"Erdi Aroko eskultura aberatsa daukagu erromes bideetan"
Ondare erromanikoaren arloan inguruko beste herrialde batzuekin alderatu ezin bada ere, Gipuzkoan zehar Done Jakuera zihoazen erromes bideetan Erdi Aroko ikonografia aberatsa sortu zela uste du Edorta Kortadi irakasle eta arte kritikariak
donostia. Oporretatik bueltan, Deustuko Unibertsitatean duen bulegoan lanean dihardu dagoeneko aditu donostiarrak.
Noizkoak dira Done Jakue bideari lotutako lehen arte adierazpenak Gipuzkoan?
Gaur arte iritsi diren aztarnei dagokienez, zaila da arte erromanikoa bezala ezagutzen dugun korronteko eraikin edo eskulturak topatzea. Ezagutzen ditugun adierazpenak XII. mendetik aurrerakoak dira, hain justu Erromanikoa gainditzen hasten den mendekoak. Hortik aurrera ia geldiunerik gabe garatu ziren adierazpen artistikoak: Gotikoa, Errenazimendua, Barrokoa... gaur arte.
Zergatik da hain eskasa Erdi Aroko aztarnen zerrenda?
Garai horretan Gipuzkoa Nafarroako Erresumaren baitan zegoen. Ez zeukan ez monastegi garran-tzitsurik, ez errege gorterik. Hori dela eta, garai hartako arte ondarea Nafarroarenarekin alderatzen badugu, maila horretako arte erromanikorik ez daukagula esan dezakegu. Aztarnak geratzen zaizkigu, leihoak, arkuak (Igeldoko San Pedro eliza), portadak (Idiazabalgo San Migel eliza), baina ez eraikin osorik. Ikonografiari dagokionez, baina, ondare aberatsagoa daukagu.
Zergatik geratu zaigu hain Erromaniko gutxi Gipuzkoan?
Industrializazioaren eraginez. Hori ez zen Araban eta Nafarroan gertatu. Hemen, Errenazimendu eta Barroko garaian eraikin erromaniko eta gotikoak desagertu egin ziren. Izan ere, populazioak gora egin zuen eta artisautzaren eta -gero- industriaren gremioak lanean hasi ziren. Lur gutxi zegoenez, garai bateko tenpluak bota eta toki berean eraikin berriak altxatu zituzten.
Zeintzuk egiten zituzten Erdi Aroko eskultura horiek?
Ez dakigu. Egin dezakegun bakarra hipotesiak ematea da. Badakigu Lizarra eta Toursen sormen gune batzuk zeudela. Nola iristen dira hona irudi horiek? Erromesek ekartzen dituzte? Haiek ekarritako estanpa edo irudietan oinarrituz, bertako artisauek eginak dira? Zaila da horri erantzutea, Gipuzkoan ez baitago XIV. mendearen aurreko dokumentaziorik. Estiloan oinarritutako hipotesiak egin ditzakegu eta, hortik abiatuz, Lizarra eta Tourseko guneen eragina nabari dezakegu. Baina ez daukagu autoreen edo jatorriaren berri.
Erdi Aroko irudi eskasia aipatu duzu, baina berririk agertzen ari al da?
Erdi Aroko irudiak agertzen ari dira eliza eta ermitetako sotoetan. Gotzaindegian gure aurretik lanean aritu zirenak hasi ziren irudi horiek berreskuratzen. Herri askotan aurkitu dira santu eta ama birjinak. Espresio gutxikoak dirudite, zurrunagoak, esku baldarrago batek eginak. Orain, baina, atzera begiratzea modan jarri den honetan, Erdi Aroa aztertzen ari da jende asko. Eta, pixkanaka-pixkanaka, irudiak berreskuratzen ari gara. Fenomeno hori Europa guztian ematen ari da. Musikarekin ere gauza bera gertatzen da.
Pintura lanik azpimarra daiteke?
Arlo horretan herrialde pobrea da Gipuzkoa. Ia gure egunetaraino, eskultura egiteko joera handiagoa izan da. Hori, adibidez, ez da Araban eta Nafarroan gertatzen. Halabaina, eskulturaren ikuspegitik aberatsa da herrialdea.
Errenazimenduan hasten da, beraz, gipuzkoar artearen aberastasuna?
Garai horretan Gipuzkoa aberasten hasi zen, indianoek Ameriketatik zuzenean ekarritako urre eta zilarrari esker.