Síguenos en redes sociales:

Katxiporretaren ikuskizun berria

|

Katxiporretaren ikuskizun berria

Zarautz - Pupu eta Lore, haizearen herrira, Imanol Urbietaren abestiez osatutako ikuskizuna, aurkeztu zuen atzo Katxiporreta Kooperatibak Zarauzko Modelo Aretoan, eta igande honetan izango da estreinakoz ikusteko aukera, Modelon arratsaldeko 16.30etik aurrera, baina sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

Duela lau hilabete zendu zen Imanol Urbieta musikaria, eta Katxiporretak duela gutxi eskaini zion omenaldia Urbietari Haizearen herrira izena duen disko-liburuarekin. Orain, ordea, omenaldi horrek pauso bat gehiago emango du izen bera daraman ikuskizunarekin, eta diskoaren kantuekin osatu dute haurrentzako obra. Horretarako, Pupu (Iraitz Lizarraga zizurkildarra) eta Lore (Ekain Ibarguren azpeitiarra), eta beren aitona Manolo (Inazio Tolosa zumaiarra) igoko dira oholtza gainera eta beraiek izango dute haurrak dantzan eta kantuan jartzeko ardura. Zuzendaria, berriz, Asier Sota donostiarra izan da, eta musika moldaerak Xabier Zabala musikari zarauztarrak egin ditu. Bestalde, Ainere Tolosak eta Elen Kortaxarena zarauztarrak ere kolaboratu dute.

Katxiporretak ohi duen bezala, giro alaiean eta kantuz egin zuen atzoko aurkezpena eta Zarauzko Salbatore Mitxelenako zenbait ikasle lagun izan zituzten. Eta obrako hiru protagonistez gain, Porrotx interpretatzen duen Joxemari Agirretxe eta Kontxi Aizarna, Urbietaren alarguna, ere izan ziren aurkezpenean, besteak beste.

Erreferentea “Orain dela 25 urte egin genuen lehen diskoa berari eskaini genion eta 25 urte pasatu direnean, bere kantuekin jarraitzen dugu. Guretzat beti izan da erreferente bat eta ziur gaude hemendik 25 urtetara erreferente izaten jarraituko duela”, azaldu zuen Joxemari Agirretxek. Xabier Zabala musikariak ere bat egin zuen Agirretxerekin: “Nire irakaslea izan zen, eta niretzako lehendabizi irakaslea, gero laguna, eta azkenean, erreferentea izan zen. Maitasun handiarekin ahalegindu naiz bere abestiak moldatzen”.

Igandeko emanaldiaren ondoren, Getarian ikusi ahal izango da ikuskizuna, datorren otsailaren 18an Balentziaga museoan, arratsaldeko 17.00etan, eta hurrengoa Bizkaian eskainiko dute, Mungian hain zuzen ere, martxoaren 12an. Momentuz, horiek dira eskainiko dituzten emanaldiak, baina Katxiporretaren webgunean ikusi ahal izango dira aurrerantzean izango dituzten emanaldiak.