Txinparta Filosofia, Euskal Herriko filosofiazaleen sarea, 2025eko martxoan aurkeztu zenetik, argi utzi du bere asmoa ez dela filosofia dorre batean giltzapetzea, baizik eta kalean, kulturan eta elkarrizketan biziaraztea. Ildo horretan, ikasturte honetan abiarazi dituen Elkar & hizketa filosofikoak topaketek helburu zehatza dute: filosofia beste jakintza-eremu batzuekin lotzea, espazio komun bat sortzeko, non pentsamendua ez den predikatu, baizik eta partekatu. Jaso eta eman, elkarrekin ikasi, eta elkarrekin zabaltzea da proposamena.

Ekimen horien barruan, otsailaren 5ean, ostegunez, 18.30ean, Teila Fabrikan egingo den bigarren topaketak arreta berezia merezi du. Zinea eta Filosofia izenburupean, zinea ez da soilik aztergai izango, baizik eta pentsatzeko eta eztabaidatzeko abiapuntu. Filosofiatik zinemara zubiak eraikitzea da asmoa, baina baita zinematik filosofiara ere: irudiek zer pentsarazten diguten, zer isilarazten duten eta zer aukera irekitzen dituzten elkarrekin hausnartzea.

Bidali zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.

Zinemaren eta filosofiaren arteko harremana errealitatearen ispilu bezalakoa da; mundua ikusteko moduak antolatzen ditu, denbora, gorputzak eta harremanak markatzen ditu, eta, horren bidez, pentsatzeko moduak ere bai. Filosofiak, bere aldetik, irudi horiek normaltzat hartzeari uko egiten dio: galderak egiten dizkie, testuinguruan kokatzen ditu eta haien ondorio etiko eta politikoak azaleratzen ditu. Bi diziplinen elkargunean, beraz, ez da soilik ikuspegia zabaltzen, baizik eta ulertzeko eta eraldatzeko aukerak sortzen dira. Horregatik da bereziki esanguratsua topaketa honetan ARO BERRIA filmaren inguruko solasaldia egotea adibide gisa hartuta, zuzenean bere zuzendariarekin, Irati Gorostidi Agirretxerekin. 2025eko amaieran estreinatutako film honek iragana, gaurkotasuna eta etorkizunaren ingururko hausnarketak egiten ditu, eta horixe da bere indargunea. Filosofiatik begiratuta, filmak galdera desberdinak egiten dizkigu. Adibide hori hartuta, gaurko errealiteatea, eraldaketa eta amets posibleen inguruan filosofatuko dugu.

Saioa Juan Gorostidik aurkeztuko du, eta haren gidaritzapean, elkarrizketa ez da adituen arteko solas teknikoa izango, baizik eta publikoari irekia, parte-hartzera gonbidatzen duena. Filosofiak hemen ez du epaile rola jokatzen, baizik eta bitartekariarena: ikusitakoa pentsatzeko tresnak eskaintzen ditu, eta zinemak, trukean, filosofiari lurra, gorputza eta irudia ematen dizkio. Elkarrizketa horretan, denok gara beharrezko.

Horregatik, gonbidapena argia egiten dizuegu: etorri, ikusi, entzun eta pentsatu elkarrekin. Zinema askotan bakarka kontsumitzen dugun esperientzia bada ere, filosofia aitzakia bikaina da hori kolektibo bihurtzeko, irudiek pizten dizkiguten galderak partekatzeko eta, agian, mundua beste modu batean ulertzen hasteko. Teila Fabrikan, otsailaren 5ean, aukera paregabea izango da zinearen inguruan gogoeta filosofikoa elkarrekin egiteko. Ez dadila pantaila itzali galderarik egin gabe.