Tabakaleran gelditu gara Mikel Pagadirekin. Autobusez etorri da, ez baitu gogoko kotxea gidatzea. Berandu dator. Bat batean, whatsapp bat: "Tabakalera barruan galduta nabil". Bere bila goaz. Halakoxea da Pagadi: despistatua, dibertigarria, beti barrerako prest. ETB1eko Herri txiki, infernu handi programa arrakastatsuan aritzen da igandero Zuhaitz Gurrutxagarekin batera, Euskal Herriko edozein tokitan. Denetarik egiten ikusi dugu: zaldi gainean, oilo errebelde batzuen arraultzak bilatzen, basurde bati jana ematen...

Ni Oihana, eta zu?

NI Mikel, urte askotarako!

Nola aurkeztuko zenuke zure burua? Gidoilari, umorista, aktore?

Gehiago identifikatzen naiz gidoigile bezala, 14 urte daramat gidoiak idazten, eta praktiko izateagatik, gidoilari naizela esaten dut. Zuzenbidea ikasi nuen, gero diseinu grafikoa, baina idatzi besterik ez dut egin. Orain aurkezle izatea ere egokitu zait, baina nire gidoiak idazten ditut.

Noiz jabetu zinen umorea izango zela zure ogibide?

Kasualitatez izan zen, badago jende asko betidanik dentista edo notario izateko bokazioa sentitu duena, nik ez. Ikasten nengoela nire helburu bakarra "por la mínima" aprobatzea zen. Nire lagun batek, aldiz, zazpi urteko ume koxkor bat zela argi zuen jefea izan nahi zuela, eta hala da gaur egun. Inbidia ematen dit gauzak hain argi izatea. Gaur egun ere ez daukat argi zer nahi dudan.

Enkasillatuta gustura zaudela esan duzu inoiz...

Umorea egiten, idazten, nire bidea aurkitu dut, eta urteak daramat berdina egiten, gauzak ondo doazen seinale...

Despistatuta dirudizu. Benetan zara halakoa, edo horren plantak egiten dituzu?

Oso aktore txarra naiz, eta ondo egiten dudan paper bakarra Mikel Pagadirena da. Batzuetan, agian, pixka bat esajeratzen dut, baina ez dago errealitatetik kanpo. Lanerako oso milimetratua naiz, baina eguneroko gauzetarako, berriz, zeharo despistatuta. Asko gustatzen zait historiari buruz irakurtzea, Bigarren Mundu Gerra, Napoleon, eta abar. Adibidez, Waterlooko batailaren xehetasun ziztrin batekin gogoratzen naiz, alegia, lokatza zegoela eta euria ari zuela, baina ez dut gogoratzen non aparkatu dudan gaur goizean kotxea. Ordenagailuan pilatzen ditugun tontakeriak bezalaxe, halakoxeak dira nik gogoratzen ditudanak.

Animaliekin ere ez zara oso ondo moldatzen... Zer gertatzen zaizu?

Ondo konpontzen naiz animaliekin (barrezka). Gertatzen dena da eskua sartzen dudala sartu behar ez dudan tokian. Txakurrek ez nuke esango beldurra ematen didatenik, baina bai errespetua. Dobermana lotu gabe daraman batek esaten badit ez duela ezer egiten, nahiago dut kontrako espaloira joan. Aita ehizan ibiltzen zen eta beti izan ditugu txakurrak etxean, baina ni ez naiz batera zalea izan. Ehizatzeko oso goiz jaiki behar duzu, eta nik nahiago dut ohean goxo egon.

Zer da zuretzat infernua?

Fakturak eta paperak egitea, hori da niretzat okerrena. Hiri batean kotxez gidatzea ere infernua da niretzat, nahiago dut autobusa hartu. Hori bai, ez dut ulertzen nola tardatu dezakedan gehiago Miramonetik Donostiako erdigunera, Villabonatik Donostiaraino baino.

Eta paradisua?

Hurrengo egunean jai izan, eta lau pelikula ikusteko aukera izatea. Gustu sinpleak ditut, plan lasaiak gustatzen zaizkit.

Zinemazale porrokatua zara. Zinemapelmak ekimenean parte hartu zenuen joan den Beldurrezko Zinemaren Astean, zer nolakoa izan zen esperientzia?

Poltergeist aukeratu nuen, nahiko paranormala naizelako. Bi ordu luze eman genituen pelikula komentatzen, eta oso ondo pasa genuen. Principaleko izpiritu ganberro hori Victoria Eugenia antzokira eraman nahi izan genuen, eta gainera euskaraz. Okerrena izan zen kabina batean sartuta egon nintzela eta ikaragarrizko beroa pasa nuen.

Twitterren oso aktibo zara. Umore asko izan behar da, ordea, gaur egun Twitterren aguantatzeko, hater asko dago eta.

Ez dut melankoliko jarri nahi, baina Twitter asko aldatu da. Jendea segituan sumintzen da. Intentsitate baxuko umorea erabiltzen dut, badaezpada polemikatan ez erortzeko. Nik nahiago dut txisteak testatzeko laborategi moduan erabili. Hau esatea arriskutsua iruditzen zait, agian jarraitzaileak galduko ditut...

‘Herri txiki, infernu handi'. Laugarren denboraldia ari zarete egiten Euskal Telebistan, oso audientzia onekin, harik eta euskarazko telesaila den kontuan izanik.

Azkeneko urtean, batez ere, nabarmen igo da audientzia, eta gu geu ere harrituta gaude. Telebistan kontrakoa pasatzen da normalean, alegia, indartsu hasi, eta pixkanaka galtzen hasten da. Jendeari eskerrak besterik ezin dizkiogu eman, eta lasai gelditu daitezela, estropozu egiten eta txakurrengandik ihes egiten jarraituko dudala zin egiten dut.

Zein izan da bizi izan duzun grabaketarik zailena?

Tipo batek bere txakurra erakutsiko zidala esan zidan. Haren etxera joan ginen eta zakurra beharrean 50 kiloko basurde bat zen. Atea ireki zuenean, eta animali hura ikustean, pentsa zelako sustoa hartu nuen, chihuahua batekin inpresionatzen banaiz... Ogia emateko esaten zidan gizonak, eta ni hantxe, mahai bate gainean igota, ahal nuena egiten.

Zeinekin egin nahiko zenuke topo kaletik zoazela?

¿Puedo usar el comodín de la llamada? Hitchcock zine zuzendariarekin topo egingo banu, ideiaren bat kopiatzeko aprobetxatuko nuke.

Zuhaitz Gurrutxaga lankidearekin oso ondo moldatzen zara, hala dirudi, behintzat.

Hiru urte daramagu elkarri hitz egin gabe. Txantxa da. Herri txiki egin aurretik, bistaz bakarrik ezagutzen nuen, baina fletxazo bat izan dugu. Oso feeling ona daukagu.

Jaso duzu Euskal Herritik kanpora lan egiteko eskaintzarik?

Bai, Madrilen gidoigile aritzeko zenbait eskaintza jaso ditut, baina oso hipokondriakoa naiz eta ez dut batere gogoko bidaiatzea. Langabezian nengoela, telebistako lehiaketa batera apuntatu nintzen. 20 saio egin nituen! Kotxe bat eta dirua irabazteaz gainera, Costa Ricara bidai bat oparitu zidaten, eta nik bidaia HiFi musika ekipo baten truke aldatzeko eskatu nien. Ez zidaten aukerarik eman, eta halabeharrez joan behar izan nuen. Ez nintzen gaizki ibili, baina amaren etxean kroketak egunero jan ahal izatea bezalakorik ez dago.