“Euskal itzulzaileok eta baliabide automatikoek lortuko dugu euskara hizkuntza handi baten corpusa izatea”
‘Senez’ aldizkariaren 35 urteak eta 50 zenbakiak ospatuko ditu EIZIEk. Itzulpengintzaren erronka eta mehatxuei buruz aritu da Karlos del Olmo
donostia - Senez aldizkariaren 35. urteurrena eta 50. zenbakia ospatuko ditu Euskal Itzultzaile, Zuzen-tzaile eta Interpreteen Elkarteak, EIZIEk, urriaren 16an Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Karlos del Olmo, elkarteko kidea da gaur egun Senez aldizkariko zuzendaria, eta ondo ezagutzen du zein izan den itzulpengintzaren bilakaera hiru hamarkada hauetan.
‘Senez’ aldizkariaren 50. alearen argitaratzeak, EIZIE elkartea ezagutzeko aukera ematen digu. Zer da EIZIE?
-EIZIE Elkartea Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea da. Gezurra badirudi ere, aldizkaria elkartea bera baino lehenagokoa da, ia bost urte lehenagokoa. Martuteneko Itzultzaile Eskolak, UZEIk eta Elhuyarrek hartu zuten parte lehenengo alean. Bigarren alerako Martuteneko eskolak hartu zuen ardura. Aldizkarian argitaratutako artikulu baten ondorioz sortu zen EIZIE, profesionalen artean egindako inkesta batean ikusi baitzuten beste hizkuntza batzuetan zeuden moduko elkarte bat beharrezkoa zela. 25 lagunek erabaki zuten sortzea, eta aldizkaria ere elkarte berriaren esku gelditu zen.
EIZIE sortu zeneko helburuak eta gaur egungoak berdinak dira?
-Gauzak asko aldatu dira, euskara bera eta Euskal Herri euskalduna, edo bi hizkuntzen arteko oreka eta beharrak aldatu diren neurrian. EIZIE elkarte profesional bat da, ez da elkargo bat legeak aukerarik ematen ez duelako. Baina gurean bazkide izateko lanbidean aritu beharra daukazu eta eskarmentua egiaztatu. Hasierako helburua elkartea plaza modukoa bat izatea zen, lanbidearen beharrak eztabaida-tzeko eta prestakuntza eta babesa emateko. Helburu horiek manten-tzen dira.
Eta aldaketak?
-Hor egon den bilakaeretako bat izan da euskal administrazioetan gero eta itzultzaile eta interprete gehiago sartu direla, baina lan baldintzak eta erregulazioak ez dira asko aldatu. Elkarte baten beharra ikusten da. Ikus-entzunezko arloan ikusi da zer gertatu den: bikoizketan lan baldintzak eta prezioak maldan behera joan dira nabarmen. Egia da gaur egun beste lan alor batzuk sortu direla, hedabide, Internet eta informatikak ekarri dituztenak. EIZIE elkarte profesional bat da eta oraindik badu kontu bat zalantzak plazaratzeko eta itzulpengintzaren entziklopedia bat izan nahi duen zerbitzua. Elkartea eta aldizkaria txikiak dira, euskara eta Euskal Herria txikiak diren neurrian. Beste aldaketa inportantea izan da gaur egun belaunaldi bat badagoela hizkun-tzen aldetik ezagupen hobea daukana, eta behar bada birplanteatu egin beharko da Euskal Herrian itzulpen politikari dagokionez zer itzuli behar den eta zer ez.
Kanpotik, itzultzailea itzalean dagoen bitartekari bat bezala ikusten da.
-Hala gertatzen da. Beti egon da uste erdi ustel bat: lan itzuliak txarragoak direla jatorrizkoak baino. Baina hori ez du inork esaten beste hizkuntzetan. Egia da euskaratutako hainbat lanetan, batez ere literatura inguruan, eredugarri diren eredu batzuk badaudela. Bai, tartekari bat da itzultzailea, erdi ikusezin izan behar dena, inportanteena sorburukoa delako, baina zubigintza bat egiten duena. Alderdi horretatik interpreteen lana nabarmenagoa da. Itzultzaileen izenak ez ditugu gogoratzen, baina beste hizkuntzetan ere antzekoa gertatzen da. Inolaz ere, liburu bat hartzen dugunean berehala konturatzen gara ondo irakurtzen den ala ez. Azken finean egilearen estiloa nabarmendu behar da, eta hor dago itzultzailearen artea: ez duela desitxuratu behar jatorrizkoa, baina beste alde batetik euskal hartzaileek ondo mamitzeko moduko forma eman behar dio. Esaldi polit bat dago horri buruz: itzultzailea bi nagusien morroia da, sortzailearena eta har-tzailearena.
