Lozorroan den barneko idazlea esnatuz
Adinean aurrera egitea ez da aitzakia maite dugun hori egiteko, ezta gure jardunaren fruituak plazaratzeko ere. Literaturaren esparruan, beraien estreinako liburuak 50 urteren bueltan kaleratu dituzten euskal idazle berantiarrak ditugu horren adibide
Inoiz ez da berandu ezertarako, ezta idazteko ere. Horren erakusgarri ditugu euren luma astintzen ohi dena baino beranduago hasi ziren idazle bikainak. Raymond Chandler, adibidez, 44 urterekin hasi zen idazten eta 51 urterekin kaleratu zuen bere lehen nobela. Bukowski postaria izan zen 40 urte arte, eta adin horretatik aurrera ondu zituen bere obra nagusiak. Saramago bera ere, gaztetan libururen bat argitaratu arren, berandu hasi zen benetan idazten, nahiz eta Literatur Nobel Saria eskuratzeko astia izango zuen gero. Idazten aurretiaz jardun arren, norbere lanak lau haizetara zabaltzeko kemena biltzen denbora gehiago behar izaten dute beste batzuek, Gesualdo Bufalino idazle berantiar bezain oparoa horren lekuko: berandu hasi zen bere lanak argitaratzen, baina 15 urtean 30 bat obra kaleratu zituen.
Euskal letretan ere badira beraien estreinako lanak helduaroan plazaratu dituzten idazleak. Horietako bat dugu Arrate Mardaras (Abadiño, 1960). 2013an kaleratu zuen Pendrive bere lehen lana, 53 urterekin, nahiz eta “umetako ametsa” izan duen noizbait liburu bat kalera-tzea. “Unibertsitate sasoian zerbait idatzi eta argitaratzeko asmo sendoa nuen -jakinarazi du-, baina idazle izateko lehenik munduko literaturari buruz asko jakin behar zela uste nuen, jakintza horrek emango zidala lan bat behar beste lantzeko gaitasuna. Eta nire istorioak ez ziren, nire ustez, behar besteko mailakoak. Autoestimu kontua zen”.
Idazteari gaztetan ekin zioten Mila Salterainek (Durango, 1955) eta Gaizka Zabartek ere (Zaldibar, 1960), nahiz eta sasoi hartan ez zuten jomugan ezer argitaratzea. “Gure sasoikook koaderno zaharretan husten genituen barruak. Eguneroko haiek ziren gure amets eta ezintasunen lekuko isilak -oroitu du Salterainek-, baina noizbait nire idatziak argitaratzea ez zegoen nire helburuean artean”, gehitu du durangarrak. Idazteari gaztetan ekin zion Zabartek ere. Hala ere, “ia hamarkada bi eman nituen idazle agrafo”, dio. “Duela zortzi urte hasi nin-tzen berriro, eta argitaratzeko gogoa 50 urteren bueltan sortu zitzaidan”, jakinarazi du zaldibartarrak. Biek ala biek 50 urteak pasata kaleratu dituzte beraien lehen lanak, Erresumaren Ilunsentia Salterainek, eta Zaharrak ez zuen hil nahi Zabartek, 59 eta 51 urterekin, hurrenez-hurren.
Liburu bat argitaratzea ez da inoiz amets bat izan Julen Belamunorentzat (Azpeitia, 1959), “gerora ikusitako aukera bat” baizik. “Normalena gaztetan idazten hastea izaten da, baina nik sasoi hartan ez nuen gogo berezirik. Irakurtzea asko gustatzen zitzaidan, eta horrekin nahikoa neukan”, kontatu du Ukabilak eta loreak ipuin-bildumaren egileak. Literaturaren harrak gazterik harrapatu bazuen ere, 2002. urterarte ez zen idazten hasi, “bizimodu aldaketa” bat etorri zitzaionean, hain justu, azpeitiarrak kontatzen duenez. “Garai hartan gauza asko aldatu zitzaizkidan: lana, bizilekua? Eta orduan hasi nintzen lehen ida-tziak zirriborratzen. Beraz, nire kasuan, esango nuke idazteko har hori aldi luze batez lozorroan egon dela, eta momentu jakin batean atera dela kanpora”.
