Ion Izagirrek ondo merezitako omenaldia jaso zuen asteazken arratsaldez Ormaiztegiko bizilagunengandik, Frantziako Tourretik bueltan. Izan ere, txirrindulariak sekulakoa egin baitu aurten, uztailaren 13an Belleville-en-Beaujolaisen amaitu zen hamabigarren etapa irabazita. 

Harrera Ormaiztegiko udaletxean egin zioten 19.00etan hasita, eta txirrindulari gipuzkoarraren herrikide ugari elkartu ziren bertan. 

Nabarmentzekoa da Cofidiseko txirrindulariak Frantziako Tour bikaina burutu duela, eta jada maila handikoa zen palmaresari Tourreko etapa-garaipen berri hau gehitu diola aurten. Izagirre anaien arteko gazteenak garaipen bat lortua zuen jada 2016ko Frantziako Itzulian, eta horrenbestez, bigarren garaipena lortu du etapakako txirrindu-lasterketarik garrantzitsuenean.

Gainera, beste bi itzuli handietan irabazle izandakoa ere bada gipuzkoarra, Italiako Giroan etapa garaipena lortu baitzuen 2012an, bere lehen garaipen azpimarragarria –Asturiasko Itzulian lortutakoarekin batera–, eta Espainiako Vueltan 2020an nagusitu zen. Ibilbide oparo hori kontuan izanda, ez da batere harritzekoa gero, herritarrek horren omenaldia polita eskaintzea.