Lehenik eta behin, gure doluminak helarazi nahi dizkiegu atzo hildako emakumearen senide eta lagunei.
Gaintxurizketako biztanleak kokoteraino gaude administrazio eta arduradunen utzikeriarekin. Auzoan bizi garenak kotxea hartzera derrigortuta gaude, gure helmugara era seguru batean iritsi nahi badugu. Jakina da inguruko errepideetan oinezkoentzako azpiegiturarik ez dagoela: ez espaloi, ez zebrabide, ez bidegorri ez semaforo… Baina GI-636 honetan arriskua areagotu egiten da.
Gure etxebizitzetatik garraio publikora edo beste edonora joateko, bizitzak arriskuan jarri behar ditugu, elkarren ondoan dauden hiru errepide gurutzatu behar baititugu inolako segurtasunik gabe. Eta ez dira edonolako errepideak, ez, abiada bizian doan kotxe eta kamioi andana pasatzen da hemendik.
Maiz gertatzen dira ibilgailuen arteko talka eta istripuak, baina oinezkoak gara zaurgarrienak, atzoko istripuan bezala, bizitza galtzen baitugu. Gehiegi dira errepide honek eramandakoak, zenbat gehiago beharko dira arduradunek konponbidea jarri dezaten? Nahikoa da!
Gipuzkoako Foru Aldundiari, Euskotreni, ADIFi eta dagokien arduradunei benetako irtenbideak jar ditzaten eskatzen diegu! Bizitza bat gehiago ere ez!
Bidal ezazu zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.