Síguenos en redes sociales:

Aresti, madarikaziotik markara

‘Inor ez delako profeta bere mendean’ saiakeran, gizarte garaikidean Gabriel Arestiren irudiaren erabilera aztertu du Asier Amezagak

Aresti, madarikaziotik markaraErein

Bizi zela, Gabriel Aresti euskal kulturaren zirika-tzaile nagusietako bat izan zen, batzuetan miretsia, beste askotan baztertua. Beti polemikaz jantzirik, euskal literatura irauli nahi izan zuen formaz eta edukiz, eta euskararen garapenean ere eragin izugarria izan zuen. Gazte hil zen, ordea, 1975ean. Harrezkero, Arestiren figurak eta obrak izan duten ibilbidea gizartearen unean-uneko ikuspegiei lotua egon da, eta Asier Amezagak bere tesian aztertu du hori. Miguel de Unamuno saiakera saria irabazi zuen eta, Erein argitaletxearen eskutik, bertsio dibulgatiboagoa aurkeztu berri du, Inor ez delako profeta bere mendean.

“Ikerketa egitean jabetu naiz, Arestiren eta bere obraren gainean egiten diren irakurketekin euskal gizarte garaikidearen mapa osatu daitekeela”, dio Amezagak. Kulturan eta euskaran nabari da haren eragina, baina baita euskal gatazkari, ekonomiari eta abarri begiratzeko moduetan ere. Gaur egun Arestiren ekarpena inork zalantzan jartzen ez badu ere, hori ez da beti hala izan: Azken urteak bakartuta pasa zituen, autore “madarikatua” zen askorentzat. Amezagak kontraesan horri heldu dio liburuan.

Zeregin horretako lehengaia Arestiren zenbait poema izan dira. “Arestik eta bere poemek azken urteetan izan dituzten agerpen edo azalera-tzeak” aztertu ditu. Aukeratutako olerki horiei garaian-garaian eman zaien funtzioan ikusi daiteke gizartearen bilakaera. “Arestik idatzi eta egun omenaldi, kantaldi edo hitzaldi batean errepikatzen diren olerkiak berberak dira, baina nork, noiz, non eta nola eguneratzen dituen, zentzu berrituak hartzen dituzte”.

Horren adibide egokia da Nire aitaren etxea poema famatua. Horko hi-tzak hartzailearen barren-barrenean eragiteko duten indarra ikusirik, maiz erabili izan dute era guztietako testuinguruetan. Esate baterako, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurreneko ekitaldietan, “sarraskiaren errepikapen ia masokistatzat” erabili zela azaldu du Amezagak. EAJren eta Ezker Abertzalearen arteko lehian ere erabili izan dela dio, eta 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean.

Liburuan agertzen diren beste poema ezagun batzuk dira Egun da Santi Mamiña, Zorrotzako portuan aldarrika eta Euskal Harria sailekoak. “Poema hauen eguneratzeek, gure iragan hurbilaren kontakizunaren inguruko saiakerak eta gatazkak islatzen dituzte”.

BILBOKO TOTEM Poeta madarikatu izatetik gaur egun erreferente izatera heltzeko bidea ere aztertu du Amezagak liburuan. Ikusi duenez, Aresti hil eta hamar bat urtera hasi ziren haren figura aintzat hartzen. Txomin Barullo konpartsak omenaldi xumea egin zion 1985ean; hurrengo urtean, Bilbo Hiria ipuin sariketak idazlearen izena hartu zuen, eta Bilboko Udalak jardunaldi batzuk antolatu zituen. “Damututa-edo”, Amezagaren ustez. Aresti uka-tzetik gurtzera pasa ziren erakundeak eta gizartea, “totem” bihurtu zen. Bereziki, Bilborentzat da totem, Aresti eta Bilbo sarritan elkarrekin agertzen diren izenak dira. “Frankismoko Bilboren testigantza paregabea eskaintzen du, ez dut uste bere obra Bilboko hiriari hain lotua duen beste idazlerik dagoenik”, dio Amezagak. Alderantziz ere, Bilbok bere egoeraren berri ematen du idazlea omentzeko moduetan: Euskalduna ontziola ixtea eta Guggenheim Museoa zabaldu izanaren islak nabaritu ditu omenaldi horietan.

Izan ere, Amezagaren ustez, Bilbo hiriaren irudian giltzarri diren hiru idazle daude: Miguel de Unamuno, Blas de Otero eta Gabriel Aresti. Hiriaren branding edo markagintzan duten garrantzia aztertu du, baina Bilbok ematen dien izaera sinboliko hori oso berria dela ikusi du, Guggenheim Museoa ireki zutenetik honakoa. “Museoa nazioartean proiekta-tzen den irudi globala da, baina aldi berean behar zen bertoko kulturarekin lotzen zuen zer edo zer: Unamuno, Aresti eta Otero Guggenheimen konpentsazio sinbolikoa dira”.

HARREMANA IRAGANAREKIN Madarikatu 1975ean, sinbolo 2018an, inor ez dela profeta bere mendean idatzi zuen Arestik poema batean, eta liburuaren izenburutzat aukeratu du esaldi hori Amezagak. “Bere gain hartu zuen profetaren figura, horrek poeta madarikatu bihurtu behar bazuen ere, onartu egiten zuen hurrengo mendera arte ez zela profeta gisa agertuko”. Horregatik, gaur egun bilatu behar da profeta haren arrastoa, baina Amezagak ez du idealizazioa areagotu nahi izan. Uko egin dio “benetako Arestiz” hitz egiteari. Nolanahi ere, Arestiren figura desitxuratuta agertzea ontzat jo du, horrek iraganarekin dugun harremanaren berri ematen baitigu: “Poema bat literaltasun hutsean utziko bagenu, ez luke indarrik izango, errepikatzeko eta moldatua izateko da poema”. Arestiren ahots poetikoari gorputza bilatu nahi izan dio, “Egun da Santi Mamiña abesten dugunean ahotsari gorputza ematen zaio, askok kantu herrikoia dela uste duten arren. Profetaren hitza disolbatu egiten da herritartu ahala”.