donostia - 'Ukitzeko artea' programa berria Gipuzkoako hainbat herritako ikastetxetara zabalduko da ikasturte honetan, iaz Bizkaian ibili ostean. Besteak beste, Zarautz, Orio, Mutriku, Eibar, Hernani, Lasarte, Beasain, Bergara edo Arrasateko ikastetxeetara eramango da.

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Iberdrolak 2012an jarri zuten martxan programa hau museoan bertan. Iaz geroztik, ordea, ikastetxeetako ikasleengana zabaldu nahi izan dute. “Erakusketak, ikusteko, entzuteko eta esperientzia berriak eragiteko espazio bat izan nahi du; ez bakarrik ikusten duten ikasleentzat, baita ikusi ezin dutenentzat ere”, azaldu zuen atzo María Victoria Antoñanzas, Museoko Hezkuntza eta Kultura Ekintza Sailaren buruak, Zubiri Manteo Institutuan egindako aurkezpenean.

Margolanak Ukitzeko artea programarako hasieran aukeratutako sei margolanei -tartean, Grekoren Agerkundea, José de Riberaren San Sebastian emakume santuek sendatua eta Orazio Gentileschiren Lot eta haren alabak- Noeren kutxa obra gehitu zaie aurten, Erromaniko katalan estilokoa, XIII. mendekoa. Erakusketako obrak Bilboko Estudios Dureron egindako garapen teknologikoaren ondorio dira. Museoko bildumako irudi digitalei testura eta erliebea atxiki dizkiete ukipenaren bidez irudiak aztertu ahal izateko. Bestalde, audiogida bat ere badute lagungarri gisa. IBT-CRI, ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne har-tzeko baliabidetegiko Ander Apolo eta Diana Benedicto gazteek ikusmen urritasuna dute eta atzo Ukitzeko artea ezagutzeko aukera izan zuten Zubiri Manteon. “Niretzat esperientzia izugarria izan da koadro bat ukitu eta zer den jakitea”, azaldu zuen Apolok. Benedictorentzat ere esperientzia polita izan zen. “Asko gustatu zaizkit ikusi ditudan koadroak, esperientzia paregabea izan da ez baitut ondo ikusten”, esan zuen. - S. Ibarguren