Maribel Aiertza (Etxebarria, 1962) gaztetxotan hasi zen idazten, baina duela bost urte iritsi zitzaion bere lehen lana plazaratzeko abagunea. “Nire bizitzako une batean idazteari utzi nion, bizitzaren eginbeharrak zirela-eta, denbora falta nuelako? Eta, beharbada, ausardia eta ziurtasuna ere bai”, aitortu du. “Bizitzak entretenitu egiten zaitu, familia dela, lana dela? Urteak azkarregi pasatzen dira, baina halako batean zure barruko azken zokoan gordeta zenuen pasioa esnatu egiten da eta astindu egiten zaitu”, kontatu du. Hala, urte batzuk literatura idatzi gabe egon ostean, “idazteko gogoa berpiztu” zitzaion Aiertzari. “Idazle Eskolara joan nintzen, birziklatzera. Neure buruari jarritako erronka bat izan zen; bigarren aukera bat, orain ala sekula ez, erabaki nuen. Lehiaketa bat helburu jarrita, nobela bat idatzi eta aurkeztu nuen, eta handik iritsi zitzaidan argitaratzeko aukera”. 2010ean kaleratu zuen Aiertzak bere bakarkako lehen fizkiozko lana, Tigreak hondartzan, 48 urte zituela.
Lehiaketen bultzada Gogoa izanda ere, idazteko grina duten askok trabak izaten dituzte. Aiertzaren kasuan bezala, lana edota denbora falta izan daitezke oztopo askorentzat. Beste batzuek, ordea, norberegan izaten dituzte muga handienak. “Nik nire barruan neukan traba handiena, ezer taxuzkorik idazteko gai ez nintzela uste nuelako, beste edozeinek nik baino hobeto egingo zukeela pentsatzen nuelako”, onartu du Belamunok. Hala, literatur lehiaketak izan dituzte askok lehen bultzada. “Niretzat literatur sariak oso inportanteak izan dira -agertu du azpeitiarrak-. Aldekoa Saria irabazi nuen 2010ean eta 2012an. Horrek asko lagundu zidan neure buruarekin konfiantza har-tzen, eta orduan hasi nintzen pentsatzen nik idazten nuenak besteentzat balioren bat izan zezakeela. Sari horiek gabe beharbada ez nuen jarraituko”, dio. Aiertzak ere, idazletzako bere lehen urratsetan, hainbat lehiaketatan parte hartu zuen eta horietako batek eman zion bakarkako lehen fikziozko liburua argitaratzeko aukera. “Neurgailu ona izaten dira horrelakoak”, iritzi dio etxebarritarrak.
Idazle izateko liburu bat argitaratu behar ote den galdetuta, guztiak bat datoz “inoiz ezer argitaratu ez duen idazle asko” dagoela onar-tzean. “Ni neu ez nintzen idazle sentitu nire lehen lana kaleratzean, baina liburua edo dena delakoa idatzi gabe ez dago idazle izaterik”, dio Mardarasek. Aiertzak, ordea, liburua kaleratutakoan argitaratzeko asmorik gabe idatzi izan duenetan baino “idazleago” sentitu zela aitortzen du. “Horrek jartzen zaituzte zu eta zure lana plazan, kritika eta komunikabideen aurrean eta irakurleen ondoan. Sentipena daukat partekatze hori behar dela idazle izatea osatzeko, izan liburuen edota beste euskarri baten bidez”. Ildo beretik, idazle ineditoak ez direla idazletzat hartzen uste du Zabartek. “Idazletzat jotzeko jendarteak jakin egin behar du pertsona batek idatzi egiten duela. Eta, horretarako, argitaratu egin behar da”.
