Síguenos en redes sociales:

"Bertsolaritza ez da bertsotan aritzea soilik"

2009ko abenduaren 13an Euskal Herriko bertsolari onenaren txapela jaso zuen Maialen Lujanbiok Andoni Egañaren eskutik. Garai berrietarako, dama berria du bertsolaritzak.

AZKENALDIAN nahiko lanpeturik ibili da. Orniturrinkus proiektuaren aurkezpena, urtebetetzea (34 urte) eta aurki, beste urtebetetze bat: hilaren 13an, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian txapela jantzi zuenetik urtebete egingo du.

Txapelak olatua ekarri zuen berarekin, baina Maialen Lujanbio ez da askorik zorabiatu. Hamaika pertsonen ahotan ibili da. Eta dabil. Usurbilgo Txapeldun tabernak, adibidez, bertsolarien izenekin karta eskaintzen du. Tartean Maialen Lujanbio izenekoa dago. Hau da, piperrez… hornituriko oilasko ogitartekoa.

BECen nagusitu izanak ez du aldatu hernaniarra. "Txapela mugarri bat izan zen", esan du. "Txapelketa lau urtean behin ospatzen da eta nire bertso ibilbidean bizi izan dudan egun seinalatuena izan da". Lujanbiok ez zuen aldaketa txapela erdietsi zuenean sumatu hala ere, 2001ean baizik: Andoni Egañarekin batera txapelaren deman lehiatu zenean. "Benetako aldaketa, koska suma-tzeko adinakoa, Donostiako Belodromoko finalean bigarren egin nuenean gertatu zen. Lekuz aldatu ninduen gertakizun hark", erantsi du. Ez du uste hura bere momentua zenik. Ez adinez. Ez ibilbidez.

2009ak, aldiz, oso bestelako egoera batean (helduago...) topatu zuen bertsolaria: "Txapela heltzen bazen, jasotzeko, gozatzeko eta eramateko gauza izango nintzela uste nuen. Jantzi izan ez banu ere, ez zen ezer gertatuko; nire ibilbideak berdintsu jarraituko zukeen".

Lujanbio BECeko finalera goza-tzera joan zen. Txapela lortu baino, saio eder bat egiteko gogoa zuen hernaniarrak. "Baita denon artean eraikitako egun eder bat pasatzera ere", gaineratu du. "Poztasun eta festa kolektibo horretan ahalik eta lan distiratsuena egiteko ilusioa nuen".

Eta ametsa, goitik behera, gauzatu zen. Lujanbiok soinean zeraman arantza 2005eko finalean gozatu ez izana kendu zuen: "Lau urtez behin ospatzen den egun handi horretan ez gozatzea gogorra da, ez baitakizu hurrengoan egoteko aukerarik izango duzun. Finaleko nire helburu nagusia egunaz uneaz, bertsotan... gozatzea eta ongi pasatzea zen".

Erantzukizuna hartuta

Txapelaren itzala

Buru gainekoak baino txapelketatik kanpoko periferiak une batzuetan gehiago nekatu du bertsolaria. Halere, Lujanbio ez da kexu: "Ez dut antzeman txapelaren zama delakoa. Bertsotan, txapelak ardura eskatzen du, baina nire belaunaldiko bertsolariek urteak dira erantzukizun hori hartua dugula. Txapelak, agian, ardura hori azpimarratu egin du".

Garaipena lortuz geroztik zenbait egitasmotan parte hartzeko gonbita jaso izana bertsolariak egiten ari diren lanaren errekonozimenduaren islatzat dauka hernaniarrak: "Bertsogintzaren mugimenduari egiten zaion omena da. Duela urte batzuk inondik inora deitzen ez gintuzten lekuetatik hots egiten digute bertsotan egitera joateko. Hori lorpen handia da, bertsolaritzak gizartean duen lekuaren erakusle".

Finaletik bada azpimarratu nahi duen beste gauza bat. Bertsolari bat. Lagun bat: Andoni Egaña. Begirune handia dio. "Harrigarri da, bertsotan aritzeaz gain, nola arduratu izan den Andoni final guztietan oholtzan berarekin daudenak zaintzen: animatzen... Bista handiko pertsona sentibera da". Txapeldunaren aburuz, oholtzako soziologoa da zarauztarra.

Amonen gobara

Bejondeizula

Auskalo Zorionak! hitza zenbat aldiz entzun ote duen Lujanbiok. Ez zaio jende gutxi finaleko egun ederragatik eskerrak emanez zorion-tzera hurbildu. "Bitxiena, umeen jarrera izan da", zehaztu du. "Nondik edo handik txapelketaren berri izan zuten, eta kalean parean pasata, ezagutu eta agurtu egin naute. Harrituta nago. Pozgarria eta berezia da. Horrez gain, haurrek Euskal Herriko kulturari, ahozkotasunari, bertsoari, hitzezko jolasari... dagozkion erreferentziak izatea oso da garrantzitsua".

