Pilota eta hitzak dantzan, festa giroan
'bertso pilota' emanaldiak euskal kulturaren bi adierazpen nagusiak uztartuko ditu ekainetik aurrera
DONOSTIA. Bertsolaritzan murgilduta dagoen Lanku Elkarteak sortzaileek proposatutako ekimenak martxan jartzen ditu. Ildo horretan, Bertso pilota emanaldi berria aurkeztu zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.
Mikel Mariskal Lankuko zuzendariaren esanetan, ez da egitasmo berria, kasu puntualetan antzeko ekimenak egin izan baitira herriko festen alorrean, baina momentuaren arabera, ez emanaldi itxi modura. Oraingoan, berriz, eskaintzari forma eman nahi izan diote eta aurkezle eta guzti edukiko dute, Ekain Ormazabal, hain zuzen.
Iker Urmeneta pilotariak azaldu zuenez, "bertsoa eta pilota uztar-tzea" da helburu, herritarrei emanaldi oparoa eskaintzeko asmotan. Gaineratu zuenez, euskal kulturaren "bi adierazpen nagusi" elkartuko ditu ikuskizunak.
Lau pilotari ariko dira binaka lehiatzen eta bi bertsolariek botilero papera egingo dute, hau da, bertsolari bakoitza bikote batekin egongo da, bata berdearekin (duela urte batzuk bezala) eta bestea, gorriekin. Beraz, "jokoa norgehiagoka dela eta erronka kutsua ere baduela nabaria izango da", aipatu zuen Beñat Gaztelumendi bertsolariak.
Atseden uneetan bi bertsolariak kantuan ariko dira nork bere taldekideari animatzen eta bestearenari zirikatzen, helburua ez baita pilota partida ordezkatzea, saioa osatzea baizik. Haien iritziz, pilotan zein bertsotan antzekotasunak daude, batek "zenbat eta gogorrago jo, orduan eta indartsuago izaten baita bestearen erantzuna".
Herriko jaietan egiteko ekintza dela aipatu zuten, askotan serioegiak izaten baitira pilota partidak eta modu honetara, berriz, festa giroa sor daiteke. Gainera, herriko jendearekin nahastu nahi dute, hau da, bertako bertsolariekin eta pilota taldeekin hitz eginez, batera egiteko ekimena.
Hala ere, udara gertu dagoenez hainbat bertsolarirekin jarri dira harremanetan, batik bat, Julio Soto, Axier Azpiroz eta Unai Gaztelumendirekin.