Belamunoren esanetan, gaur egun “idazten duen jende asko dago, eta horietatik gero eta gehiago dira kalitatezko testu bat argitaratzeko gai direnak”. Baina, hala ere, “benetako idazleak gutxi” direla dio azpeitiarrak. “Idazleak mundu berezi bat sortzeko gai izan behar du, eta oso gutxi iristen dira horretara; ni neu ez behintzat”, onartu du. Idazle batek abilezia lanarekin uztartu behar duela diote guztiek aho batez. “Berezko zerbait eduki behar da -uste du Aiertzak-. Gero, abileziak garatu egiten dira, irakurriz eta idatziz, norbere kabuz zein eskola eta tailerretara joanda. Bigarren hauek asko errazten dute bidea, idazleak dituzulako maisu. Niretzat oso lagungarria izan zen Idazle Eskola, bai ikasteko, baina baita adoretzeko ere”. Eskolan jaso daitekeenaz harago, “imajinazioa izatea norbere izaeran dagoela” azpimarratu du Mardarasek. Zabarteren aburuz, ostera, “lehenengo eta behin irakurri egin behar da, kantitatez eta kalitatez. Ondoren, eta batera, idatzi. Hori da ikasteko oinarria. Jarduera horiek emango dute abilezia, ematekotan”, iritzi dio Zaldibarkoak.
OFIZIOA BAILITZAN Ez dira idaztetik bizi; idaztea ez dute ofizio, afizio baizik, baina boskote honetako inork ez du egun bere bizi-tza literatura gabe imajinatzen. “Askotan pentsatzen dut literaturarik gabe nire bizitza ez litzatekeela osoa izango”, dio Mardarasek. “Dena den, idaztea beharrezkoagoa dut une honetan irakurtzea baino. Beharrizan bat bihurtu zait. Idazten nagoenean burmuinak ez ezik bihotzak eta urdailak ere sortzen dute. Idaztea ariketa integrala da”, gaineratu du. Irakurle moduan, “gozamen intelektual, emozional eta sentsoriala” bilatzen du Zabartek literaturan, “pertsonen arteko harremanak edo bizitza bera ikuspuntu ezberdinetatik ezagu-tzeko aukera”, bere esanetan. “Egunerokoarekin eten eta amets egiteko tresna magikoa da” literatura Salterainentzat, eta “norbere burua, besteena eta mundua bera ezagutzeko eta ulertzeko bidea”, berriz, Aiertzarentzat. “Zaletasunen artean gustukoena dut; ez da ofizioa, baina balitz bezala aritzen naiz idazten dudanean”, gehitu du etxebarritarrak.
Idazteko grinari aurretiaz ematen diete bidea gehienek, baina, idazle berantiarren kasuan, heldutasunak ematen duen esperientzia abantaila izan daitekeela dio Belamunok. “Bizi izandakotik sortzen dira literaturaren benetako gaiak. Zeuk bizi izan duzuna, edo ikusi eta en-tzun duzuna, hori da abiapuntua. Eta noski, ezagutza adinarekin aberastuz doa”, gehitu du. Ildo berean, esperientziak “jakituria eta errekurtsoak” ematen dituela uste du Aier-tzak. “Helduaroak ematen duena ofizioa da, gaztetan falta duzuna, bizipen indartsuenak edukita ere”. Salterainek, ordea, ez du argi ikusten bizi esperientzia abantaila ote den. “Begi gazteek beste ikuspuntu bat dakarte, sentimendu freskoagoak, gordinagoak; gero, urteak pasatu ahala, idazleak beste egoera batzuk islatzen ditu. Esperientziaz osatutako jakituria da, baina, gehienetan, mingotsagoa”.
Bakoitzak literatura bere erara bizi eta sentitu arren, gauza batean bat datoz guztiak: inoiz ez da berandu. “Ustea dago gauzak gaztetan egin behar direla, gero berandu dela? Baina adin batera heldu garenok badakigu, batetik, ezinezkoa dela dena egitea; eta, bestetik, helduaroak ere baduela bere xarma sortzeko”, agertu du Mardarasek. Gainera, idazle bakoi-tzak “bere momentua eta erritmoa” dituela diote. “Gauzak gertatzen dira gertatu behar dutenean”, uste du Aiertzak. “Bakoitzak bere bidea egin behar du. Niretzat trena bigarren aldiz pasatu da eta pozik nago hartu dudalako. Ez dakit noraino eramango nauen, baina bidaia gozatu nahi dut. Izan ere, sekula ez da berandu, ez idazteko ez beste ezertarako, gogoa edo beharra handiagoa direnean”.