donostia - Herriko Udalak atzo jakinarazi zuen atal bakoitzeko lau finalisten artetik aukeratuko dituela epaimahaiak aurtengo bi irabazleak, maila bereko Kazetaritza eta Komunikazio ataletan. Gainera, 2019ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Ohorezko aipamena Iñaki Elorza Txapas kazetariari emango dio. Aipamen hori ez da urtero egiten; izan ere, sariaren oinarrietan agertzen denez, “Epaimahaiak bere esku izango du euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko aipamena egiteko aukera”.

Aurtengo XXXI. edizioan, epaimahaiak aukera horretaz baliatzea erabaki du, aintzatespen hori Elorzari emanaz. Kazetariak ibilbide luzea egin du irratian euskaraz, lehenik eta behin Herri Irratian eta, ondoren, Euskadi Irratian.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, kazetari hau “Irrati-esatari aparta da, etorri handikoa eta euskara bizi-bizia duena” eta “Kirol-erretransmisioetan jokoaren deskripzioa maisuki egiteko abileziaz jantzia”.

Sari banaketa ekitaldia datorren ostegunean izango da, ilunabarreko 7etan, Andoaingo Bastero kulturgunean. Kazetaritza Sariaren lau finalistak hauek dira: Jon Artano, EITBn Ameriketatik egindako kronika eta elkarrizketengatik; Ana Galarraga, Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalarengatik; Miel Anjel Elustondo, Berria egunkarian egindako Zozoen elean elkarrizketengatik; eta Kanaldudeko Hurbiletik saioko uda arteko atalak.

Azkenik, Komunikazio-sariaren lau finalistak honako hauek dira: 2019ko Korrikaren komunikazio-kanpaina, Ttap aldizkari digitala, CodeSyntaxen Egunean behin jokoa, eta Oier Aranzabalek Zuzeun argitaratzen duen Barruan gaude podcasta. - M. Tolosa