donostia - Marrazkiak, musikak eta hitzak bat egin dute Itzal Zaunka proiektuan; ez da ohiko liburua, ezta disko arrunta ere. Antton Olariagak, Harkaitz Canok eta Jexuxmai Lopetegik Elkar argitaletxearekin plazaratu duten lanean, txakur existentzialista bat da protagonista, eta bere begietatik begiratuta, hainbat zalantza eta galdera agertuko dira “istorio ireki” batean zehar. Abiapuntua ilustrazioak badira ere, testuarekin eta kantuekin elkarrizketan daude, eta puzle moduko bat osatzen dute: batak besteak planteatutako galdera batzuk besteak erantzuten ditu eta, aldi berean, interpretaziorako bide gehiago irekitzen dituzte.

“Lan interdisziplinarra egitea interesgarria iruditu zitzaidan, eta horretarako, idazle bat eta musikari bat xaxatu ditut”, azaldu zuen atzo Olariagak, proiektuaren bultzatzaileak. “Desafio polita” iruditu zitzaion horrelako ekimena sortzea eta koaderno bat hartu zuen abiapuntutzat. “Diseinua egin nuen eta arkatzez marrazkiak egin nituen, txakur bat protagonista harturik; ordu gutxi batzuetan egiten duen ibilbidea marraztu nuen”, adierazi zuen marrazkigileak. Istorioa kontatzeko, txakurraren ikuspuntua erakutsi nahi zuen eta horregatik, pertsonaia nagusia ez da liburuan ageri; bere itzala ikusiko du irakurleak, eta ilustrazioak txuri-beltzean egin ditu -koloretan dauden detaile batzuk salbu- eta ertzak lausotuta daude, txakurrek horrela ikusten baitute.

Testuari dagokionez, Harkaitz Canok sortua da, ilustrazioak oinarri hartuta. “Oso irekia da, txikia eta geldoa”, azaldu zuen idazleak, protagonista “txakur existentzial” bezala definitu zuenak. “Kezkatuta dago, bere buruaren bila dabil, eta modu batean, zazpi bizitza ditu, katuek bezala, eta itzal luzea du”, nabarmendu zuen.

Bestalde, abestiek ere istorioko hainbat konturi erantzuten die Canoren ustez, eta “beste hari solte batzuk uzten ditu”. Guztira, hamaika abestik osatzen dute diskoa eta melodia guztiak Lopetegik eginak dira, eta Canok jarri die letra. “Doinuak sortu eta Harkaitzi bidali nizkion, eta berak segituan itzuli zizkidan esanahi askoko esaldiak”, gogoratu zuen musikariak, eta lan prozesu oso ona izan zutela gaineratu zuen, hiru hilabetetan hamar abesti sortu baitzituzten. “Gainera, estilo ezberdinetako kantak badaude, blues bat eta funky estiloko bat, esaterako; horregatik ahots ezberdinak erabili ditugu, eta nitaz aparte, Petti, Lidia Insausti eta Andrea Lopetegi bezalako abeslariek parte hartu dute”, adierazi zuen Lopetegik.