Síguenos en redes sociales:

Txapela lortzeko lehia sutsua

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenak hasiko dira datorren astean, 30 parte-hartzailekin.Aurten, gazteak indarrez beteta datoz eta finala oso irekita egongo dela dirudi oraingoz.

Txapela lortzeko lehia sutsua

Bertsozale gipuzkoarren gozamenerako, saioz gainezka iritsi da aurten udazkena, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa dela eta. Irailean hasi eta abenduaren 19an bukatuko da txapela lortzeko lehia; 43 bertsolarirekin hasi zen, baina orain, lehenengo fasea bukatu ostean, 30 pertsona sailkatu dira datorren astean hasiko diren final laurdenetarako. Edurne Soraluze, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordina-tzailea, oso pozik agertu da lehenengo fase honetan lortutako emaitzekin, parte-hartzaileen eta ikusleen aldetik, eta aurrera jarrai-tzeko gogotsu dago.

“Ezin izan ditut saioak guztiz ikusi, baina bertsolariak oso txukun aritu dira”, adierazi du Soraluzek. Orokorrean, bertsolariak tentsio askorekin egon dira bere ustetan, askoren helburua baitzen hurrengo fasera pasatzea. “Gehiegi arriskatu gabeko saioak izan dira gehien bat, eta gaiak oso txukunak izan dira, lan asko egon da atzean”, dio Bertsozale Elkarteko Koordina-tzaileak. Gainera, poztasun handia eman dio aurten gazteak indartsu datozela ikusteak. “Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean 30 pertsonak lehenengo aldiz hartu zuten parte eta mordoxka bat txapelketarako sailkatu ziren”, gogoratu du. Bere iritziz, “oso polita” izan da jende berria ikustea oholtza gainean, “interesgarria izan da”.

Ikusleek ere ez dute hutsik egin eta bertsozale askok jarraitu dituzte orain arteko saioak, batez beste 300 ikusle izan baitira bakoitzean. “Bertsozalea oso bero egon da saioetan”, azaldu du Soraluzek. Bertakoak etorri dira saioak ikustera, “jendeak bertso gosea zuen, gogo-tsu zegoen eta hori nabaritu da”. Soraluze harrituta azaldu da ikusleen harrerarekin: “Urte sasoi hau nahiko arriskutsua da, eguraldi ona egiten badu, jendeak aprobetxatu nahi izaten du eta. Baina pertsona asko bertsoak ikustera etorri dira eta oso pozik gaude gure plana aukeratu dutelako, eguzkiaz gozatu beharrean”, dio. Hala ere, Gipuzkoa oso bertsozalea dela uste du Soraluzek eta jendea espero zuten saioetan.

Antolakuntza aldetik ere oso ondo joan da orain arteko guztia, espero bezala. “Ikaragarri lagundu gaituzte herrietan, beti oso harrera ona egin digute eta oso eskertuta gaude”, adierazi du pozik Soraluzek.

Lehenengo saio hauetan, irabazlea zuzenean sailkatu da final laurdenetarako, eta beste guztien artean, puntu gehien zituztenek lortu dute euren txartela. Bestalde, 2011ko finalistak ere fase honetan hasiko dute lehia.

Final irekia

Hurrengo astetik aurrera final laurdenei ekingo diete eta 30 bertsolarik parte hartuko dute Urretxun, Errenteria, Zestoan, Ormaiztegin eta Eskoriatzan egingo diren saioetan. Hitzordu horietan 18 bertsolari sailkatuko dira guztira eta Zarautzen, Tolosan eta Eibarren ospatuko dira finalaurrekoak. Azkenik, finala abenduaren 19an jokatuko da Illunben eta zortzi bertsolari arituko dira bertan. Final handirako sarrerak asteazkenean jarriko dira salgai Gipuzkoako hainbat herritan eta www.bertsosarrerak.eus helbidean.

Aurrera begira, Soraluze ez da faboritoak zein diren esateko gai, eta jendearengandik iritzi ezberdinak entzun dituela azpimarratu du. “Orokorrean oso final irekia ikusten dute aurten”, azaldu du, jende nahiko gaztea baitago txapelketan, aukerekin ikusten dena finalean sartzeko. Bestalde, betiko talde bat dago, baina ematen ez badu, hurrengo saioetan kanpoan gelditu daiteke. “Batzuek oso garbi ikusten dute oso irekita egongo dela. Beste batzuen ustez, aldiz, bertsolari fijo batzuk badaude finalean, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre, adibidez, azken urteetan oso ondo aritu direlako”, hausnartu du koordinatzaileak.

Hala ere, finalean pertsona berriak sartzeko aukera nahiko irekita dagoela esan daiteke Soraluzeren iritziz. “Behintzat, finalaurrekoetan izen berriak ikusiko ditugu ziur asko. Adibidez, Aitor Sarriegi, 2011ko txapelduna, ez da aurkeztu eta Amaia Agirre eta Iker Zubeldia ere ez. Orain arte okupatuta egon diren aulki batzuk libre daude”, argitu du, bertsolari berrientzat lekua egongo dela nabarmenduz.