Zailtasuna beti ez da berdina izango.
-Oso zaila da %100ean errespeta-tzea jatorrizkoa, eta zer esango dugu poesia eta antzerkia denean. Sorburu testu bakoitzak tratamendu mota bat behar du. Beste gauza bat ere esaten da: hamar itzultzaile onek, hamar itzulpen on egingo dituzte. Ez dira berdinak izango, baina denak onak.
Idazle batek zer eskatzen dio itzultzaile bati?
-Hor dago kontua. Egile batzuk esaten dute itzulpena ezinezkoa dela eta itzultzailea traidore bat dela. Baina nik ez dut inor ezagutu munduko hizkuntza guztiak zekizkienik jatorrizko hizkuntzan irakurri ahal izateko. Itzulpengintzaren aukera uka-tzen duten batzuek gero testu itzuliak irakurtzen dituzte eta ez dute arazorik izaten. Horiek onartu behar dute itzultzaile ona azken batean bere bidaidea dela. Batzuk oso ondo jabetuta daude euren lanak beste hizkuntza batean izango duen arrakastaren bermea itzultzailea dela. Batzuk diote itzultzailea berridazle bat dela, testua berridazten duena. Idazlea bizirik badago elkarrizketa bat sortu behar da, galdetu egin behar diozu itzulpena egiterako orduan.
Itzultzailea orduan idazlea ere bada.
-Hala pentsatzen dut. Itzultzailea berridazlea edo idazlea da, eta idazle ona izan behar du. Zenbateraino eman behar dio itzultzaileak usaina edo kolorea itzulpenari? Saiatu behar da ahalik eta gutxiena ematen, baina ezinezkoa da. Hizkuntza ez da zientzia, hizkuntzan bi eta bi ez dira beti lau. Idazleak eskatzen duena da bere estiloa eta eman nahi duen mezua ez desitxuratzea, eta ahal bada antzeko produktu bat sortzea, baliokide bat. Obra berdinaren itzulpen ezberdinak daude. Itzulpen guztiak bertsioak dira, baina musikarekin antzeko zerbait gertatzen da, partitura bat musikari bakoitzak bere moduan jotzen baitu.
Zuk esandakoa da: “Itzulpengin-tzari esker da gaur egun mundua mundu”.
-Jendeari askotan ahazten zaio hizkuntza eta kultura guztiek elkarrengandik edan izan dutela historian zehar, eta horrela izan bada itzulpengintzari esker izan da. Brometan esaten zen itzulpengintza munduko bigarren lanbiderik zaharrena zela, eta itzulpengintzaren aurretik interpretazioa egon zen. Oraindik leku batzuetan hizkuntza idatzirik ez dago, eta hor interpreteak behar dira.
Itzulpengintzan lan egiteko eran garapen bat egon da? Zein izan da teknologien eragina?
-Euskal Herrian itzultzaileek, EIZIEk eta Senez aldizkariak beti garrantzia handia eman diote itzulpengintzara aplikatutako teknologia berriek egin ditzaketen ekarpenei. Euskal Herriko itzultzaile eta interpreteak beti izan gara teknologia berrien aldekoak. Egia de aurrerapen handiak gertatzen ari direla, baina momentuz mehatxu moduan baino gehiago elkarlan bezala ikusten dira. Itzultzaile automatikoek itzultzaile profesional bat behar dute, eta alderantziz. Itzultzaile automatiko batek errazten dizu behar bada lanaren parterik neketsuena, eta gero zuk egokitu egin behar duzu. Hala ere jatetxe batean zuk nahiago duzu sukaldari on batek egiten duen otordua, ez hozkailutik atera eta berotzen dena. Makinek egindako lana ez da gizakiak egindakoa baino hobea izango. Itzultzaile automatiko batek nekez itzuliko du metafora bat.
