Síguenos en redes sociales:

Lisipe, euskaraz sortutako lehen bilduma feminista

Liburu sortaren lehen aleaZuriñe Rodríguez eta Oihana Etxebarrietaren ‘Borroka armatua eta kartzelak’ da

donostia - Lisipe emakume gerlaria zen, amazona bat, eta kasu honetan, Susa argitaletxeak egin berri duen liburu bildumari izena ematen diona. Euskaraz sortutako lehen bilduma feminista da hau, eta Jule Goikoetxea editoreak adierazi zuenez, “pentsamendu liburu sorta izango da, jada gai hauez hitz egiteko masa kritikoa baitago”. Bilduma honetako lehen liburua da Borroka armatua eta kartzelak, Zuriñe Rodriguezek eta Oihana Etxebarrietak idatzitakoa. Bertan, Euskal Herriko gatazkaren ikuspuntu feminista erakutsi dute, eta asanbladetan, tabernetan eta beste hainbat lekutan “probetxua atera” eta eztabaida sor-tzeko helburua du.

Guztira, hamalau pertsonen bizipenak kontatu dituzte egileek, gehienak emakumezkoak. “Gatazkaz hitz egitean, gudari edo militanteak gizonezko heterosexualak direla imaginatzen dugu, baina errealitatean emakume asko daude, eta hori salatu nahi dugu”, azaldu zuen Etxebarrietak. Berak kartzelako gaiak landu ditu, “bertan gertatzen diren erlazio afektibo sexualek daukaten garrantzia”, adibidez, bere ustetan, kartzelan egosten diren kontuek transzendentzia handia baitute.

Bestalde, Rodríguezek ikuspegi zabalagoa eman du liburuan, eta bakeaz ere aritu dira. “Nork negoziatuko duen ez dakigu, baina bakea gizonentzat bakarrik izango ote den beldur gara”, onartu zuen, eta beste egoera batzuetatik ekarpenak egin dituela azaldu zuen. - M.E.