EUskal Herriaren oroimen kolektiboari itsatsita daude Pantxoa Carrere eta Peio Ospital lapurtarren kantuak. Etxamendi eta Larralde bezala, 1970eko hamarkadako urte zail haietan euskal abertzaleen ahotsa eta bihotza izan ziren, hizkuntzari, aberriari, errepresaliatuei edota langileen etsipenari abesten baitzioten. Telesforo Monzonen eta Manex Pagolaren poemekin idatzitako hainbat kantu belaunaldiz belaunaldi zabaldu dira, euskal kantagintzaren klasikoak izateraino. Abesti apal, eder eta hunkigarri horiek guztiak entzuteko parada gaur izango da Andoaingo Goikoplazan, 23.00etatik aurrera.