Hortaz, mehatxurik ez?
-Ezin ukatu teknologia berriek mehatxu bat badakartela eta itzultzaile automatikoak zenbat eta hobeak izan orduan eta lan aukera gutxiago edo langile gutxiago beharko direla. Euskarak era berean badu aukera bat, bere corpusa oso txikia delako. Euskal itzultzaileen lanari baliabide automatikoak gehituta lortuko dugu euskara hizkuntza handi batzuen pareko corpusa izatea, eta horrek euskara bera ez galtzen lagundu dezake. Hori batzuetan ez baita ikusten, alegia, teknologia berriak hizkuntza txikiak salbatzeko bide bat ere badirela.
Itzulpengintza teknikoa eta literarioa. Bata zehatzagoa eta bestea sortzaileagoa?
-Orokorrean bi testu mota egoten dira. Testu mota batzuek morron-tza handiagoa daukate sortzailearekiko eta fideltasun hori beharrezkoago dute. Maila berean kokatu behar dira testu literario bat edo etxera Haziendak bidaltzean duen gutuna, edo zuretzat ondorio legalak izan ditzakeen eskutitza. Zailak biak dira, bakoitza bere neurrian. Batak edukiko du zailtasun gehiago irudikeriaren aldetik, lehen aipatutako metaforen kasuan adibidez, eta besteak gehiago izango du zehaztasunaren aldetik.
Hizkuntza zenbat eta txikiagoa, itzulpengintzaren beharra handiagoa? Zer eman dio itzulpengintza euskarari?
-Garai batean neurtuta zegoen euskaraz argitaratzen ziren lanen heren bat baino gehiago itzulitako lanak zirela. Gaur egun hori orekatuago dago. Amerikarrek eta ingelesek gutxiago itzultzen dute, hegemoniaren kontua hor baitago. Txikiagoak diren hizkuntzek itzultzeko premia handiagoa dute. Hala ere hizkuntza eta kultura nazional guztiak itzulpenari esker mamitu dira. Ez dago munduan idatziz garatu den hizkuntzarik itzulpenetik edan ez duenik, ezinezkoa da.
Literatura unibertsaletik itzuli ez den zer liburu da zure ustez itzuli beharko litzatekeena?
-Asko. Inor ez da bustitzen horretan eta ni ez naiz izango lehena. Euskal itzultzaile batzuk, unibertsitateari esker eta EIZIEk egiten dituen hainbat ekimenei esker, japonieratik eta arabieratik, adibidez, zuzenean itzultzen ari dira; baina oraindik hor dauzkagu ekialdeko Mahabhárata eta beste antzinako saga batzuk, jatorritik euskaratu ez direnak; ezta zirkuitutik kanpo egon diren beste lan batzuk ere. Esate baterako, Nobel sari guztiak ere ez daude euskaratuta. Kultura txikietako lan asko dago itzultzeko. Eta euskal produkzio guztia, bere txikian, ez dago beste hizkuntzatara eramana. Asko falta da. Literatura gauza minoritarioa da eta diru aldetik gobernu batek pentsa dezake gaur egun ez dela hain beharrezkoa horrelako ekimen bat bultzatzea. Baina ez da egia.
Ba al dago gainditu ezin den zailtasunik?
-Euskaraz, adibidez, beti esan da Ulises, James Joycen liburua, ia itzulezina zela. Ez da egia. Neroni bat oso zaila suertatu zitzaidan, Malcolm Lowryren Sumendiaren azpian. Liburu horretan zati asko alkoholiko baten eldarnioak zirelako. Badira horrelako berezitasun batzuk, baina itzulgarritasuna eta itzulezintasunaren 0 eta 100 bitartean jarrita, normalean poesia da 100etik hurbilen egoten dena zailtasunean. Poesiak beste ñabardura bat ere badauka: erritmoa. Erri-tmoari begiratzen badiozu hizkuntza hautsi egin behar duzu, eta hizkuntzari soilik begiratzen badiozu ez duzu erritmoa lortzen. Oso zaila da guztia borobiltzea. An-tzerki lan batzuekin berdina gerta daiteke, baina kasu honetan arazoa beste bat da: agertokian jatorriz sentitzen zen hura bera sentiaraztea lortu behar baitu itzultzaileak.