Aurreko astean Bergarako Olaso Dorrean izan nintzen, sinboloez jabetzearen gaineko hitzaldi batean.

Sinboloen atzean kontakizun bat dago, eta bistan da: bistan dauzkagun sinboloek armarri, bandera, monolito, kale-izen , inperioari komeni zaion kontakizuna konta-tzen dute.

Herri zapalduen kontakizunik ez zaio komeni inperioari: bere zimentuak arrakalatzen ditu. Herri zapalduak berriz, ezinbesteko du bere kontakizun propioa, duintasunez aurrera egingo badu. Dekolonizatu beharra dauka.

Non ginen euskaldunok, konkista prozesuan? Inperioarekin, ala Herri erresistente? Bada, bietan. Nafarroatik konkistaz erauziak izan ondoren, euskaldun askok hartu zuen parte Espainiaren proiektu inperialean. Amerikan batzuk, eta Nafarroan bertan, bestek. Nafarroaren baitan berriz, konkistatzaileekin beaumondarrak, eta erresistentzian agramondarrak.

Guk ez, baina inperioko Herri zapaldu gehienek berreskuratu dute independentzia, eta beren bidea eta kontakizuna egiten ari dira. Gurera etortzean, min ematen die inperioaren sinboloek, Iralarenak kasu. Garbi daukate konkistaren afera. Eta guk? Badakigu Belateko kainoiek edo eta San Martzialeko ospakizunak, min egiten dietela Nafarroa Garaikoei? Badakigu konkistatuak izan garela? Bagabiltza gure kontakizuna eraikitzen?

Zorionez, argi printza batzuk badira Antzuolan armarria, Arrasaten kalea eta Oñatin bandera, emandako eraldaketetan, esaterako.

Amerikako konkistak eragindako minak leuntzen ere gure ekarpena egin behar dugu, beti ere geure kontakizun propioaren baitan. Euskaldun askok bai, baina euskaldunok hartu al genuen parte? Gure estatuaren proiektua al zen? Gu, Espainia al ginen (gara) ba? Ala, Espainiak (eta Frantziak) menpean hartuta gaude?

Horrela gaude. Asko daukagu ikasteko geurekotu diren ahaldundutako amerikarrengandik. Jabetuko al gara, kontakizun propioaren beharraz!

Bidali zure gutuna! 

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.