Síguenos en redes sociales:

Zentzuen malgutasuna landuz

Literaturaz eta sortzeaz hitzaldi-tailerrak eman ditu Yolanda Arrietak uda sasoiko ikastaroetan eta idazketa sortzailerako proposamena aurkeztu du bertan

Zentzuen malgutasuna landuzAinara Garcia

Idazlea eta sortzailea da Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963). Hogei urte inguru daramatza idazten eta sortzen eta horrenbeste urte idazketa sortzaile tailerrak ematen; hasieran antzerki-tailerrak izan zirenak gerora idazketa-tailer bihurtu dira, sortzaile kontzeptua gehituta. Literaturaren mundura sartzeko amu gisa balio dezakete, baina bereak ez dira literatur tailerrak. Bere tailerrak literatura gustuko dutenei edota norbere barruan arakatu nahi duen edonori zuzenduta daude, alegia, norbere gaitasunak, baliabideak eta mugak ezagutu eta idatziz adierazi nahi duen orori. Izan ere, ida-tzi gauza askotarako idazten da eta idazletza oinarrizko trebakuntza da Yolanda Arrietaren irudikoz, baina sortzaile izanda idazteak norberaren niarekin du zerikusia, norberaren nian arakatu behar baita.

Irudimena eta diziplina Baina zein da idazketa sortzaileren gakoa? "Berez sortzeko ahalmenarekin jaio gara eta irudimenarekin, irudiak ez grafikoki eginda daudenak baizik eta gure barruan dugun barne-irudiak sortzeko ahalmenarekin". Zentzuak ere jaiotzez gutako bakoitzarekin datoz eta zentzuetatik sar-tzen zaigun informazioa kudeatzeko orduan sentitzen ditugun emozioak ere gure barruan daude. Beraz, sortzeko ahalmena eta irudimena behar dira batetik eta, bestetik, papera eta arkatza, beste guztia ekinez egiten baita. Eta ekiteko "nahi izatea behar da: nahi dut eta probatu egin nahi dut", dio Yolanda Arrietak. Azken batean, hori bakoitzaren egitekoa da: "Egiten badugu konpartitu egingo dugu, baina nik ezin dut zure bidea egin, ahalegin hori norberarena baita, ikasi norberak egiten duen bezalaxe".

Idazletza sortzailea ekinez lantzen du norberak, beti ere dinamika baten barruan eta baliabide batzuk erabiliz. "Kontsigna entzun, ida-tzi, irakurri, aztertu, berraztertu, kontsigna entzun, berriro idatzi, berriro irakurri? Horrela egiten dugu dinamika, ahal dela biribilean eta denok elkar ikusiz". Lantzen diren ariketak errealak izaten dira eta malgutasun osoz modu askotara eta adin-talde desberdinetan aplikatzeko modukoak. Dinamika horretan praktikatzen duten guztiarekin ikasten joaten da parte-hartzailea, prozesuari garrantzia ematen baitzaio. Izan ere, prozesua bera da helburua eta ardatza, "eta baita norberak norberarengandik eta besteengandik ikastea eta disfrutatzea ere". Funtsean, dinamika eta tresnak eskaintzen dira tailerrean, gero bakoitzak bere galbahetik eta egoeratik pasatzeko.

Nia eta gua Tailer hauen bidez Yolanda Arrietaren asmoa ez da manual bat aurkeztea, baizik eta bere esperientziak utzitakotik proposamen bat eskaintzea. Bere ibilbide profesionala hezkuntzaren esparruari lotuta dago, baina alor horretako publikoari ez ezik idazletza sortzailea gustuko duen edozeini ere irekita dago bere proposamena. "Hartu, probatu, pasatu eta bizipen moduan egin eta bakoitza izan dadila askea eta sortzailea bere momentuan, lekuan eta egoeran aplikatzeko". Ideia horren atzean dago bere filosofia, nitik gura. "Ni sortzailetik abiatuta, bakoitzak dauzkagun ahalmenak, baliabideak eta mugak kontuan izanda, gu batera heltzea: niaz baliatuz nia ezagutu, baina nian gelditu barik". Norbera ezagutu ostean, elkar bana-tzea eta besteekin osatzea da helburua, "beti dagoelako pareko bat, norbait, bestea, izan irakurlea edo entzulea". Beraz, binomio hori da -gizakion izaera sozialari erreferentzia egiten diona- berak mundua ulertzeko duen modua eta gauzak planteatzekoa.

2013ko udan, Bilbon, Baionan eta Donostian izan da idazle eta sortzaile esparruko gaiez hizketan. Bilbon, ekainean, ipuinak eta olerkiak kontatzeko moduaz aritu da. Baionan, Udako Euskal Unibertsitatearen baitan, haur eta gazte literaturaren inguruan jardun du uztailean. Donostian, aldiz, EHU-ko Udako Ikastaroetan hiru eguneko tailerra eskaini du idazketa sortzaileaz. Azken honetako parte-hartzaileen muga 40 ingurukoa izan bada ere ia 80 izan ditu eta, helburuak ukitu gabe, dinamika egokituta espazioa ez da izan muga. "Jendeak zuzenean eta beldur barik parte hartu du eta testu benetan ederrak irten dira". Eta hori bere izaera sortzaileak ahalbidetu du, bere malgutasun dohainari esker dinamika hartzailearen perfilera egokitu eta tailer bizia atera da, fisikoa, buruarekin eta gorputzarekin egindakoa, bere tailer guztiak bezalaxe: "Zu eta ni, hementxe eta orain, elkar entzunez, elkarri irakurriz, zentzu guztiak martxan jarrita".