Herria, nazioa eta gizartea ez dira gauza bera.

Hizkuntza, kultura, historia, ohiturak… partekatzen dituen herritarren multzoa litzateke herria.

Herri horren antolamendu politikoa, edo politikoki antolatzeko proiektua partekatzen dutenen erkidegoa izan daiteke nazioa.

Gizartea, zuzenean edo zeharka lur eremu jakin batean elkarreragin iraunkorrean diharduen gizabanakoen multzoa, normalean egitura politiko jakin baten menpe, baina herri edo nazio ezberdinak bil ditzakeena bere baitan. Euskal Herriko gizarteak, edo gizarteek (egun nekez esan dezakegu mugaz bi aldeetako gizataldeek gizarte bakar bat osatzen dutela), adibidez, nazio ezberdinak biltzen dituzte bere baitan: euskal nazioa, espainiarra eta frantsesa, gutxienez.

“Euskal Herria” adiera, abertzaletasuna sortu baino mendeak lehenagokoa da, eta kultur ezaugarri jakinak gutxi-asko partekatzen dituen lurralde jakin bati egiten dio men, muga politiko-administratiboak zein ziren edo diren ere. 1571koa da Euskal Herria adieraren gorde den lehen testigantza idatzia, Joanes Leizarraga idazle lapurtarraren eskutik.

Axularrek euskara Euskal Herriaren eremu osoan kokatu bazuen, Larramendik argi eta garbi lotzen ditu euskara eta euskalduna, euskara eta Euskal Herria, beraz, ematen du ez dugula ezer asmatu XX. mendetik aurrerako abertzale kuitaduok, askoz lehenagotik zetorrela bien arteko loturaren ideia. Horrenbestez, guztiz zuzena dirudi Euskal Herriari “euskararen herria” deitzea, nire uste apalean, Euskal Herrian hainbat hizkuntza hitzegiten badira ere. Beti izan baita horrela, guk dakigun arte (inguruko herrialdeetan bezalaxe, esan gabe doa), euskaraz gain, latina, erromantzeak, gaskoiera, gaztelera eta frantsesa gero… hedapen handiko hizkuntzak izan dira Euskal Herrian, okupazio militarra tarteko gehienetan. Baina oraintsura arte, beste hizkuntza horiek etorri bezala gerora desagertu diren bitartean, Euskal Herrian euskara beti hitz eginda, gero eta eremu txikiagoan bada ere, gaurdaino.

Euskara da Euskal Herriko jatorrizko eta berezko hizkuntza, ez abertzaleok hori erabaki dugulako, mendeak eta mendeak aurretik ere, dakigun arte horrela izan delako baizik.

Espainiera eta frantsesa Euskal Herriko hizkuntzak dira? Eta Euskal Herriko hizkuntzak badira, zergatik inposatu dizkigute armen, legeen, erbesteratze masiboen eta okupazio bitartez?

Espainiak, Frantziak eta euren sukurtsal eta ordezkariek euskara ordezkatzeko erabiltzen dituzten gaztelera eta frantsesa… “gureak” dira?

Gutako askoren gurasoek, aitonamonek eta horien aurrekoek bortxaz, zigorpean, seinalatuta eta jazarrita ikasi behar izan zituzten Estatu zapaltzaileen hizkuntzak “gureak” dira?

Oso guretasun bitxia iruditzen zait. Ez da izango menpekotasunari “irekitasun” eta “pluraltasun” deitzen hasi zaizkiola gure arteko batzuk ere?

Bidali zure gutuna! 

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.