Gorka Sorrarain tolosarrarentzat egun handia izan zen igandekoa. BAI-Sicasal-Petro de Luanda taldeko txirrindulariak Espainiako Errepide txapelketan bosgarren postua lortu zuen, UCI World Tour mailako txirrindulari onenekin lehiatuz.

Pasa den asteburuan Madrilen jokatu ziren profesional mailako Espainiako errepideko eta erlojupeko txapelketak, eta Gorka Sorarrainek onenen mailan aritzea lortu zuen. Ostiraleko erlojupekoan Castroviejo irabazlearengandik ia lau minutura sartu zen helmugan eta 23.postua eskuratu zuen. Igandeko proban aldiz, ezustekoa eman eta bostgarren postuan helmugaratu zen Sorarrain, Oier Lazkano irabazlea iritsi eta 12 segundotara.

Orain arteko kirolari tolosarraren ibilbidea ez da txirrindulari profesional baten ibilbiderik ohikoena izan. Duela bi urte hasi zen txirrindularitza munduan Sorarrain, ordurarte TAKEko saskibaloi jokalaria izanda, pandemia garaian etxean bizikletan ibiltzen hasi ondoren, martxa zikloturistetan lehiatu zen lehenengoz talderik izan gabe. Segituan Baque taldearen deia jaso eta afizionatu mailako lehen lasterketak egin zituen emaitza bikainak lortuz. Profesional mailan hasi berritan, eliteko txirrindularien artean maila bikaina emateko gai dela erakutsi zuen Gorkak igandean.