Síguenos en redes sociales:

Askatasun isila

Askatasun isila

askatasun pertsonalaren bideak oso dira aldapatsuak, eta, ibiltzen ibiliz ikasten den bezala, askatasuna ere askatuz da ikasten. Izuak eta aurreiritziak gainetik kenduz; balioak hierarkizatuz; askatasunaren izenean datorren guztia ez dela askatasuna ohartuz eta ondorioak atereaz. Bai, zailak dira askatasunaren bideak, eta gaizki seinalatuta daude: urliak batetik joateko esaten dizu; berendiak, ez mugitzeko, hobe duzula geldirik; sandiak, ez deskuidatzeko, hartu nahi duzun bide hori gure betiko etsaien estrata dela?

Baina erabakia zurea da. Zurea baino ez.

Jar gaitezen iragan mendeko 80ko hamarkadan. ETAk jada hartua zuen egintza gordinenen bidea. GAL, ETAren kontra egiteko aitzakian, demokraziari ere ari zitzaion tiroka. Giro politiko osoa eta gizartea oro har arrunt nahastuta zeuden. Herritarrok geunden nahastuta. Chock batean eta zer egin ez genekiela. Eta ez genekienez zer egin, isiltzea erabaki genuen, isiltasuna genuen abaro, isiltasunarekin adierazten genuen ez genekiela zer egin, nora jo. Isilik, beldur ginelako? Isilik, bost axola zitzaigulako? Isilik, lotsatuta geundelako? Isilik, bidegabekeriak etxekoegiak zirelako?

Bitartean, indarkeria hazi gaizto bat ereiten ari zen guztion erraietan: balio etikoen ospe galtzea, utzikeriaren barreiadura, banaltasuna, etsipena. Indarkeriak gure zabarkeria morala baliatu zuen, eta, aldian-aldian maila bat estuago eginez, gure eroapena noraino irits zitekeen frogatzen zuen. Ondo frogatu ere. Horixe zen, hain zuzen, aldian aldiko kolpe bortitz bakoi-tzarekin indarkeriak bilatzen zuen babes soziala: bazuen bere aldekoen babesa; gurea ere behar zuen, ordea, eta bila zebilena ematen genion eztanda kriminal bakoitzaren ondoren: gure isiltasuna.

Hartan, Garrasi isila (Gesto por la paz) jaio zen hondamendi moralaren plazan jarduteko. Isilik, baina isiltasunaren indarrarekin: oso eraginkorra omen da ahuldadeari etekinak ateratzea. Erakunde jaio berriak isiltasuna baliatu zuen, gizartearen ahuleziak erakusten zuen ezaugarri nagusia, batzuen eta besteen hilketak salatzeko. Ez zegoen proklamarik, ez zegoen liderrik, ez zegoen kalkulurik. Isiltasuna baino ez. Jendearen ordu erdiko isiltasuna, indarkeriak norbait betirako isiltzen zuen aldiro. Laster, mugimendu eta iniziatiba berriak etorri ziren.

Atzo arte iraun du -iraun behar izan du- gestoren heroikotasun isilak. Heroikotasuna isiltasunean? He-roikotasuna ez entzutekoak eta ez jasatekoak entzun eta jasanez? Heroikotasuna beste aldera begiratzen zuen gizartearen plazetan? Beste heroikotasun baten txinpartak daramatzagu zainetan, eta egintza goratsuak, balentria sekulakoak, azkenean beti garaipena -askatasuna!- lortzen dutenen loria ditugu miresten. Heroikotasun aberkoiak ere asko du, erruz, osagarri horietatik. Heroien egintzak doakoak omen: odola emateko prest daudenen mistikak indar handia du. Gideren Les caves du Vatican nobelako Lafcadio gazteak ere "egintza doakoaren" mistika bizi zuen, eta inork ez zuen zalantzan jartzen haren heldutasun morala, harik eta, bere eskuzabaltasunaren izenean, heroismotik kriminal izatera pasatu zen arte.

Errealitatearekin kontrastatzen ez den idealak, besteen errealitatearen arragoan goritzen ez den mistikak dena bidera dezake: heroitasuna bezala ignominia ere (bigarrena, errazago).