Mapan ikus daitekeen bezala, Errusiaren zati handi bat Europan dago. Europako zatiaren azalera 4 milioi km2takoa da eta Europa osoarena 10 milioikoa. Beraz, Errusiaren lurra Europaren %40 da, erditsua. Hain handia izanik –eta boteretsua bestalde–, nola liteke hain ezezaguna izatea? Egin dezagun memoria ariketatxo bat eta saia gaitezen gogoratzen aspaldiko urteetan zenbat aldiz ikusi ditugun Moskuko kaleak telebistan eta egunkarietan, zenbat film errusiar zine aretoetan, zenbat aldiz Errusiako hauteskundeen inguruko hausnarketak, zenbat talde folkloriko gure antzokietan beren edertasunaz gozatzeko, zenbat erreportaje idazle, margolari, eskultore eta gainerako artista errusiarren lanak erakutsiz, zenbat dokumental hango monumentu izugarriak ezagutaraziz... Herritar gehienok ez dakigu deus errusiarren bizimoduaz, kulturaz edota ohiturez. Hainbeste aldiz ikusi dugun ilargia hobeki ezagutzen dugula esanen nuke. Mapan ikusita dakigu Errusia Europan dagoela. Hortik aurrera, deus gutxi. Eta ezagutzen ez dugunarekin ezin dugu enpatizatu, ezezaguna ezin dugu maitatu. 

Baina gauza batzuk oso ongi dakizkigu. Adibidez, II. Mundu Gerra Errusiari –“Armada Gorriari” zehazki esanda– esker irabazi zela. Errusiarrak –sobietarrak nahi bada– iritsi ziren lehenik Berlinera eta beraiek izan ziren Hitlerren azken defentsak hautsi zituztenak. 26 milioi eta erdi errusiarrek galdu zuten bizia garaipena lortu aurretik. Bere populazioaren %14 ia; ariora, 340.000 euskal herritar. Eta II. Mundu Gerra amaitzeko ez zuten bonba atomikorik bota, errusiarrek beren odola eskaini ziguten. Ez al gaude zorretan beraiekin?

Bada ongi dakigun beste gauza bat ere. Duela bi urte arte, Europak petrolioa eta gasa Errusiari erosten zion, prezio onean gainera. Honek ahalbidetu zuen Europako mendebaldearen ekonomia oso lehiakorra izatea eta europar gehienok, oro har, bizi maila txukuna izatea. Zigorrak ezarri eta gero, zer dugu orain? Bizi-maila jaitsi egin zaigu eta lehen lagundu egiten zigun Errusia orain inoiz baino urrunago. Azken bi hamarkadetan Errusiak interes handia izan du Europako gainerako Estatuekin harreman onak izateko. Baina behin eta berriz ukatu diogu lankidetzarako aukera. Zergatik? Hori da egunen batean argitu beharko digutena, errusiarrak gu bezain europarrak baitira.

Bidal ezazu zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.