Síguenos en redes sociales:

"Guztiaz hitz egin nahi nuen"

'Orbetarrak' trilogiaren hirugarren eta azken alea kaleratu du Joan Mari Irigoienek'Nor bere bidean' liburuan, Damaso eta Gabino anaien elkarrizketa epistolarra jaso du idazle altzatarrak

Donostia. Lur bat haratago (2000) argitaratu zuenean ikusi zuen argia Joan Mari Irigoienen ordura arteko lan luzeenak. Bere ingurukoek, tartean Xabier Mendiguren editoreak, "marka guztiak hautsi" zituela gogoratu zioten. Kostako zitzaiola hura baino liburu mardulagorik osatzea. Idazle altzatarra, baina, ez zegoen hain ziur. "Ez pentsa, luzeagoa denik ere etor daiteke", erantzun omen zien. Baita etorri ere: Orbetarrak trilogia.

Eleberri-sorta horren hirugarren eta azken alea aurkeztu zuen atzo Donostian Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948), Elkar etxearen eskutik. Nor bere bidean da trilogia amai-tzeko aukeratutako titulua eta Orbe sagako azken ordezkarien, Damaso eta Gabinoren, arteko erlazio epistolarra jasotzen du. Bestea da mundua (2008) eta Haragiaren gauak eta egunak (2009) liburuetan hasitako kontakizunaren azken puntua da.

"Lasaitasuna eta liberazioa". Horiek izan ziren autorearen lehen hitzak atzoko aurkezpenean. Izan ere, aitortu zuenez, "borroka etengabea eta luzea" izan da orbetarren leinuarekin eraiki duen erlazio literarioa. Lana hasi izanaz damutzerainoko arrangura sentitu izan du, aurrekoetan ez bezala. "Bizikletatik erori, besahezurra hautsi eta bi hilabeteko insomnioa izan nuen. Groggy bezala geratu nintzen denbora batean, nobela (bigarrena) bukatuko ez ote nuen beldur", gogoratu zuen.

Hiru aleak Baina kontatu nahiak, idatzi nahiak, trilogia gauzatzeko adina indar eman diote. "Guztiaz hitz egin nahi nuen", argitu zuen Irigoienek, hau da, "gauaz eta egunaz, itsasoaz eta lehorraz, arrakastaz eta porrotaz, lanaren munduaz eta aisiarenaz, gure kanpo itxuraz eta barne izateaz". Azaldu zuenez, hasieran trilogiaren bigarren alea zuen "buruan" (Haragiaren gauak eta egunak). "Baina gurasoak eta seme-alabak dantzan jarri nituenean, berehala ohartu nintzen gurasoek espazio berezi bat behar zutela", ohartu zen. Horrela jaio zen Bestea da mundua, orbetarren lehen geltokia.

Eta orain, hirugarren "ezinbesteko" zatia argitaratu du. "Bi anaia ariko ziren beren artean, hainbat gai aintzakotzat hartuz, bizitzaren zen-tzuari buruzkoak nagusiki, erlijioa eta politika ere tartean", gogoeta egin zuen. Hori baita, laburbilduz, Nor bere bidean. Damaso eta Gabinoren gutun bidezko elkarrizketa.

Lehena arrazionala eta eszeptikoa da; erlijioa eta aberria arbuiatzen ditu. Bigarrena, berriz, sentikorra eta ameslaria; bere kontraesan guztiekin sinesmena gorde eta Euskal Herria defendatzen du. Urteetako urruntze baten ondoren, gutun sail luzea idatziko dio Damasok anaiari, Burgoseko Epaiketaren garaitsuan, esan beharreko guztiak esan aurretik hil bazen ere. Gabinok eskutitz haiei erantzungo die hamabost bat urte geroago, Elorrietako komentutik, frantziskotarra baita. Eskutitzak testigu dituen erlazio horretan agertuko dituzte beren kezka eta buruhausteak, familiako kideen oroitzapenak eta norberaren bizikizunak.

Aurreko bi eleberriak ez bezala, "lehen pertsona" aukeratu zuen bi protagonistei ahotsa emateko. "Esperimentuak ongi funtzionatzen" zuela ikusita, idazkera epistolarrarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. "Zergatik ez hirugarren pertsonaren ikuspuntua aldatu, horretarako aukera banuen?", galdetu zuen.

Arbola Idazle altzatarrak balantze moduko bat egiteko probestu zuen aurkezpena eta zuhaitz batekin konparatu zuen Orbetarrak saila. "Lehenengo zatiak sustraiak osatuko lituzke; bigarrena, enborra li-tzateke; eta, hirugarrena, hostaila eta hostailaren itzala", argitu zuen.

Konparatzen hasita, Elorrietako komentuaren eta Arantzazuren arteko gertutasunik ere nabarmendu daiteke. Joxe Arregi teologo eta frantziskotar ohia aurkezpenean egon izana da horren lekuko. Erlijioaren eta giza harremanen ikuspuntutik aztertu zuen Arregik Nor bere bidean. Bere iritziz, Gabino eta Damaso "ziurtasunik gabe" bizi dira, "zalantzaren eta bilaketaren" eremuan. "Soziologoek azkenaldian asko azpimarratzen duten gauza da hori. Ziurtasunaren eremua murrizten ari da eta zalantzaren arloa handitzen. Eta hori ona da", gogoeta egin zuen.