Ez dira gutxi izan finaleko azken bertsoan aipatu zuen amonen zapi gaineko gobaraz mintzatu zaizkionak. "Askotan ez da jakiten botatako mezuetatik zer geratuko den. Gobara da horren adibidea gaineratu du Lujanbiok. Jende pila batek galdetu dit hitz horren jatorriaz. Nire amona gobara (garbitzeko arropaz beteriko saskia) buruan zuela Hernaniko Leoka garbitegira joaten zen. Amari egin nion omen txikia izan zen, berari entzun bainion lehen aldiz. Eta berak, bere amari. Txapela buruan, emakumeei egin nahi izan nien gorazarrea izan zen. Pozik nago hitz horrek hartu duen oihartzunarengatik".

Jada, ia urtebete joan da final hartatik. Txapelketa osteko hilabeteak apur bat nekosoak izan ziren bertsolariarentzat, baina udaberrirako urak bere onera etorri zirenean, urteroko dinamikari heldu zion: bertsotan, plazaz plaza eta herriz herri.

Mattin eta Xalbadorren lekuan

Txapela buruan, ibili munduan

Hainbat lekutan bertsotan aritzeko parada izan du aurten Lujanbiok. Ez da kexu, oso gogoko baitu bidaiatzea: "Urte mugitua izan da, asko ibili naiz batera eta bestera". Martxoan Andoni Egañarekin batera Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) San Frantziskoko Euskal Etxearen 50. urteurrenean aritu zen bertsotan: "Hango bertsolariekin kantatu genuen. Duela mende erdia Mattin eta Xalbador aritu ziren inaugurazio ekitaldian han bertan bertsotan. Egun ederra eta pozgarria izan zen". Maia-tzean, berriz, Jon Maiarekin batera Belfasten (Ipar Irlanda) Bertso Dinner batean hartu zuen parte: "Bertso afari bat egin genuen han bizi diren euskaldunekin".

Ez da lehen aldia motxila hartu eta atzerrian barrena bertsotan aritu dela Lujanbio. Duela pare bat urte, Argentina, Uruguai eta Brasilen barrena payadoreekin batera saio jendetsuetan hartu zuen parte. Bihar, Euskararen Eguna ospa-tzeko programazioaren baitan, Donostiako Antzoki Zaharrean (20.00etan) ospatuko den emanaldian, Kubako repentistek, Uruguaiko payadoreek eta bertsolariek hiru inprobisazio mota eskainiko dituzte.

Orniturrinkus eta Ken Zazpi

Sorkuntza

Bertsoaz gain hainbat adar lan-tzen ditu Lujanbiok: idazketa, musika... "Bertsolaritza ez da bertsotan aritzea soilik. Egiten ditudan beste zenbait gauza letretatik abiatuta sortzen ditut, bertsoaren lehengai nagusia hitza baita. Bertsolariok hitzaldiak eta ikastaroak ematen aritzen gara, gidoiak idazten... Ahozkotasunaren inguruan beti. Hau da, euskarazko letrekin bueltan. Bertsotatik bakarrik ez baita inor bizi", zehaztu du.

Egonezin horren isla da Orniturrinkus proiektua. Hots, Judith Montero eta Xabier Erkiziarekin batera garatu duen egitasmoa. Hirurek kaleratu duten CD-liburuxka lau urteotan egindako lanaren emaitza da: ahotsarekin, zaratarekin, soinuarekin du zerikusia. "Nik bertsoari, bertso estrukturei, errimei, hotsei… buruz egin dut gogoeta esan du bertsolariak. Hamaika jolas egin ditugu musika esperimentalak eta bertsoak bat egiteraino. Gezurra badirudi ere, ez daude bata bestearengandik hain urrun".

Musikarekin jarraituz, Ken Zazpi taldearen Ortzemugak Begietan azken diskoko Eta azkenak hasera kantaren egilea da hernaniarra. "Bertsotan egiten dugunean doinu bati testua jartzen diogu. Baina ba-t-batekotik idatzira pasatzea, eta disko batean geratuko den letra bat izango dela jakinda, ez da lan makala. Beste batek eginiko doinu bat nireganatu behar izan dut. Halere, polita da norberaren letrak kantu bihurtu ondoren zer tamaina har-tzen duen ikustea".

Hitza eta musika uztartzen dituzten bi lanak esku-eskura egongo dira Durangon. Lujanbioren aburuz, Azoka bezalako ekimenak beharrezkoak dira, gure hizkun-tzaren eta kulturaren egoera ez baita oso ona. "Garai zailak bizi ditugu, testuinguruaren ikuspegitik batik bat: kultur industriak zailtasun asko ditu. Mila arazo ditugu. Ez guztiak kanpotik etorriak. Beraz, bada euskararen alde egotetik, euskaratik sortzera igarotzeko garaia".

Herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik ta euskaraz dio duela ia urtebete Lujanbiok BECeko finalean kantatu zuen azken bertsoaren amaierak. "Ari garen?", galdetu du txapeldunak. "Batzuk bai, eta beste batzuk, ez... Herri mailako erakunde eta antolakuntzetan jendea lan ugari egiten ari da. Goiko egitura eta estrukturetan, berriz, badago zereginik. Sendotasuna falta da. Instituzioen mailan, adibidez, euskara zerbait pasadizozkoa, pintoreskoa izatetik, oinarrira ekartzea falta da. Konplexuak galdu eta euskararen alde apustu ausartak egin behar ditugu. Hau da, beste hainbat hizkuntza, kultura eta errealitate kontuan hartuta, euskara ardatz edo abiapuntutzat hartu behar dugu", azpimarratu du bertsolari txapeldunak.