak gure laguntasuna antzematen du.

Diozu Victoria Eugeniako kontzertua 2020an eskainiko dituzuen artean bakanetarikoa izango dela. Disko berriren bat prestatzeari ekingo diozue?

-Lehenengo diskoa eta bira luze honen ondoren, agertokietatik urrunduko gara konposatzen hasteko. Asmoa bada abesti berriekin zeozer fisikoa kaleratzea, baina oraindik ez dugu finkatu noiz irtengo den.

Bide beretik jarraituko duzue?

-Orain arteko abestien modukoak izango dira. Halere, estiloari dagokionez, gure burua ez dugu inoiz mugatu; konposatzerako garaian estiloa ez da inoiz ardatza izan.