donostia. Joseba Sarrionandiak orain 20 urte idatzi zituen poema-bildumaren edizio gaurkotua "ez da berrargitaratze hutsa izango", baieztatu dute Susa argitaletxeko arduradunek. Bihar Kartzelako poemak liburuaren edizio berria liburudendetan egongo da. Aurkezpena dela eta, Donostiako Doka Antzokian errezitaldia antolatu du Susa argitaletxeak. 1992ko edizioko poemekin batera, orain arte liburuan jaso gabe zeuden beste sei poema berreskuratu dira edizio gaurkoturako. Halaber, azala ere berria izango du, Lander Garrok osatua.
Sarrionandiaren obra hau "erreferentziatzat hartu izan da bai egilearen irakurleen artean, bai eta bere garaiko zein ondoren iritsi diren idazleentzat ere", adierazi dute Hitzen Uberan euskal atarikoek (www.uberan.org). "Eta itzal handikoa, esate baterako, kantu-egile askorentzat", gaineratu dute. Esaterako, liburu honetan aurkitu zuten inspirazio iturri Mikel Laboak, Imanolek, Ruper Ordorikak eta Mikel Markezek, batzuk aipatzearren.
Sei poema gehiago Kartzelako poemak liburuak bi atal nagusi ditu. Kartzelako poemak 1980-1985 luzeena da; kartzelan igarotako garaian idatzi poemak biltzen dituena, hain zuzen. Bigarrena, laburragoa, Post-scriptum atala da. Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu ondoren idatzitakoak dira hauek, bizirik zuen esperientziaren ondokoak (azken poemaren data 1991koa da).
Liburuaren hitzaurre berria Jose Luis Otamendik idatzi du. Susak liburuaren amaierara eraman ditu Joxemari Iturralderen eta Ruper Ordorikaren testu bana (libururako espresuki idatzi zituztenak 1992an).
Edizio berritu honetan, "idazleak gaurko grafiara aldatu ditu poema guztiak, eta sei poema gehiago txertatu ditu", azaldu dute Susakoek. Aipatu sei poema berriei dagokienez, hauek ere espetxean egon zenean idatzitakoak dira.
Bestetik, Ruper Ordorikak egindako aitzin-solasean hauxe galdegin zuen: "Kartzela, oinazea, herio-tza... Non dago honi buruzko urrezko metafora?". Ordutik hona, kantariaren eta idazlearen arteko harremana ez da eten. Izan ere, 2006an, Memoriaren mapan (Elkar, 2006) diskoa argitaratu zuen Ordorikak eta hitzak, guztiak, Sarrionandiarenak ziren.