Síguenos en redes sociales:

Xilaba, bertsolaritza bizi-bizia Ipar Euskal Herrian

Amets Arzallusek irabazi ditu Bertsulari Xapelketako lehen hiru edizioak; Sustrai Colina, berriz, laugarrenean izan da garaile

Xilaba, bertsolaritza bizi-bizia Ipar Euskal HerrianArgazkia: Bertsozale Elkartea

data -Bizkaiko bertsolari txapelketa ate joka dagoen honetan, Ipar Euskal Herrian bete-betean dago Xilaba bertako norgehiagokaren bosgarren edizioa. Astebururo kanporaketak eta finalaurrekoak egiten dituzte eta finala Baionako Lauga aretoan jokatuko da azaroaren 12an Mattin aheztarraren jaiotze egunaren mendeurrenaren biharamunean, hain zuzen. Mattin Trecuren itzal goxo eta irritsuaren babesean ospatzen da aurten bi urtero joka-tzen den txapelketa. Aheztarrak maiz kantatzen zuen Fernado Aire Xalbador Urepeleko artzain eta adiskidearekin. Argi dago biek begi onez ikusiko luketela bertsolaritzak Bidasoa ibaiaren iparraldean ere hartu duen oldar berria. Izan ere, biak zendu zirenetik, Xanpun, Ezponda, eta Alkhat bezalako koplakariek hartu zuten lekukoa baina ondotik gazte gutxi zetorren. Geroago sortu ziren bertso eskolen loraldiak indar berria eman zion bat-bateko olerkigintza kantatuari eta orduan ospetsu bilakatu ziren Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Miren Artetxe gazteak. Gaur egun “zaharrenak” dira ondotik gazte andana lotu baita bertsolaritzari. Eskuz esku, denen artean, txapelketa bat sortzerainoko uholde berria sortu dute eta 2008 ezkero bi urtero Xilaba txapelketa ospatzen da, Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroan.

Amets Arzallus hendaiarrak irabazi ditu Xilabaren lehen hiru edizioak eta Sustrai Colina urruñarrak laugarrena. Duela bi urteko lehian, Arzallus ez zen taulen gainera igo 2013an Euskal Herriko txapelduna izan bai-tzen. Euskadin eta ez herrialde mailan defendatzen dela txapela argitu zuen Arzallusek baina duela bi urteko atsedenaldiaren ondotik Xilaban dago berriz aurten. Donibane Lohizunen jokatu zen lehen kanporaketan bere nagusitasuna erakutsi zuen puntu gehien lortuz eta gaur Izturitzen 17.00etan jokatuko den bigarren finalaurrekorako sailkatuz. Harekin ariko dira arreba, Maddalen Arzallus, Eneritz Zabaleta, Ramuntxo Christy, Nahia Sasco eta Maddi Sarasua.

Bere aldetik, Colina ez da amore ematekotan eta joan den larunbatean Baigorrin jokatu zen lehen finalaurrekoan gailendu zen. Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua, Egoitz Zelaia eta Aitor Servier ondoan zituela duela hilabete ba-tzuk Baigorrin egondako errefuxiatuak izan zituen gogoan bertso hunkigarri hau botaz: “Behin Damaskotik ihes egina gerraren erdi-erdian / Nonbait lur hartu behar zenuen ta Baigorri alderdian / Nere eltzetan, nere amantal bihotz eta esku zabal hartua behin abegian / Orain euskaraz hitz batzuk daude zure aho ta hiztegian. Aritu gara biok musean, aritu mozkorkerian / Ta azken eguna, heldu da jada muxu batekin agurtu gara. Zu irria aurpegian, ta nik malko bat begian». Publikoak txalo zaparradarekin erantzun zion lehian jarraitzen duen Xilabaren gaur egungo txapeldunari.

Mattin eta Xalbador! Ehun urte betetzen dira aurten Mattin Trecu aheztarra jaio zela. Urtemuga gogoratzeko malezia handiko bertsolari bizi, atsegin eta maitatuari eskain-tzen diote aurtengo Xilaba. Nekazari hau Ahetzeko Harrieta etxaldean sortu zen baina gehienik Mulienea baserrian bizi izan eta bertan zendu zen. Karlisten bigarren gerra garaian Lezotik ihes egin eta Ahetzen plantatu zen Trecu familia. Txiki txikitatik familian bertan piztu zitzaion bertsozaletasuna Mattini. 17 urtetan lehen plaza egin zuen Saran eta gero ez zen gehiago isildu. Txapelketak irabazi zituen 1948an Urruñan eta lau urte geroago Saran. Euskal Herriko zenbait txapelketatan ere parte hartu zuen eta zendu baino lehen omenaldi kartsua egin zioten Oiartzunen, Mari Olandegi emazte senpertarra eta bien semea Panpili ondoan zituela.

Xalbador, bere lagun minak ere omenaldia jasoko du urriaren 22an eta 23an Urepelen. Larunbat gauean Kepa Junkera eta Sorginak agertuko dira Aldudeko ibarrean eta biharamunean oinezko mendi ibilaldia eta mezaren ondotik Teodoro Hernandorena eta Emile Larre bertsozaleak gogoratu eta omenduko ditu Joxe Mari Iriondo kazetariak. Arratsaldean bertso saioa eskainiko dute Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategik.