Ez da luxua, beharra daIker Azurmendi
Ez da luxua, beharra da Pertsona ostomizatua naiz. Ostomizatutako pazientea ostomia operazioa jasan duena da. Operazioan zulo bat egiten da abdomenean eta digestio- edo gernu- hodia kanpora ateratzen da. Honela, hondakinak kanpoan izaten dugun poltsa batera igarotzen dira. Alegia, oinarrizko beharrak diren kaka eta pixa horrela egiten ditugu ostomizatuok.
Duela gutxi operatu ninduten ni, baina nahikoa denbora pasa da, behar hau identifikatzeko: egokitutako komun publikoak behar ditugu. Gaur egun, komun publiko gehienak ez daude mugikortasun urria duten pertsonentzako egokituak. Oinarrizkoa izaten da espazio berean konketa izatea, eta askok, hori ere ez dute.
Egoera are okerragoa da pertsona ostomizatuontzat, aipatutako poltsa garbitzeko, aldatzeko edo oinarrizko zaintzak egiteko, konketaz haragoko baliabideak edo egoktizapenak behar baititugu. Egungo gabezia horrek asko zailtzen du ostomia daramagunon egunerokoa, gure oinarrizko behar horiek ezin izaten baititugu modu seguru, higieniko eta duinean egin. Eta, ondorioz, ondoeza eta deserosotasuna sentitzeaz gain, gure osasuna arriskuan jartzen da komun publikoak erabiltzen ditugun aldiro. Eta hau ez zaigu gertatzen soilik kalean, osasun zentroetan ere gerta-tzen zaigu.
Bidal ezazu zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.
Donostian, esaterako, anbulatorioek edo Donostiako Unibertsitate Ospitaleak ez dute egokitutako komunik. Are, ostomizatuen kasuak tratatzeko espezializatuta dagoen eremuan ere ez dago egokitutako komunik. Jakitun gara bat egokitzeko prozesuan daudela, baina bakarra, eta ez da nahikoa. Gustatuko litzaiguke prozesu hori modu jarraituan gertatzea eta espazio publikoetako komunak egokitzen joatea. Eskari hau ez baita luxu bat, eskubide bat baizik: irisgarritasun eta inklusio kontua. Herritarrekin benetan errespetuzko jarrera izateko, oinarrizko baldintza duinak bermatzea funtsezkoa da, eta baliabideak horretara bideratzea. Ostomiarekin bizitzea eguneroko erronka da guretzat, eta instalazio egokirik ez izateak merezi gabeko zama eransten eta gure autonomia mugatzen du. Gehiago zamatu baino, erakunde publikoak pisua arintzen lagundu beharko ligukete. Horrela izango delakoan, hemendik gure eskaria: ikusezinak diren beharrak ere kontuan izan, eta komun publikoak guztion beharretara egokitu. Eduki dezatela konketa, gorputz osoa ikusteko moduko ispilua, eta izan daitezela guztiz irisgarriak.