donostia - Gazte literaturak abenturaz eta misterioz betetako lanak dakartza Elkar argitaletxearen udazkeneko uzta honetan. Alde batetik, John Anduezak Lepoan hartu liburua plazaratu berri du, bere bosgarren lana, eta bertan, Bilintx institutuko ikasgeletan murgildu da berriz ere, bertako gazteek dituzten arazo eta liskarrak ezagutzera emateko. Laugarren mailako mutilek futbola oso gustuko dute eta talde bat sortu dute, fundamenturik ez duena; gainera, gelako neskak ez daude oso pozik mutilek bakarrik osatutako taldea izatearekin.
Bestalde, Jokin De Pedrok Elurpean izeneko liburua kaleratu du, misterioz betetako eleberria. Bertan, Gorospe inspektoreak oporrak hartuko ditu, eta Aranbeltza, goi-mendietako herrixkara joango da, pixka bat deskantsatzera. Baina detektibeak ez du zorte handia izango, hainbat ekintza korapilatsu eta lazgarri gertatuko baitira bera dagoen tokian, eta ezinbestean, lanean hasi beharko du. - N.G.