Dena 2012ko otsailean hasi zen. Data horretan, Zein da Euskal Herriko Mugimendu Artistikoaren etorkizuna? izenburupean, Open Space edo Gune Ireki bat antolatu zen Donostiako Doka Antzokian. “Jende asko bertaratu zen: aktoreak, diseinatzaileak, musikariak... Saltsero guztiak” -gogoratzen du Jokin Telleria KA plataformaren bultzatzaileetako batek-. “Proposamen eta hausnarketa asko atera ziren hitzordu hartatik. Baina, batez ere, guretzako oso garrantzitsuak ziren bi puntu errepikatu ziren: elkartasunaren beharra, batetik, eta oinarrizko kultura edo kultura alternatiboa bultzatzeko premia, bestetik”, aipatu du Telleriak.
Topaketa horretan argi geratu zen “ikusezina” den kultura oso ugaria eta anitza dela, nahiz eta orain arte egile bakoitza “bere aldetik joan den, inolako laguntzarik gabe”, agertu du Telleriak. Bigarren topaketa 2014ko irailean egin zen, eta bertan KA plataforma itxura hartzen hasi zen. “Plataforma irekia, horizontala, inklusiboa eta dinamikoa izan behar zela zen premisa, elkartasuna sustatzeko asmoz lan egingo zuena”, deskribatzen du Telleriak.
Baina, zeri deitzen diogu kultura alternatiboa? Telleriaren aburuz, “merkatuak eta instituzioek proposatzen duten kulturarekiko alternatiboa den beste sormen artistiko guztia” litzateke alternatiboa. Hau da, “gizarteak egiten duen oinarrizko kultura”, bere hitzetan. “Gaur egun, merkatuak eta instituzioek indar asko eta errekurtso ugari dauzkate eta promozio handia egiten dute; horrek eramaten du kultura ofizialtasun batera. Gu ez gaude horren kontra, baina gure ibilbide propioa egin nahi dugu, besterik ez”, azaldu du Telleriak. “Elkartruke bizi eta konstante bat” izatea da KAren beste helburuetako bat, bere esanetan. “Proposamenak, ekimenak, eta bestelako akzio desberdinak modu bateratuan sortzeko balio behar du plataformak. Ditugun gabeziak aurkitu eta konpondu nahi ditugu, eta baita errekurtsoak lortu ere”, gehitu du.
Gabezi horien artean, atomizazioa aipatu du Telleriak. “Bakoitza bere aldetik joateak ez du laguntzen oinarrizko kultura sendo bat gara-tzen. Mugimendu artistikoak elkartasunaren eta kolaborazioen bitartez suertatu ohi dira”, gaineratu du. Beste alde batetik, ikusgarritasun falta ere nabari dute. “Kultura ikusezina deitzen dugu askotan gurea, eta errekurtso falta nabaria da. Zentzu horretan, arlo tekniko, ekonomiko, promozional eta legaletan laguntza behar dugu, eta baita guneekin eta ondokoekin arazoak konpontzeko aholkularitza ere”.
Balantze ikaragarria Urte betean, 200 artista inguru hurbildu dira KAren ekimenetan parte har-tzera. Plataformaren datuen arabera, 600 emanaldi baino gehiago antolatu eta 12 topaketa burutu dituzte dagoeneko. Telleriaren hi-tzetan, “ikaragarria” da balantzea. Baina gehiago nahi dute. “Datorren urterako, kideen eta emanaldien kopurua bikoiztea espero dugu”, agertu du, itxaropentsu. Telleriak dio oso plataforma anitza dela KA. “Orotariko jendea dago, baina badugu denak zerbait komunean: kulturaren parte gara, eta elkartasunaren bitartez hau sendotu nahi dugu. Horretarako, errespetua eta esku-zabaltasuna oinarrizkoak direla sinesten dugu”, agertu du.
KA plataformak egiten dituen topaketak guztiz irekiak dira, eta nahi duenak parte hartu dezake horietan. Gainera, bertaratu ezin duenak emailez ere informazioa bidali eta bere ikuspuntua emateko aukera dauka. “Proiektua guztiz horizontal eta librea da, eta erabakiak guztion artean hartzen dira. Era berean, diziplina artistiko guztiei dago irekita. Edozeinek parte hartu ahal du, gure ezaugarriak eta helburuak errespetatuz betiere”, azaldu du Telleriak.
Lana antolatzeko taldeak sortu dituzte (komunikazioa, diseinua, belaunaldi berriak, etab.) eta egitasmoak aurrera eramateko diru-laguntza publikoak ere lortu dituzte. Baina mugimendu honen “elikagai nagusia bere kideen berezko indarra da -aipatzen du Telleriak-. Bakoitzak bere gustuko lana egiten du eta ondo pasatzen dugu zeregin horretan, hori da beste gakoetako bat. Izan ere, jakin badakigu, oinarrizko kultura sendotzen bada, denok irabaziko dugula”.