Euskaltzaindiak Azkue Literatura Sariak banatu ditu
Epaimahaiak irabazleen lanen “sakontasuna” nabarmendu du
bilbo - Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak 2017ko Resurrección Maria Azkue Literatur Sariak banatu zituzten atzo, Akademiak duen Bilboko egoitzan. Guztira 151 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Epaileek lanen sakontasuna nabarmendu zuten eta modu berean, gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela nabaritu zuten, hala nola “inmigrazioa, gaixotasunak, buruaz beste egitea...”. “Baina era berean munduari begiratzeko modu bizia dute, ohiko egoerei beste modu batera begiratzeko gaitasuna”, adierazi zuten epaileek.
Sari-banaketan egon ziren, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gorka Martínez BBK Fundazioko burua. Atzoko ekitaldian azaldu zuten moduan, A mailan (10-13 urteko gazteen saila), Maialen Leiza -narrazioan- eta Lur Lopez -poesian- gailendu dira, eta B mailan (14-17 urte) Anne Arrizabalaga -narrazioan- eta Peru Amorrortu -poesian- izan dira irabazleak. Oiartzun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Gasteiz, Beasain, Otxandio eta Usurbilkoak dira aurten nabarmendu diren idazle gazteak. Partehartzaileen artean, “lan politak eta sakonak” egon direla azpimarratu zuten. Horrez gain, gazteek “bihotzetik sortutako ideiak” maneiatu dituztela esan zuten.
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, betiere Euskaltzaindiak izendatutakoak. A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni izan dira epaimahaikide, eta B mailan Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta. “Etorkizuneko euskal idazleak hemen daude”, esan dute epaileek.
Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu. - N.G.
Más en Cultura
-
Bruce Springsteen convierte en disco su primer concierto en Donostia
-
[Fotos] OBK pone a bailar Donostia con un gran concierto
-
Dupla quiere encender Donostia: "A veces lo que menos esperas es lo que más éxito tiene"
-
Fermin Muguruza actuará de nuevo en Ciudad de México, invitado por el Gobierno de la capital