"ESATEN didatenean euskara beharbada galduko dela, nik beti esaten diet, nire ama eta zure ama hil egingo direla baina bizi den bitartean trata dezagun maitasunez, ahal den ongien, eta niregatik behintzat euskara ez da galduko, nik oso ondo tratatuko dut. Egin ezazu hori eta zabaldu hori, hil arte euskara pozik bizi dadila eta gu ere hortan ahalegin gaitezela. Amen".
Gotzon Garate (1934 - 2008) jesuita, idazle, irakasle eta euskaltzale elgoibartarrak Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasleei esandako esaldi horrekin amaitu zuen Elgoibarko herriak atzo Gotzoni eskainitako omenaldi berezia. Unibertsitatean gertatu zen bezala, udaletxeko areto nagusian bildutakoen txalo zaparradaren artean.
Udaleko Euskara sailak eta Elgoibarko Izarra kultur elkarteak Kutxaren eta Danobat enpresaren laguntzarekin, Gotzon Garateren heriotzaren bigarren urteurrenean elkarlanean prestatutako ekimena arrakastatsua suertatu zen.
Izan ere, goizeko 9.00etatik 19.00etara bitartean luzatu zen etengabeko irakurketan, adin guztietako 600 lagunek parte hartu zuten. Bakoitzak Gotzonek berak Atsotitzak proiektuan bildu zituen hamar euskal esaera zahar irakurri zituen; 6.000 guztira.
Katuak eta andriak sarri loxingatu behar esaldiaren irakurketarekin eman zion hasiera ekitaldiari Alfredo Etxeberriak, Elgoibarko alkateak. Hurrengo txandak ekimena aurrera eraman ahal izateko inplikatutako elkarte, enpresa eta erakundeen ordezkarientzat izan ziren eta hurrengoak herriko ikastetxeentzat, mota desberdinetako taldeentzat eta nahi izan zuten bizilagunentzat.
Amaiera familiarekin
Bibolinen doinuen artean
Gotzon Garate zenaren familiako kideek itxi zuten hamar orduz luzatu zen etengabeko irakurketa. Une horiek bereziak egiteko, Iosu Iriondok eta Amaia Gorrotxategik euren bibolinen doinuekin alaitu zuten jendez gainezka zegoen aretoaren giroa. Genaro Garate, Gotzonen anaietako batek Zer irizpide jarri, hala segittu eguneko azken esaldia irakurri zuen arte.
Atzokoan Elgoibarrek Garate ez duela ahazten erakutsi zuen; horrenbeste urtetan gauzatu zuen Atsotitsak esaera zaharren bildumari gaurkotasuna emanez.