Kazetari zein arte munduan eroso sentitzen da Juan Zapater nafarra. Nabaritzen zaio. Artea komunikatu gura du. Bi munduen arteko zubia ezarri eta BilbaoArtek Urazurrutia kalean duen egoitzan eman digu hitzordua, 3.500 metro karratu horietan dagoen artista usaina soma dezagun. Lerro bakarra idatzi barik kazetari-tza gauzatzen duela aitortzen du. Hori bere estraineko zaletasuna. Beranduago, testu artistikoen zurrunbiloak harrapatu zuen? gaur egun arte.

2010. urteko urritik zaude BilbaoArteko zuzendari karguan. Zeintzuk dira azkenengo urteotan bereziki indartu dituzuen sailak?

Edozein proiekziotarako prestatutako gela sortu, filmazio-aretoa birmoldatu eta erakusketa gela jarduera guztietarako instalazio mugikorrekin osatu dugu. Lan metodoei dagokienez, artisten presentzia bai kopuruan baita jatorrian ere hazi da: gero eta garrantzitsuagoa da internazionalizazio-prozesua: Finlandia, Ingalaterra, EEBB edo Holanda bezalako herrialde ani-tzetako artistak izan ohi ditugu urtero gure artean.

Zein erakunderen laguntzaz baliatzen da BilbaoArte?

Bilboko Udalak osatzen du muin nagusia, fundazioa beronek sortu eta Udaleko Kultura Sailaren menpean baitago zentroa sorkuntzatik. Bestalde, BBK da artistei emandako diru-laguntzen arduradun. Bizkaiko Foru Aldundia sormen artistikoari lotutako ekintzen zati baten kargu egiten da.

Bekadun artistez gain, BilbaoArtek eskaintzen dituen baliabideez bestelako artistak ere hornitu daitezke?

BBK-ren laguntza ekonomikoa jasotzen duten hogeita hamar bekadun artistez gainera, sor-tzaile erabiltzaile deritzogun edozeinek aurkez lezake bere proiektua fundazioan. Bekadun artisten kasuan, hautatutako hogeita hamarretatik, urtero zazpi aukeratzen dira euren erakusketa propioak antola ditzaten.

Zein da zuenean babesten dituzuen artisten profila?

Ez dugu adinaren inguruko mugarik jartzen baina batezbestekoa eginez gero, hogeita hamar urte inguruko artistak ditugu egun, soslai gero eta eklektikoagoa dutenak. Gizon eta emakumeen artean dagoen oreka ere aipagarria da baina errealitateak eskaintzen duena onartu besterik ez dugu egiten. Hala ere, aipatu beharra dago apurka-apurka emakumeak gailentzen doazela.

BilbaoArteren bereizgarriren bat aipatzekotan, zein aukeratuko zenuke?

Batetik, sei pertsonak osatzen dugun lan taldean dago meritua; eta bestetik, artistei laguntza mediatikoa eta espazioen lagatzea opatzen zaie. Fundazioaren balio erantsi moduan, BilbaoArte topaketa gune bilakatzen da, non artistek eta fundazioko lan taldeak bat egiten duten. Oso sinergia aberasgarriak sortzen dira.

Zeintzuk dira hiritarrekin harremanetan jartzeko egiten dituzuen proposamenak?

Erakusketak, lankidetzak, hitzaldiak, topaketak, mintegiak? prestatzen ditugu urtean zehar eta horixe da fundazioaren alderik eta agerikoena. Lantzen ditugun planteamendu artistikoen edukia dela eta, zaila da hiritarren egunerokotasunean zeresana izatea. BilbaoArteren funtzioa lan artistikoa indartzea da, zenbakiek ez dute axola; artisten hazkunde, euskarri eta estimulazio lanak du garrantzia.

Nola deskribatuko zenuke hiriburu bizkaitarrak arte mailan bizi duen egoera?

Arte Ederretako Fakultatea oso ondo finkatuta dago eta horrek oso eragin positiboa du. Estatu mailan, Bilbok toki pribilegiatua duela esango nuke. Europa mailan, ostera, tropelean gaude.

Eta etorkizunari begira, zer?

Bilbok goi-mailako kulturaren aldeko apustua egin behar du. Hiriaren etorkizuna errealitate kulturala aintzat hartzean dago, kulturaren sorkuntza eta hedapen toki izanik. Europa hegoaldeko kultura-hiriburua izateko ahalmena daukan hiria da.